Zapalkuntzatik askatasunera – 3.1. POLITIKA

2 atala:

Politikaren itsasargia.

Oinarrizko kontzeptuak

Kanpo,
kanpokoa da
gu gobernatzen ari zeraukun jauna.

Errobi

Aurreko ataletan, iluntasunaz eta nahasmenaz aritu gara. Hortik aldentzea dugu helburu; ihes egin nahi dugu bai kanpotik preso gauzkan kaiolatik eta bai adimenean txertatuta daukagun kaiola horretatik ere. Ohartu gara, mendeetan iraun duen egoera honetatik alde egiten saiatu garen arren, helburua lortzeko zailtasuna dugula. Anabasa kontzeptual eta egoera ilun honetan, independentziarako itsasargiaren arrastoari segika, zientzia politikoen oinarri txiki bat beharrezkoa zaigulakoan, politika bera eta funtsezko hainbat kontzeptu aztertuko ditugu atal honetan, hala nola subjektu politikoa, boterea, erakundeak eta gobernua.

“Indarkeriaren bidez subjektuen izaera eta jokaera determinatzea da politika”.

Iparla

 

Herriaren beharrizanak eta nahia gauzatzeko da politika. Eta herri ororen lehen beharra bizirik irautea da.

Herri ugari dago munduan, eta bakoitzak bere erara antolatu nahi du. Herriak dira, beraz, politikako joko taulako oinarrizko piezak. Herriak edo subjektu politikoak (ikus subjektu politikoari buruzko kapitulua). Eta pieza bakoitzak, bere interesak bultzatuta, ondoko piezekin, ondoko herriekin egiten du topo.

Edonola ere, bi indar ari dira ―edo gehiago― lehian, bata bestearen kontra, oreka lortu ezinean, hartu-eman fisikoan… Indarren erlazio horretan gailentzea edo gutxienez berdintzea da politikaren helburua. Horregatik, politikari onak indar horiek ezagutzen, neurtzen eta erabiltzen jakin behar du, bizirik irauteko eta irabazle ateratzeko. Eta ez gara norbanakoaren indarrei buruz mintzo, herriaren indarrei buruz baizik, politikan norbanakoa herriaren parte den neurrian hartzen delako kontuan.

Euskal Herrian politikaren oinarrian elkarrizketa, borondate ona, konbentzitzea, lortutako parlamentarien kopurua, elkar-ulertzea eta abar daudela erakutsi izan digute. Uste hori oso zabaldua dagoen arren, aurkarien arteko indar-harremana dago politikaren barrenean, marmar ozenean; hain ozen ari dira karraskan, non ez ditugun entzun ere egiten! Eta herriaren irabazia ez da lortutako parlamentarien kopuruaren arabera neurtzen, benetako indar horien erlazioaren bidez baino.

Helburu ederra du, beraz, politikak; jardunbidea, ez hainbeste. Politikak ez baitu “arrazoiaren indarra” erabiltzen, baizik eta “indarraren arrazoia”. Baina politika egitea nahitaezkoa da, aurretik esan bezala, herriaren beharrizan eta nahietan lehena bizirik irautea delako, existitzea. Lehenbiziko beharrizan hori betetzeko ere, egin behar da politika, galtzeko nahikoa baita politikarik ez egitea.

Hori guztia esanda, bistan da politika oso inportantea dela. Funtsezkoa da gure herrian arloz arlo egiten den eta ezinbestekoa den erresistentziari politika propioaren arloa gehitzea.

Hau da, politikak ere bere eremua bete behar du. Euskal politikarik gabe, azkenean, euskara, euskal kultura, euskal ekonomia eta abar ez dira aterako egungo kinka larritik… eta ez dugu Euskal Herririk izango. Politika nahitaezkoa, ezinbestekoa da.

Print Friendly, PDF & Email
gureberriak
About gureberriak 383 Articles
Gure Berriak Euskal Herriaren independentziaren aldeko komunikabide bat duzue: herri gisa autoestimua indartu eta sendotzen laguntzeko tresna izan nahi duen komunikabidea; egunerokoan jasaten dugun kutsadura ideologikoaren aurkako sendagaia. Menpekotasunean dirauen herri baten seme-alabak gara, eta egoera horrek ezinbestean eragina du bizitzako arlo guztietan. Munduko beste edozein herriren antzera, eguneroko berriak ikuspegi propio batetik lantzea ezinbestekotzat daukagu. Guztiok politikarekin ezinbestean dugun lotura kontuan hartuz eta askatasun egarriak bultzatuta, webgunean topatuko duzuen material oro independentziarantz zuzendutako begiradapean jorratzea dugu helburu. .