Sokaz eta askatasunaz

Western pelikuletan askotan ikusi izan ditugu unaiak edo cowboy-ak soka botaz animaliak edota pertsonak harrapatzen. Sokari korapiloa egin, bota eta tira. Behin harrapatuta, ibiltzeko askatasuna bai, betiere soka eusten duenak ezarritako mugetan. Boterea, beraz, sokari heltzen dionak dauka; berak eta ez beste inork erabakiko baitu sokari 2 metroko edo 30 metroko luzera ematea, harrapakinari eman nahi dion mugimendu askatasunaren arabera. Urrunegi joan zaidala? Sokatik tira eta listo.
Herri hau behin baino gehiagotan egon da harrapakinaren egoeran. Boteretsuek soka botatzen zuten; batzuetan ihes egin ahal izan dugu eta beste batzuetan harrapatu gaituzte. Menpean izan gaituztenean, gure egoeraz jabetu eta soka hausten saiatu izan gara.
Gaur egun antzeko egoera politikoa bizi du herri honek. Soka bat eta bi cowboy: espainiar eta frantziar Estatuek menperatuta eta zatituta daukate gure herri maitea. Sokak, zaharra izan arren, ahultasunik ez du erakusten, eta indarrez eusten diote gure menperatzaileek. Baina, zoritxarrez, ez da hori momentu honetan daukagun arazo larriena; ahaztu egin zaigu herri bezala irauteko gure aukera bakarra soka hori puskatzea dela. Haustura horren bitartez soilik lortuko dugu askatasuna. Hori egin beharrean sokaren luzera handitzeko borrokan murgiltzen bagara, zuzenean lotzen gaituzten horiek onartzen ari gara, menpekotasun hori legitimizatzen.
Honekin adierazi nahi dut herri mugimendua hausnarketa sakon baten beharrean ikusten dudala. Begirada autonomismotik, estatutu berritik edota erabakitzeko eskubidetik haratago eraman behar dugula, alegia. Soka luzatzeko saiakerak besterik ez baitira eta horien bitartez ez baitut uste inoiz askatasuna lortuko dugunik.
Pro libertate patriae, gens libera state. 
*Jatorrizkoa hemen: http://nabarrasortuz.blogspot.com/2018/06/sokaz-eta-askatasunaz.html?m=1
*Irudia Mikel Orbegozorena (Berrian argitaratua)
Print Friendly, PDF & Email
gureberriak
About gureberriak 384 Articles
Gure Berriak Euskal Herriaren independentziaren aldeko komunikabide bat duzue: herri gisa autoestimua indartu eta sendotzen laguntzeko tresna izan nahi duen komunikabidea; egunerokoan jasaten dugun kutsadura ideologikoaren aurkako sendagaia. Menpekotasunean dirauen herri baten seme-alabak gara, eta egoera horrek ezinbestean eragina du bizitzako arlo guztietan. Munduko beste edozein herriren antzera, eguneroko berriak ikuspegi propio batetik lantzea ezinbestekotzat daukagu. Guztiok politikarekin ezinbestean dugun lotura kontuan hartuz eta askatasun egarriak bultzatuta, webgunean topatuko duzuen material oro independentziarantz zuzendutako begiradapean jorratzea dugu helburu. .