Zapalkuntzatik askatasunera – 4.1. ESTATUA

4. atala:

Iparrorratza:

zer behar dugu?

Bakoitzak beraz,
bere sailean, ezar ditzala harriak.
Elkarren lanak
ongi uztartuz
altxatzen dira etxeak.

Daniel Landart

Dana emon behar jako
maite dan askatasunari

Lauaxeta

Bide luzea egin du herri honek gaurdaino bizirik iristeko. Gure bizitza froga nahikoa da bide luze horretan hainbat urratsetan asmatu dela pentsatzeko. Erresistentziari esker nola edo hala bizirik mantendu dugu barne sua, baina ez gaude osasuntsu. Eta munduko kasu ugarik erakusten du politikan erresistitu baino zerbait gehiago egin beharra dagoela: subjektu politiko izan beharrean, objektu politiko moduan gabiltza, gure txaluparen lema askatuta urak nora eramango gaituen esperoan. Lema hartu eta noranzkoa finkatzeko ordua da… Independentzia, estatua dugu ipar, eta noranzko horretan jarriko gaituzten iparrorratzak: estrategia eta taktikak. Horiek lantzen dira atal honetan.

“But to understand the reproduction of inequality on a societal level, the claim is made, we need to understand institutions, organizations, and systems…” (Baina gizartean dauden desberdintasunak zergatik berritzen diren ulertzeko –bistan da–, erakundeak, antolakundeak eta sistemak ulertu behar ditugu).

Michael Schwalbe

 

Gobernua, lurraldea eta herria: horra hor estatuen hiru zutabeak. Estatuak, indarrean dagoenean, hiru osagai horiek izaten ditu: lurraldea, herria eta azken horrek aukeratu eta kontrolatzen duen gobernua. Estatuak, hiru osagai horiek egokiro uztartzeko gaitasuna duela erakusten duenean, nazioarteko onarpena lortzen du. Berriki ikusi dugu, horren adibide gisa, nola Suediak eta ondoren beste estatu batzuek onartu dioten Palestinari bere estatu izaera.

Garai bateko gure estatua Nafarroako Erresuma zen. Gainontzeko erresumetan bezala, herria, lurraldea eta gobernua ziren gure estatuaren elementuak.

Gerra baten bitartez bahitu ziguten Nafarroako estatua. Gobernua suntsitu eta ordezkatu, herriaren zati handi bat hil, beste zati bat erbesteratu, eta kolonizazioa jarri zuten martxan. Lurraldea bi estaturen artean zatitu ziguten. Anai-arreben arteko eta herrikideen arteko lotura hautsi zuten: batzuk Espainian eta besteak Frantzian.

Herri baten nortasuna eta herrikideen arteko harremanak suntsitu dituzte. Mendeetako dominazio horrek urrundu egin gaitu, batzuk espainolak eta besteak frantsesak garela etengabe sinetsarazi digutelako. Hori gutxi balitz bezala, Euskal Herriaren hegoaldean ere, bi zatitan banatu gaituzte. Horren guztiaren ondorioz, lurraldea zatituta eta gobernua ordezkatuta daukagu. Euskal Herrian nahastea dago. Zatiketa horiek barneratu eta gobernu propioaren ordezkoak onartzeraino iristen ari gara.

Baina Euskal Herria bat izan da beti, eta gaur ere bat da: mendeetan lurralde honetan bizi izan den herria. Eta lurraldea ere bakarra da. Hemen ez daude hiru eremu, ezta hiru erritmo ere. Eremuak eta erritmoak kanpotik indarrez ezarritako asmakizunak dira, eta gero eta gehiago urruntzen gaituzte. Egungo “gobernuen” eta bestelako trikimailuen bidez, betikotu egin nahi dituzte nahasmen eta zatiketa horiek.

Denbora gure aurka doa. Premiazkoa da herriaren eta lurraldearen inguruko nahasmena desegingo duen gobernu bat: herri bat eta lurralde bat gidatuko dituen gobernu berri bat; hiru zutabe.

Gu bagara jadanik nazio edo herri bat, baina zauritua eta galbidean dagoena; eta nazio horren estatua bahitua dago. Guk badugu lurralde bat, baina gaur zatitua dago. Horrelakoetan, askatasuna lortu aurretik, beharrezkoa da, nahasmen eta zatiketen gaindi, zauri horiek sendatuko dituen behin-behineko gobernu bat, herriarentzat erreferentzia izango den lidergo bat, independentzia lortzeko herriaren indarra egoki erabiltzeko gaitasuna duena.

Print Friendly, PDF & Email
gureberriak
About gureberriak 383 Articles
Gure Berriak Euskal Herriaren independentziaren aldeko komunikabide bat duzue: herri gisa autoestimua indartu eta sendotzen laguntzeko tresna izan nahi duen komunikabidea; egunerokoan jasaten dugun kutsadura ideologikoaren aurkako sendagaia. Menpekotasunean dirauen herri baten seme-alabak gara, eta egoera horrek ezinbestean eragina du bizitzako arlo guztietan. Munduko beste edozein herriren antzera, eguneroko berriak ikuspegi propio batetik lantzea ezinbestekotzat daukagu. Guztiok politikarekin ezinbestean dugun lotura kontuan hartuz eta askatasun egarriak bultzatuta, webgunean topatuko duzuen material oro independentziarantz zuzendutako begiradapean jorratzea dugu helburu. .