Zapalkuntzatik askatasunera – 2.4. PUBLIKOA DEN PRIBATUA

“Menderatutako herriei bahitua diete beren publikotasuna”.

Gaia konplexua dela eta, munduan asko idatzi izan da publiko eta pribatuaren arteko bereizketaz. Bakoitzaren definizio azkar bat ematearren, pribatua partikularra dela esan daiteke, beste inorena ez dena; publikoa, berriz, orokortasunarekin, guztientzat denarekin lotzen da. Definizio horri jarraituz, orokortasunaz edo guztiaz mintzatzen garenez, erreferentzia zein guzti-ri egiten zaion da gakoa. Kontzeptu horiek, beraz, erreferentzia herri bati egiten diote, osoari edo zati bati.

Horregatik, gure herrian dugun egoeran, hau da, burujabetzarik gabeko egoeran, nahasia izan ohi da kontzeptu horien erabilera, eta, sarri, “publiko” deritzona ez da publikoa, eta “pribatu” deritzona ere ez da pribatua.

Erreferentzia moduan hartzen den herria kontuan hartzen ez bada, publiko eta pribatu kontzeptuek gaizki-ulertu askotara eraman gaitzakete.

Horrela, gure herrian, makina bat egitasmo abiatu dira itxuraz modu “pribatuan”. Baina, “pribatu” izaera hori geure gain ditugun sistema arrotzen barruan juridikoki hartu behar izan duten forma izanik, gure herriarekiko, herritik eta herriarentzat sortutako egitasmoak izanik, egitasmo publikoak izan dira.

Horren adibide ugari ditugu, eta esanguratsuena, ziurrenik, ikastolen adibidea da. Herriaren bihotzetik eta herriaren izerdiz egindako antolakuntza hori guztiz publikoa zen erreferentziatzat Euskal Herria hartzen badugu. Besteen sisteman momentuan momentuko forma juridikoa hartu beharragatik ere, gure herri osoarenak ziren. Ikastolak ez ziren hezkuntza pribatua: euskal hezkuntza sistema ziren.

Gauza bera gertatzen da bestelako adibideekin ere: hizkuntzaren aldeko mugimenduak, hainbat irrati, telebista, egunkari eta abar izan dira gure artean, hartzen den erreferentziaren arabera “pribatu” edo “publiko” kontsidera daitezkeenak.

Kontzeptu horien erabileran, beraz, muina hauxe da: zer herri hartzen dugun erreferentziatzat.

 

Print Friendly, PDF & Email
gureberriak
About gureberriak 383 Articles
Gure Berriak Euskal Herriaren independentziaren aldeko komunikabide bat duzue: herri gisa autoestimua indartu eta sendotzen laguntzeko tresna izan nahi duen komunikabidea; egunerokoan jasaten dugun kutsadura ideologikoaren aurkako sendagaia. Menpekotasunean dirauen herri baten seme-alabak gara, eta egoera horrek ezinbestean eragina du bizitzako arlo guztietan. Munduko beste edozein herriren antzera, eguneroko berriak ikuspegi propio batetik lantzea ezinbestekotzat daukagu. Guztiok politikarekin ezinbestean dugun lotura kontuan hartuz eta askatasun egarriak bultzatuta, webgunean topatuko duzuen material oro independentziarantz zuzendutako begiradapean jorratzea dugu helburu. .