“Iñaki Aginaga, el hombre que pensó la nación” Luis Mari Martinez Garate.

“Iñaki Aginaga, el hombre que pensó la nación” liburua idatzi berri du Luis Mari Martinez Garate idazle iruindarrak, eta asteartean aurkeztuko du, urriak 3, Donostian, Okendoko kultur etxean, arratsaldeko 7etan. Liburua Nabarralde, Herrima eta Iturralde elkarteek argitaratu dute.

Iñaki Aginaga (Donostia, 1929-2021) itzaleko intelektual bat izan zen, frankismoan eta trantsizio deiturikoan idatzi eta teorizatu zuena. Zientzia Politikoetako eskola errealistako autoreetatik ikasi zuen (Tuzidides, Makiavelo, Hobbes…), eta bera ere eskola horretan koka dezakegu.

Aginaga mundu mailako joera sozial eta politikoak aztertzeagatik nabarmendu zen, eta bere ukitua eman zien, arreta euskal arazo nazionalean jarrita. Haren obran, kontrako gizarte-indarren arteko borrokak markatzen du une eta leku bakoitzean politika instituzionala.

Klase-borrokaren nazioarteko ikuspegia zuen, eta horretan inperialismoaren kontzeptua txertatu zuen ideia nagusi gisa. Horrek aurrerapen nabarmena ekarri zuen arazo sozialaren eta arazo nazionalaren dikotomia faltsua gainditzeko bidean.

Luis Mari Martinez Garate (Iruñea, 1949) telekomunikazioetako goi-mailako ingeniaria da. Iturralde Azterlan eta Ekimenetarako Elkartea sortu zuen 1994an, beste pertsona batzuekin batera, eta Nabarralde elkartearen sortzaileetako bat da (1999).

Hainbat komunikabidetan idatzi izan du, Nabarralderen “Haria” eta “Kazeta” argitalpenetan batez ere, eta, besteak beste, “Nafarroako historiaren sintesia” eta “Paradigma nafarra” lanak idatzi ditu.

Bada, Gure Berriak Martinez Garaterekin izan da, Iñaki Aginagaz eta liburuaren nondik norakoez jakiteko. Hona hemen zer kontatu digun.

 1.- Mila arrazoi bururatzen zaizkigu Iñaki Aginagari buruzko liburu bat idazteko. Zein izan dira zureak?

Ziur esan daiteke Aginaga guztiz ezezaguna dela egungo euskal gizartean, bai eta haren pentsaera ere. Haren nortasunak inor ez zuen uzten epel. Ezagutu zutenak, edo haren miresle eta jarraitzaile ia itsuak izan ziren, edo haren aurkakoak. Azken horiek, kontrarioek, gai anekdotiko edo formalei heltzen zieten, haren planteamenduen edukiari baino gehiago. Haietako batzuek hala erantzuten zuten Aginagak haien pentsaeraren funtsari erasotzen ziolako; beste batzuek, berriz,  prestakuntza politiko nahikorik ez zutelako haren mezua jasotzeko, mezua ez baitzen sinplea, eta, batez ere, honengatik: nazio menderatu baten ikuspegitik egina zen, eta ez hegemonikotik, estatu menderatzaile baten koordenatuen barrutik.

Ezjakintasun horrek eta, horrekin batera, mezua interpretatu eta azaldu nahi zutenekin zuen mesfidantza handiak ia ezinezko egin zuten Aginaga bizi zen bitartean mezua berak ez beste inork paperera aldatzea. Haren pentsaera, hainbesteko indarra izanik, haren ingurukoei baino publiko zabalago bati ezagutarazi beharra zegoen, dibulgazioaren bidez. Batez ere, horrexek bultzatu nau idaztera.

Liburua, funtsean, Iñaki Aginaga Beristainen pentsaera hartu eta nik haren gainean egiten dudan interpretazioa da. Ez da Aginagaren biografia pertsonala, nahiz eta haren zatiak agertu; haren biografia intelektuala egiten ahalegindu naiz. Horregatik, ia ez da pertsona-izenik agertzen, haren konpromiso intelektual eta politikorako erabakigarriak izan ezean; adibidez, Kepa Anabitarte, ELA-STVri dagokionez.

2.- Nola dago egituratuta liburua?

Liburua inperialismoaren mende dagoen nazio baten egoera zehatzari buruzkoa da. Gure nazioa da, euskal nazioa, beti haren pentsaeraren ardatzean egon zena. Gure kasuan oinarrituta, pentsamolde orokorrago bat osatu zuen, inperialismoari buruzko teoria orokorrago bat.

Lehenengo zatian, liburua gure Herriak faxismoaren pean igaro zituen hiru aro historikoen gainean egituratuta dago. Hiru etapa horiei, nire ustez, Aginagaren pentsaeraren hiru fase dagozkie. Beharbada, arriskutsu samarra eta sinplifikatzea da haren pentsamoldea horrela planteatzea, baina nahiko didaktikoa dela uste dut.

Lehen faseak Franco jenerala hil zen arte hartzen du (1975), zeina ohean hil baitzen, eta ez haren erregimenaren aurkako oposizio politikoaren indarrez. Fase hartan, Aginagak, ikusita Pnv-k, Ela-k eta beste antolakunde batzuek bazterrera uzten zutela berak funtsezko elementutzat jotzen zuena sistema demokratiko batera igarotzeko gutxieneko baldintzak beteko zituen trantsizio baterako —hark berehalako autonomiaren printzipioa zeritzon elementua—, bere jarrera adierazten zuen. Printzipio horren arabera, Francoren ondorengo Espainiako Estatuko edozein prozesu konstituziogilek barnean hartu behar zuen Espainiako Estatuak mendean hartutako nazioen autonomia baldintzagabea, autonomia hori Estatu osoaren printzipio eratzailearen mende jarri gabe. Aginagak lehenago ere salatua zuen euskal antolakundeen abandonu hori, “Espainiako oposizioaren” zenbait itunetan, eta Munichen bururaino eraman zuten, 1962an. Etapa horretan, gauza garrantzitsuak gertatu ziren; adibidez, ETA sortu zen. Eta hura ere kritikatu zuen. Testuak ELAren Lan Deya buletinean daude batez ere.

Bigarrenak Francoren heriotzaren ondorengo aroa hartzen du, garai “konstituziogilea” edo hark trantsizio intratotalitario deitu zuena, oro har frankismoaren egitura juridiko, armatu eta politiko osoa mantendu zuelako, Estatuaren antolaketa unitarioa barne, jakina. Testuak, funtsean, Iparla argitalpenean bilduta daude.

Hirugarren etapa 2001ean hasten da, eta bat egiten du bigarrenaren zati batekin kronologian. 2001etik aurrera, Aginagak, Iturralde eta Nabarralde elkarteek Iruñean hasitako korronteari jarraituz, bere egin zuen, ondorio guztiekin, Nafarroako erresuma euskaldunen estatu historiko gisa existitu zelako ideia. Gatazkaren sorburu gisa, Espainiak erresuma konkistatu eta okupatu izana jo zuen, eta, gure herriak bere independentziarako eskubidea aldarrikatzeko nazioarteko euskarri juridiko gisa, berriz, gure herriak konkista eta okupazio horiek ez onartzea. Testuak Erresuma koadernoetan daude.

Bi fase horietan, inperialismoari buruzko teoria orokor bat landu zuen.

Liburuak, gainera, Aginagaren beraren idazkien antologia bat eta testuan aipatzen diren gaiei buruzko bibliografia orokor bat biltzen ditu.

3.- Aginagak azaldu al zuen ondoen Euskal Herriaren egoera errealismo politikoaren bidez?

Aginagaren pentsamoldearen ezaugarririk berezkoenetako bat gatazkaren ikuspegi amorala da. Gatazka politiko oro dauden gizarte-indarren harremanaren testuinguruan planteatzen eta ebazten da. Ez dute kontu etikoek erabakitzen posizio politikoak egokiak diren ala ez. Haren ikuspegia errealismo politiko gordinenaren ikuspegia da, besteak beste Makiavelo, Hobbes, Marx, Lenin eta Carl Schimtt-en ikuspegiaren ildokoa. Puntu horretan, beharbada, bat zetorren Krutwigekin, baina nik uste dut Aginagaren analisia finagoa zela eta errealitatetik hurbilago zegoela.

Haren beste ezaugarri bat errealitate zehatzaren azterketa zehatzaren etengabeko ikuspegia izatea izan zen, zeina apriorismo doktrinaletatik erabat aldenduta baitzegoen.

Haren pentsaeran, puntu erabakigarri bat arazo sozialen eta arazo nazionalaren dikotomia gainditzeko modua izan zen. Aginagaren ustez, klase-borroka, gizarte-gatazka, nazioarte-mailan adierazten da. Alderdi sozialistek, komunistek, langile-antolakunde katolikoek eta abarrek estatu-esparru jakin baten barruan planteatzen dute beti gatazka, eta ez dute zalantzan jartzen estatu-esparru jakin horren existentzia hutsa gatazka-iturri denik, baina gatazka sozialak dira horiek ere, beste eskala batekoak. Eta puntu horretan agertzen da inperialismoa. Klase inperialeko elkartasunak batu egiten ditu burgesak, beharginak eta nazio inperialeko mota guztietako gizarte-taldeak beren estatuaren inguruan, estatua kendu zaien nazioen kontra. Alderantziz, nazio menderatuan, klase herrikoien eta burgesia txikiaren interesak bat datoz menderakuntza inperialak dakarren espoliaziotik askatzeko.

4.- Ikusitakoak ikusita, eta puntu honetara iritsita, denborak arrazoia eman diola esan genezake?

Espainiako Estatuan edozein prozesu konstituziogile hasi aurretik euskal antolakundeek berehalako autonomiari uko egin izana euskal herriari egindako traiziotzat aurkeztu zuen Aginagak. Franco hil ondoren Espainiako erregimenetik sortutako “sistema autonomikoaren” emaitzak ikusita, esan daiteke asmatu zuela; batez ere, pentsatu zuenean gure herriak nahikoa indar sozial zuela guretzat konponketa onuragarriago bat lortzeko.

Aginagak ETAren ideologian kritikatzen zituen alderdietako bat lotuta zegoen aurreko galderan aipatutako dikotomiarekin. ETAren zatiketa historiko guztiak hartatik zetozen. Beti zegoen sektore bat, antolakunde espainolen demagogia obreristak abduzituta, nazio-askapena “burgesiaren” interesen erantzun gisa aurkeztu nahi zuena. Borroka nazionala burgesia txikiarena zen. Nazio-kontzientzia indartsua zuten pertsona eta taldeak ez ziren erortzen inperioko sirena-kantuen mende, baina ez zuten haien falaziak desegiteko behar zen armamentu teorikorik. Alde horretatik, denborak arrazoia eman dio Aginagari gatazka planteatzeko moduagatik.

5.- Esan al daiteke Aginagaren maila politikoa eta Euskal Herriak haren obraz edo figuraz zuen ezagutza alderantziz proportzionalak zirela?

Hori zorrotz esatea ez zait egokia iruditzen.

Uste dut, benetan, Aginaga maila handiko pentsalaria dela. Egoera zehatz bat aztertuta —euskal nazioa, alegia— eta menderatutako nazioen antzeko beste kasu batzuk aztertuta, interes handiko teoria orokor batera iritsi zen. Ez zen, esan dudan bezala, teoria orokor batetik abiatu eta gero hura nola edo hala gure historiari eta oraingo egoerari aplikatzen saiatu; aitzitik, kontzeptu batzuk eta teoria orokor bat eraiki zituen.

Gure herrian pertsonaiari eta haren obrari buruz dagoen ezagutzaren neurriak alderdi asko ditu. Kontzeptu eta ikuspegi nagusietara ohituta dagoenak (Billig autoreak “nazionalismo hutsala” deitzen duen horretara, alegia) ahalegin bat egin behar du haren tesien sakontasuna atzemateko.

Haren mezuak deseroso jartzen zituen frankismoarekiko euskal oposizioa ordezkatzen zutela zioten antolakundeak. Askok banalizatu egin zuten haren pentsamoldea une kritikoetan. Adibidez, Aginaga aurreko mendeko 60ko hamarkadaren amaierako eta 70eko hamarkadaren hasierako mobilizazio eta greba mota jakin batzuen aurka agertu zen, eta salatu egin zituen, horiek Espainiako oposizioaren estrategia zirelakoan (PcE partiduarena kasu horietan) eta gure herriaren indarra eta mobilizatzeko gaitasuna gure herriaren beraren interesen aurkako helburuen alde erabiltzen zituztelakoan. Aginagaren jarrera horren ondorioz, batzuek esan ere egin zuten ELA-STV, Lan Deyan idatzitako idazkietan oinarrituz, greben aurkako sindikatu bat zela, eta hori guztiz faltsua zen: gure herria Espainiako oposizioaren helburuetarako kanoi-bazka gisa erabiltzen zuten greba eta mobilizazio jakin batzuen kontrakoa zen.

Baina horrek bakarrik ez du azaltzen gure herriak zergatik ez duen ezagutzen. Lehen esan dudan bezala, Aginaga oso pertsona jeloskorra zen bere eraikuntza teorikoetan, eta oso perfekzionista zen horiek azaltzeko orduan. Ez zen erraza hark bere teoriak idaztea eta partekatzea lortzea. Eta ahoz ere ez zuen bere burua ezagutzera ematen, lehen fasean izan ezik (joan den mendeko 60ko hamarkadan), Donostian, non askotariko eztabaidetan parte hartu zuen talde sozial eta politikoekin (Pax Christi, hainbat alderdi –PCE, adibidez– eta beste batzuk).

6.- Zergatik ez dute arrakastarik izan (orain arte) haren ideiek?

Hori esatea ere ez zait egokia iruditzen.

Haren ideietako asko euskal munduan (abertzalean) normal erabiltzen den komunikazio-ondarearen parte dira.

Adibidez, “nazionalismo” espainol eta frantsesaz hitz egitea euskal nazionalismoa atzerakoi eta burgestzat jotzen dutenen aurrean, haiek baitira benetako nazionalistak. Gauza bera gertatzen da “sozialinperialismo” kontzeptuarekin, zeina beren buruari oker “sozialista” espainol edo frantses deitzen diotenei aplikatzen baitzaie.

Euskal iruditeria kolektiboan geratu da, halaber, hizkuntzaren gaia ez dela “gainegiturako” gertaera bat, baizik eta “oinarri sozialaren” azpian dagoena, zuzeneko indar produktibo gisa, terminologia marxista erabiliz esanda. Ikuspegi horrek suntsitu egiten du hizkuntza —literatura eta artea bezalakoa balitz bezala— “kultur mundukotzat” jotzen zuten eta oraindik jotzen duten askoren ideia, zeinek teorizatu egiten baitute euskara burgesiaren hizkuntza delako eta hizkuntza burgesa delako ideiarekin eta espainola berriz proletarioen hizkuntza delako ideiarekin. Puntu horretan, beharbada, bat etorri zen Txillardegirekin.

Aginagak politikaz zuen ikuspegi errealista izan da gure herriak barneratu ez duena. Mendekotasunaren errealitate politikoa aztertzeko, oraindik moralaren eta etikaren kontzeptuak erabiltzen dira, kristau-ikuspegi batetik, eta testuinguru horretan jarraitzen dugu murgilduta. Gure gizartea ez da gai izan “biktimei” buruzko diskurtsoari buelta emateko ere. Diskurtso horretan murgilduta jarraitzen dugu, eta, horren ondorioz, erruduntzat jotzen dira gure askapenaren alde —nahiz eta, agian, ikuspegi politikoan nahasturik— borrokatu nahi zutenak, zeinen ikuspegia Aginagak berak jada kritikatua baitzuen.

 

Print Friendly, PDF & Email
gureberriak
About gureberriak 383 Articles
Gure Berriak Euskal Herriaren independentziaren aldeko komunikabide bat duzue: herri gisa autoestimua indartu eta sendotzen laguntzeko tresna izan nahi duen komunikabidea; egunerokoan jasaten dugun kutsadura ideologikoaren aurkako sendagaia. Menpekotasunean dirauen herri baten seme-alabak gara, eta egoera horrek ezinbestean eragina du bizitzako arlo guztietan. Munduko beste edozein herriren antzera, eguneroko berriak ikuspegi propio batetik lantzea ezinbestekotzat daukagu. Guztiok politikarekin ezinbestean dugun lotura kontuan hartuz eta askatasun egarriak bultzatuta, webgunean topatuko duzuen material oro independentziarantz zuzendutako begiradapean jorratzea dugu helburu. .