Guztiok omen gara Handia

Alexander kazetari armeniar bat da eta egunotan gure artean dabil, Euskal Herriak Espainiarekin dituen harremanak ikertzen. Kaleko giroa ezagutu nahi, eta guztien ahotan dabilen albiste batekin topo egin du: Handia euskal filmak hamar Goya sari irabazi omen dituela. Jendea pozik dago; ospatzen ari da. Eta galdezka hasi da:

  • Aizu, axolarik ez badizu, esango al zenidake zer den telebista eta irrati guztietan etengabe horrenbesteko zalaparta sortzen ari den Goya sari banaketa hori?
  • Bai, noski; Espainiako Zinema Akademiak urtero banatzen dituen saririk preziatuenak dira Goya sariak.
  • Hollywoodeko Oscar sarien pareko?
  • Bai, hori da.
  • Barkatu, baina ez dut ulertzen: zuek ez al duzue Espainiarengandik independentzia lortu nahi?
  • Bai.
  • Askatasuna ukatzen dizue, ezta?
  • Bai, egia da.
  • Hala ere, haiek banatutako sariak irabazteko lehiaketan parte hartzen duzue?
  • Beno, bai.
  • Eta, irabaziz gero, ospatu egiten dituzue?
  • Gero eta gehiago irabazten ditugu eta…
  • Ez al zaizue iruditzen beraiekiko lotura gero eta estuagoa izan dadin ematen dizkizuetela sari horiek? Beraiekin batasun sentimendua gero eta sakonagoa izan dadin? Zergatik ez duzue Euskal Herriko Zinema Akademia sortzen?
  • Baina badugu bat: Espainiakoa; hark banatutako sariak gureak bezala sentitzen ditugu.
  • Aizu, eta kiroletan ere berdin jokatzen duzue?
  • Bai; badira Espainiako selekzioetan jokatzen duten euskal kirolariak. Ohore bat da, helbururik gorena.
  • Eta Goya sariak bezala txalotzen dituzue Espainiako selekzioen garaipenak?
  • Bai, noski; gure jokalariek bertan jokatzen dute.
  • Gazte denboran ere izan nintzen hemen, eta Espainiako selekzioen porrotak txalotzen ziren, ez hala garaipenak.
  • Baina horiek aspaldiko kontuak dira. Orain, elkarbizitza da sentimendu nagusia.
  • Ez al duzue euskal selekziorik?
  • Bai, baina Espainiak debekatu egiten digu norgehiagoka ofizialetan parten hartzea; lagunartekoak soilik joka ditzakegu.
  • Ez al zaizue iruditzen, noizbait selekzio propioak izateko, Espainiako selekzioetan parte hartzeari uko egitea izan daitekeela horren hasiera?
  • Agian… Beno, aizu, barkaidazu, hausnartuko dut zuk esandako guztia, baina presaka nabil, Pedro Subijanak eta Miguel Martinek jaso berri dituzte-eta, Malagan, Espainiako Ministroen Kontseiluak erabakitako Arte Ederretako urrezko dominak. Uste dut orain eskainiko duela EITBk ekitaldiaren grabazioa. Gainera, Espainiako erregeak eman omen zizkien dominak.

Mikel Antza Etxegoien

Print Friendly, PDF & Email
gureberriak
About gureberriak 383 Articles
Gure Berriak Euskal Herriaren independentziaren aldeko komunikabide bat duzue: herri gisa autoestimua indartu eta sendotzen laguntzeko tresna izan nahi duen komunikabidea; egunerokoan jasaten dugun kutsadura ideologikoaren aurkako sendagaia. Menpekotasunean dirauen herri baten seme-alabak gara, eta egoera horrek ezinbestean eragina du bizitzako arlo guztietan. Munduko beste edozein herriren antzera, eguneroko berriak ikuspegi propio batetik lantzea ezinbestekotzat daukagu. Guztiok politikarekin ezinbestean dugun lotura kontuan hartuz eta askatasun egarriak bultzatuta, webgunean topatuko duzuen material oro independentziarantz zuzendutako begiradapean jorratzea dugu helburu. .