Iñaki Aginaga hil da

Iñaki Aginaga hil da, Euskal Herria askatzeko ideologia oso bat mamitu zuen gizona. Donostian hil da, jaio zen hirian bertan, 92 urte zituela. Aginagak Euskal Herria askatzeko ideologia eta politika landu eta garatu zituen, eta, Euskal Herriaren aldeko eta Frantziaren eta Espainiaren inperialismo kolonialistaren kontrako lan horretan, gogor salatu zituen bertako kolaborazionistak ere, inperialismo hori ez ezik.

Bere ideiak Egan, Euzko Lurra eta Lan Deya aldizkarietan plazaratu zituen lehenik, eta, azken urteetan, Iparla izenekoan.

Munichen izan zen 1962an, erbesteko Jaurlaritza desegitea erabaki zuten hartan, eta salatu egin zuen han gertatutakoa, hantxe bertan, beste batzuekin batera.

Ondo ezagutu zuten eta bidelagun izan zituen zenbait pertsonak heriotzaren berri izatean hartaz esandakoak bildu ditugu.

Kepa Anabitarte: “Oso pertsona garrantzitsua izan da herriarentzat. Tamalez, Euskal Herriak oraingoz ez du behar bezala baliatu haren ekarpen politikoaren jenialtasuna “.

Eugenio Arzubialde: “Askapenerako ideologia bat mamitu zuen, baina herriak, zoritxarrez, apenas baliatu duen”.

Ane Ablanedo: “Pertsonalki ezagutu dudalako, ohoreko sentitzen naiz. Animalia politikoa zen, sekulako usaimena zuena gauzak aurreikusteko. Bere ondare politikoaren berri izateko zortea eduki izanak mezu hori zabaltzeko ardura ere sortzen dit. Duintasunez joan da, bizitza oso bat herri hau askabidean jartzeko ikasten eman ondoren ia oharkabean joan izana tristea da, dramatikoa, eta oso adierazgarria. Azken batean herri honetako klase politikoaren traizioaren biktima izan da”.

Olatz Zugasti: “Zoritxarrez jende gutxiegik ezagutu du Iñaki Aginaga. Euskal Herriak bere burujabetasuna berreskuratzeko gakoak ematen jardun zen gizona eta guztiz baztertu zutena Herri hau manipulatu izan duten buruzagiek”. (Testu osoa, haren Facebook kontuan)

Josetxo Lizarraga: “XX. mendean Euskal Herriaren nazio-askapenerako ideologia biribilena sortu zuen euskal pentsalaria, inperialismoaren kolaborazionistek nahita ezerezera kondenatu zutena eta bere lan politikoa isildu eta ezkutatu ziotena”.

Orreaga taldea: “Euskalduna muineraino, bizitza osoa eskaini zion gure herria askatzeko egitura ideologikoa sortzeari: demokraziaren printzipioetan oinarritutako egitura ideologikoa, ezinbestean izan behar duenez. Horrek gurean nagusi diren propaganda eta intoxikaziorako komunikabideek demokratikotzat aurkezten dituzten espainiar eta frantziar erregimen inperialistak salatu eta askapen estrategiaren oinarrian autodeterminazio eskubidea aldarrikatzera eraman zuen”. (Testu osoa, hemen)

Felipe Campo: “Ideologia eta politika demokratikoak garatzeko konpromiso hautsezina izan zuen, eta lan hori ulertzeko eta formulatzeko gai izan zen, zoritxarrak zoritxar, ezin-ulertuak ezin-ulertu eta traizioak traizio”.

Asisko Urmenetak marrazki hau eskaini dio:

Benito Lertxundik, haren omenez, Egun batez kanta ezaguna sortu zuen:

Egun batez,

hautatua izatearen zirrara ezin gordea nialarik,

ene belarrietan oihartzun bat hintzena

aurrez aurre ezagutzeko aukera nian…

Print Friendly, PDF & Email
gureberriak
About gureberriak 384 Articles
Gure Berriak Euskal Herriaren independentziaren aldeko komunikabide bat duzue: herri gisa autoestimua indartu eta sendotzen laguntzeko tresna izan nahi duen komunikabidea; egunerokoan jasaten dugun kutsadura ideologikoaren aurkako sendagaia. Menpekotasunean dirauen herri baten seme-alabak gara, eta egoera horrek ezinbestean eragina du bizitzako arlo guztietan. Munduko beste edozein herriren antzera, eguneroko berriak ikuspegi propio batetik lantzea ezinbestekotzat daukagu. Guztiok politikarekin ezinbestean dugun lotura kontuan hartuz eta askatasun egarriak bultzatuta, webgunean topatuko duzuen material oro independentziarantz zuzendutako begiradapean jorratzea dugu helburu. .