Politikako lehen irakaspena

Politikako lehen irakaspena,
Gratien Adema ‘Zaldubi’-k bertsotan emanik

Politikan, indarrak agintzen du, ez arrazoiak. Ez etorri arrazoia zuk duzula eta hau eta bestea. Arrazoia izatea ongi dago, noski; baina, politika kontuetan, arrazoia ez da nahikoa, beharrezkoa ere ez askotan (gehienetan?). Galdetu, bestela, Ameriketako indigenei, Australiakoei aborigenei… eta Europakoei, erran nahi baita, euskaldunoi. Kontua bestela balitz, euskaldunok aspalditik ginateke libre; bestela balitz, euskara sendo eta bizi-bizi legoke, ez oraingo kinkan; bestela balitz, oraingo Camino de Andalucía, Cabezuelo, Pico del Loro, La Reineta eta abar eta abar betiko Landaluzea, Karobizulo, Loretopea, Larreineta eta abar eta abar lirateke… Baina isildu gaitezen –bestela, ez genuke azkenik–, eta eman diezaiogun hitza Zaldubiri (Senpere, 1828 – Baiona, 1907), guk baino hobeki azalduko baitu politikako oinarri-oinarrizko kontu hori.

Bildotxa eta otsoa

Gratien Adema

                      1

Primadera goiz batez, xirripa batera
Ama gabe, bildotxa gan zen edatera,
Hantxet ari zelarik xurga xurga bera,
Oihanetik otsoa zitzaion atera.

 

                      2

Otsoak, goraxago urean sarturik:
“Ur hau, erraten dio, zikhintzen dautak hik”.
Bildotxak errepusta: “Jauna, nik nihundik
Hemendik ez dezaket zikhin zure urik”.

 

                      3

“Ixil hadi, kixkila, jaz ari baihintzen
Ene fama onaren nun-nahi funditzen”.
—Jaz ni oraino, jauna, sortzeko nintzen,
Amaren ttittirat naiz oraino ibiltzen.

 

                      4

—”Hire anaia zuan, hi ez balin bahaiz”.
—Ez dut nik anaiarik, ume bakharra naiz.
—”Hots! zuetarik norbeit entzun diat nik maiz,
Nitaz bazerasala zer nahi elhe gaitz”.

 

                      5

Hortan zen bildotxari oldartua otsoa,
Eta bi klaskaz zuen iretsi gaixoa.
Azkarrak duenean partida flakoa,
Hauzia zoinena den erran gabe doa.

 

                      6

Otsoak bildotxari egin zioena,
Jainkorikan ez balitz, nork liro kondena!
Jainko legetik kanpo zertan da zuzena?
Galde zazu indarrez zoin den nausi dena.

Print Friendly, PDF & Email
gureberriak
About gureberriak 383 Articles
Gure Berriak Euskal Herriaren independentziaren aldeko komunikabide bat duzue: herri gisa autoestimua indartu eta sendotzen laguntzeko tresna izan nahi duen komunikabidea; egunerokoan jasaten dugun kutsadura ideologikoaren aurkako sendagaia. Menpekotasunean dirauen herri baten seme-alabak gara, eta egoera horrek ezinbestean eragina du bizitzako arlo guztietan. Munduko beste edozein herriren antzera, eguneroko berriak ikuspegi propio batetik lantzea ezinbestekotzat daukagu. Guztiok politikarekin ezinbestean dugun lotura kontuan hartuz eta askatasun egarriak bultzatuta, webgunean topatuko duzuen material oro independentziarantz zuzendutako begiradapean jorratzea dugu helburu. .