Zapalkuntzaren normalizazioaz. Okupazioaz

Arrunta den hori ontzat ematen dugu maiz, egunerokoan bizitako egoeratara ohitu egin gara, hauek onartuz, jarrera askori erreparatu gabe eta hauek automatikoki erreproduzituz.

Gainera, ohitura zein jarrera horiek guztiak gure gizarteko lege moral, sozial zein juridikoek sostengatuak dira. Normalizazioa bera arazo bat dela ikusi dut azkenaldian, izan ere, gure inguruko egoera jasangaitz asko “normaltzat” hartu izan ditugu, hauek arruntak ez direnean, ez behintzat Euskal Herritik at. Askotan zaila dugu gure errealitatetik kanpo begiratzea, kanpoan denaz jabetu gabe.

Euskal Herriko hiriburukoa naiz, Iruñekoa. Urtebete baino gehiago daramat etxetik kanpo, Bartzelonan bizitzen, unibertsitatea dela eta. Iruñean ikusitakoa normaltzat neukan, hona heldu nintzen arte. Etxetik 500 kilometrotara besterik ez naiz urrundu eta, hala ere, hamaika gauzak deitu dute nire arreta.

Zehazten hasiko naiz.

Egoera sozio-politikoaz ari naiz, jendearen pentsamoldeaz. Zuzenbideko ikaslea naiz eta klasean irakasleek aukeratutako adibide anitz, ia denak ez esateagatik, Euskal Herrikoak dira: torturak, Parot doktrina, dispertsioa, behin-behineko kartzelaldiak, inkomunikazioa, komunikabideen ilegalizazioak, kontainer batzuengatik 9 urteko espetxealdiak, neurriz kanpoko erabakiak…

Nire klasekideen aurpegiak deskribaezinak ziren horrelako kontakizunen aurrean, batek baino gehiagok ez zuen sinesten edo aspaldiko gauzak zirela argudiatzen zuen. Noizbehinka nik ere klasean parte hartu eta halakoez mintzo nintzen. Klasea bukatuta asko ziren galderak egiteko asmoz nigana hurbiltzen zirenak, halako egoerak nolatan bizi izan ditugun ulertu gabe.

Aurten egoera aldatu egin da, erreferenduma izan da eguneroko gai eta Estatuak errepresioa abiarazi du Kataluniaren aurka. Ez dut gezurrik esanen, oso polita da hau gertutik bizitzeko aukera izatea, herri oso bat ilusioz beterik ikustea.

Herri honen antolatzeko gaitasunak zeharo harritu egin nau: egunero badago deialdiren bat Estatuaren zapalkuntzari aurre egiteko, zerbait gertatu eta ordu eskasetara milaka pertsona elkartu egiten dira erantzuna emateko xedez. Hau izan da gure egunerokotasuna, herritarrak egunero atera dira kalera, antolatu dira, denek bat eginez, denak norabide berean.

Ikaragarrizko asanbladak ere ikusi izan ditut, non auzo bakoitzeko 200-300 bat pertsona biltzen ziren. Antolakuntza ikaragarria egon da prozesu honen guztiaren atzean, ilusio handiz eginiko lan txukunaz gain, herritarrak mobilizatzeko ere gai izan dena.

Ez naiz lerro hauek idazten ari Kataluniako herria miresten dudala esateko, baizik eta bestelako hau ikusarazteko: espainiar Estatuko legaltasun eta, batez ere, batasuna (inperio espainoleko oinarri nagusiena, 78 erregimena ardatz) kolokan jarri duen prozesu honen aurrean Estatuak abiarazitako errepresioak ez du zerikusirik Euskal Herrian egunerokoan bizi dugunarekin.

Iturrama BHI institutuan jaso nuen hezkuntza, eta lehenbiziko urtean gogoan dut jostaldi garaian polizia nazionala zetorrela gurera eta kargak zeudela. Irakasleek hesietatik urrundu behar gintuzten eta guk ez genituen istilu horiek ulertzen, kontzientzia politikoa garatu genuen arte. Hemengo manifestazioetan (orain ikasle grebak datozkit burura) kontainerrak erre, autopistak moztu, polizien aurka margo-bolak jaurti eta antzeko ekintza mordoa ikusi dut, eta inoiz ez da egon istilurik. Poliziak ez zuen erantzunik ematen halako ekintzen aurrean, eta dena lasaitasunez igarotzen zen.

Hau ulergaitza zen hasieran niretzat, izan ere, Iruñean, institutu aurreko errepidea mozteagatik 2 furgona zetozen segituan, aurretik bertan ez bazeuden. Urriaren 1ean ez nuen Bartzelonako nire auzoan ia poliziarik ikusi, Iruñeko kaleetan, edozein egunean, askoz gehiago ikustera ohitu naiz, eta horrek arreta eman dit.

Honen guztiaren aurrean ondorio bakarra atera dezaket: Euskal Herria okupatuta dago.

Egunerokoan errepresioa bizitzearekin ohitu gara, hemen (Katalunian) pentsaezinak diren jarrerak bizi izan ditugu, eta jada ez dugu haien aurrean erreakziorik. Bai, normalizatu egin ditugu zapalkuntza era horiek denak, normalizatu egin dugu “normala” ez den egoera. Baina, okerrena: ohitu eta egokitu gatzaizkio. Jendea nekatu da eta kaleari uko egin dio.

Hemen “fora, fora, fora la bandera espanyola”, “fora les forces d’ocupació” edota “no volem ser una regió de Espanya, no volem ser un país ocupat” oihuak manifestazio eta mobilizazio guztietan entzun ditut. Katalana normaltasunez erabiltzen da, kanpotarrok ere katalanez mintzo gara. Euskal Herriko txoko anitzetan, ordea, euskaldunok (eta are okerrago, abertzaleok) ez gara gai euskaraz egiteko.

Bai, egoera ezberdina da erabat.

Katalanek haien burua okupatutzat ikusten dute, polizia nazionalari zein guardia zibilari indar okupatzaile deitzeko inongo arazorik ez daukate. Euskal Herrian ez dut oraindik horrelako oihurik entzuteko aukerarik izan, are gehiago, ez dut “okupazio” hitza inoiz zentzu horretan entzun. Zapalkuntza normalizatuta daukan herria dugu gurea, Estatuak kolonizatu eta okupatuta gauzkala ikusteko inongo ahalmenik ez dugun artean.

Agian horregatik doa kataluniar herria gure aurretik autodeterminazio kontutan. Agian begiak zabaltzeaz gain, gure ikusmira zabaldu eta egoerari aski esan beharko diogu, behingoz, Altsasu gehiago bizi behar ez ditzagun gurean.

 

Ainara Ainzua.

Jatorrizko testua:

Zapalkuntzaren normalizazioaz. Okupazioaz

 

Print Friendly, PDF & Email
gureberriak
About gureberriak 383 Articles
Gure Berriak Euskal Herriaren independentziaren aldeko komunikabide bat duzue: herri gisa autoestimua indartu eta sendotzen laguntzeko tresna izan nahi duen komunikabidea; egunerokoan jasaten dugun kutsadura ideologikoaren aurkako sendagaia. Menpekotasunean dirauen herri baten seme-alabak gara, eta egoera horrek ezinbestean eragina du bizitzako arlo guztietan. Munduko beste edozein herriren antzera, eguneroko berriak ikuspegi propio batetik lantzea ezinbestekotzat daukagu. Guztiok politikarekin ezinbestean dugun lotura kontuan hartuz eta askatasun egarriak bultzatuta, webgunean topatuko duzuen material oro independentziarantz zuzendutako begiradapean jorratzea dugu helburu. .