Gaurko egunez hil zuten, 1661. urtean, Bernard Goienetxe, “Matalas”. Gugan bego.

Pasarte hauek Wikipediakoak dira:

Mithikile bere herriko erretorea zelarik ekin zion nobleen aurkako borrokari, 1661eko ekainean. Errege borboitarrak neurri gero eta zentralistagoak ari ziren ezartzen: Zuberoako foruari zegozkion eskubideak murrizteaz gainera (Herriak zuzenean aukeraturiko ordezkariek aginterik ez izatea, gehiegizko zergak…), herri-lurrak nobleen artean banatzeko joera zabaldu zen, benetako agindu baten modura, “lursailik ez jaunik gabe” printzipio feudalaren ildotik. Zuberoako Gorteetan, hirugarren estatuko ordezkariek egoera hori zuzentzeko egindako saioek huts eginik, Matalas apaiz gartsu eta hizlari trebeak hartu zuen laborariak neurri haien aurka gidatzeko ardura. Irabarneko Silviet edo hirugarren estatuko biltzarrean herriak zuzenean hautaturiko ordezkari gehienak aldeko zituen hasieratik. Elizako hierarkia, bestalde, aurkako izan zuen beti Matalasek.

1661eko ekainean hasi zen Matalasen matxinada. Nobleak eta Mauleko burgesia zituen etsai Matalasek, eta haien aurkako erasoa jo zuten bildutako lauzpabost mila lagunek. Sohütako etxe batzuk erre eta Mauleko hiria eta gaztelua setiatu zituzten matxinatuek. Zuberoako nobleek Bordeleko parlamentuko militarren laguntza eskatu zuten eta, bitartean, herri-antolamenduko moldeak bermatzen saiatu zen Matalas, laborariek kontrolatzen zituzten herrietan.

Urriaren 12an gudukatu ziren, Sohütan, Matalasen laborariak, armarik gabe ia, eta Bordeletik bidalitako 100 zaldizko eta 400 oinezko gudari ongi armatuak, Calvo izeneko mertzenarioa buru zelarik, Zuberoako nobleek lagunduta. Nobleek erabat menderatu zituzten laborariak. Ihes egitea lortu zuen Matalasek, baina Jentañeko dorretxean, Urdiñarbeko herritik hurbil, preso hartu zituzten Matalas eta haren laguntzaile hurkoak, eta Mauleko gaztelura eraman.

Epaitu ondoren, urte bereko azaroaren 8an hil zituzten Matalas eta Roquehort Ibar Ezkerreko “degá” edo ordezkaria. Herio-zigorra eman zuten harrapatu ez zituzten beste zortzi lagunentzat, eta biziarteko galeretara kondenatu beste hiru, Matalasen iloba bat tarteko. Burua moztuta hil zuten Matalas, Lextarreko plazan, eta bolada batez ezarri zuten haren burua Mauleko sarreran, jende guztiaren erakusgarri. Bernard Goienetxek gidaturiko matxinadaren ondoren, nobleen agintea areagotu zen Zuberoan, eta neurri handian ahuldu ziren Zuberoako antzinako herri-eskubideak.

Print Friendly, PDF & Email
gureberriak
About gureberriak 383 Articles
Gure Berriak Euskal Herriaren independentziaren aldeko komunikabide bat duzue: herri gisa autoestimua indartu eta sendotzen laguntzeko tresna izan nahi duen komunikabidea; egunerokoan jasaten dugun kutsadura ideologikoaren aurkako sendagaia. Menpekotasunean dirauen herri baten seme-alabak gara, eta egoera horrek ezinbestean eragina du bizitzako arlo guztietan. Munduko beste edozein herriren antzera, eguneroko berriak ikuspegi propio batetik lantzea ezinbestekotzat daukagu. Guztiok politikarekin ezinbestean dugun lotura kontuan hartuz eta askatasun egarriak bultzatuta, webgunean topatuko duzuen material oro independentziarantz zuzendutako begiradapean jorratzea dugu helburu. .