Zapalkuntzatik askatasunera – 4.2. ESTRATEGIA ETA HERRIAREN BATASUNA

“Ez dago batasunik, ezta beharrik ere, estrategiaren araberakoa ez bada”.

Iparla

 

Politikaren osagai funtsezkoa da estrategia. Politika subjektu politikoek egiten dute, eta estrategia bat izaten dute. Hau da, subjektu politiko den herri bakoitzak bere politika egiten du, eta, ondorioz, bere estrategia du, beste herrien indarren artean bizirik irautea bermatzen diona.

Helburu bat lortzeko behar den indarra egoki erabiltzea da estrategia: helburuaren eta bitartekoen artean egokitasun bat behar da. Helburuaren arabera, bitarteko batzuk edo beste erabiliko dituzu, gehiago edo gutxiago. Eta alderantziz ere bai: zuk dituzun bitartekoek, baliabideek edo indarrek zehaztuko dute zein izan behar duen zure helburua. Helburu bat jartzea eta helburu horrek eskatzen dituen baliabide guztiak erabiltzea helburu hori lortzeko, horixe da estrategia; denak erabiltzea eta ondo erabiltzea: noiz, nola, non, eta abar.

Estrategia martxan dagoen zerbait da, dinamikoa den zerbait, helburu estrategikoa finkatuta izanik baliabide eta helburu arteko orekan martxan dabilen zerbait. Beraz, herri bati bizirik irauteko balio dion zerbaiti dei diezaiokegu estrategia. Munduko herrien indar harremanen artean gainontzeko herrien pare jartzea lortzen da estrategiaren bidez.

Aurreko kapituluetan ere esan dugun moduan, indarraz ari garenean, indar errealaz ari gara, eta ez indar formalaz (agerian ikus daitezkeen egitura politiko baterako boto zenbakiez eta abar), hau da, munduko harreman horietan dauden barne egiturez ari gara, zimenduez. Estrategia beharrezkoa da dauden indar harreman erreal horiek aldatzeko.

Gurea bezalako kasuetan, bizi nahi badugu, egungo indar harremanak irauli behar dira, eta hori egiteko gaitasuna emango digu estrategia batek. Une honetan dauden indar harremanak errotik aldatu behar dira.

Hori iraultzeko, gai izan behar dugu zapalkuntza egoerari eusten dion indar erlazioa gure alde aldatzeko. Horretarako, ezinbestekoa da gure erakunde propioaz hornitzea, estatu bat lortzea. Hori izan behar da gure helburu estrategiko nazional bakarra, eta gure baliabideek helburu horrekin orekatuak egon behar dute.

Benetako prozesu estrategiko batek aldatu egiten du indarren banaketa, zentraltasun politikoa lekuz aldatzen du, eta indarra gurera ekarriz, gure bizimodua, guk aukeratutakoa, erakundetu eta egonkortu dezakegu.

Arlo guztietan egiten den lana (hezkuntza, hizkuntza, presoak, kultura, ekonomia, ongizatea, arazo soziala, eta abar) independentziaren estrategian txertaturik egon ezean, egiten den esfortzu guztiaren emaitzak ez dira iraunkor bihurtzen, lortzen den hobekuntza hori ez da betikotzen. Sistemaren erraietako indar harremanak bere horretan jarraituz gero, lorpen txikiak galdu egin daitezke, indarra gure esku ez dagoelako. Estrategiak, beraz, indar harreman horien aldaketa lortzeko balio du.

Gainera, estrategiak zerikusi zuzena du herri honetan hainbeste antsiatzen dugun batasunarekin. Munduko herri guztietan gertatzen da: herritarrek askotariko interes eta helburuak izaten dituzte (aberastasunaren banaketari buruz, hezkuntza sistemari buruz, erlijioak izan behar duen zereginaren inguruan, eta abar). Lehentasun bat, ordea, berezko aurrebaldintza bat, independentzia, haien existentzia bera, ez da eztabaidagai izaten. Horretan ez dago desadostasunik.  

Euskal Herrian ere, jakina, pentsamolde asko daude; baina ez gara libre: besteren mendean bizi gara. Zapalduak dauden herrien lehen helburua independentzia lortzea da, eta, horretarako, herriak batua egon behar du.

Horregatik, sarritan entzuten dira honelako esaldiak: “Euskaldunok batu egin behar dugu”, “independentzia ezin da lortu bakoitza bere aldetik badoa, bakoitzak bere borroka egiten baldin badu”. Zoritxarrez, esan bai baina egin ez. Bata bestearen aurka edo bakoitza bere aldetik aritzen gara maiz.

Honek guztiak badu azalpena, eta ez da batzuek dioten moduan herri madarikatua garela edo ez dakigula ados jartzen. Batasun hori lortzeko, beharrezkoa da helburu estrategiko bat izatea, indar guztiak puntu bakar batean biltzea. Horixe falta zaigu herri honetan, independentziari lehentasuna ematea. Askatasuna ukatzen zaien herrien lehen eta ezinbesteko helburu bakarrak independentzia behar du izan.

Euskal Herriak berezkotasun ikaragarria du, eta eduki estrategikoa duten batasun elementuak eskaintzen zaizkionean, berotasun eta gogo handiz hartzen ditu. Horrela erakutsi du, baita berehala ezerezean gelditu diren proiektuekin ere.

Batasuna garrantzitsua da, beraz. Eta batasuna behar dugula esatea estrategia nazionala behar dugula esatea da. Izan ere, estrategiarik gabeko batasunik ez dago… edo alferrekoa da.

Print Friendly, PDF & Email
gureberriak
About gureberriak 383 Articles
Gure Berriak Euskal Herriaren independentziaren aldeko komunikabide bat duzue: herri gisa autoestimua indartu eta sendotzen laguntzeko tresna izan nahi duen komunikabidea; egunerokoan jasaten dugun kutsadura ideologikoaren aurkako sendagaia. Menpekotasunean dirauen herri baten seme-alabak gara, eta egoera horrek ezinbestean eragina du bizitzako arlo guztietan. Munduko beste edozein herriren antzera, eguneroko berriak ikuspegi propio batetik lantzea ezinbestekotzat daukagu. Guztiok politikarekin ezinbestean dugun lotura kontuan hartuz eta askatasun egarriak bultzatuta, webgunean topatuko duzuen material oro independentziarantz zuzendutako begiradapean jorratzea dugu helburu. .