INDEPENDENTZIARI BAI, ZERGATIK?

“Kataluniarekin asCATasunera” jardunaldietan “Independentzia zergatik?” gaia emanda Pako Aristik idatzi eta irakurritako testua.

Pako Aristi

Zergatik independentziari bai, galdetu zaigu hemen agertu garen guztioi. Galdera honek ez luke zentzurik Italian, Japonian, Frantzian… Barre egingo ligukete independentzia ona ala txarra den galdetuko bagenie. Eta hitz bat aldatuko bagenu, nabarmenagoa litzateke galderaren zentzu eza. Hitz bat, parekoa, haurridea: independentzia dagoen tokian jarri libre. Nahi duzu libre izan? Hartu botopapera eta bozkatu: BAI, EZ. Norbaitek bozkatuko luke ezetza? Begira Eskozian, %56k esan zion ezetz askatasunari. Menpekotasunak kalte handia egiten dio garunari, nortasun kolektiboari uko egin eta menpeko egoeran bizitzera ohitzen du jendea.
Izan ere, independentziaz gauza txarrak baino ez ditugu entzuten, eta kuriosoa da, zeren gauza txar horiek independente diren nazioek esaten dizkigute, euren independentzia armadaz, poliziaz, hezkuntzaz, komunikabideez eta abarrez etengabe elikatzen eta babesten dutenak, eta gerlarekin, behar izanez gero. Eta gu ziniko horiei kontra egiteko arrazoiak pilatzen hasten gara. Aski genuke gauza sinple-sinple bat ulertzea: independentzia dela munduan egoteko modu naturala, eta bizirik irauteko baldintza lehena herri batentzat. Zer gauza on gehiago gaineratu behar diozu horri zazpi minutu eskasean?
PNVk 122 urte izan ditu, sortu zenetik, eta oraindik ez dio galderari erantzun. Edo bai, autonomia raquítico baten alde eginez. Bildu duela sei urte sortu zen. 1.200 zinegotzi dauzka, 18 parlamentari Gasteizen, eta beste kargu gehiago, eta oraindik ez dio galderari erantzun. Edo bai… hor utziko dugu. Baina ikusi dut independentzia hitza ez dutela ahoskatzen Bilduko hautetsiek, sei urteotan denak ados jarri balira bezala. Udal independentistarik ez da sortu, esaterako soldaduskaren intsumisioa babestu zuten haien antzera. Lupa batekin jardunda ere, ia ezinezkoa da independentzia hitza aurkitzea Euskal Herriko edozein bazterretan. Aldarri guztiak daude, feminismoa, erraustegia, internazionalismoa, presoak, itsasoko flyschak eta flashmobak, aldarri nagusia salbu.
Hemen independentziaz hitz egin, asko hitz egiten da… baina besteenaz. Ez da pedagogiarik egin aro berria hasi omen zenetik; alderantziz, jendea hoztu eta desmoralizatu baino ez dute egin pedagogiaren ardura gorena zeukatenek. Guk engaiatu behar orain. Kritiko izanik ere, ez dut inor uxatu nahi, jendea beste paradigma batera mugiarazi baizik, edo paradigma horren berri eman gutxienez. Ekitaldi honetara etorri edo ez zalantzan ibili naiz, ez ote dagoen hau ere inertzia akritiko antiestrategiko horretan kokatua, baina hemen nago, aspaldi bolo-bolo dabilen ustea esateko zuei: gaur, orain, hemen, alderdi politikorik gabe egin beharko dela bidea.
Espainian gero eta integratuago nahi gaituzte kolore guztietako buruzagiek. Baina ez dugu amore emango. Eta aitortuko dizuet nire arrazoia: ni… ez naiz paktista. Ni… independentista naiz. Oso ezberdina da, guztiz kontrakoa ez bada.
Izan ere, independentzia hitza desagertzea baino larriagoa da orain hedatu den mezu ofizialak ez duela balio hara iristeko: alegia, orain badaudela baldintzak independentzia lortzeko indarrean dagoen legediaren barrutik eta joko politikoaren bitartez, egoera aldatzen ari dela, ematen dizkiguten papurrekin egunen batean lortuko dugula, hau da, menderakuntza gainditu daitekeela menderatzailearen legalitatean, haiekin eskutik helduta! Bide horretatik jai dago, eta ez preseski euskal jaia!
Independentzia zergatik? Gure herrian arazo nazional bat dagoelako, eta hori du bere funtsezko ezaugarri nagusia, denbora luzean konpondu gabe darraiena eta biztanleen zati handi bat belaunaldiz belaunaldi nahigabetu duena, askotan ondorio tragikoak eraginez. Gaur ere bai. Eta zer da A. N. bat, arazo nazional bat? Beste arazo guztien sortzailea, eta hori konpontzeak beste guztiak konpontzeko aukera emango diguna, talenturik baldin badaukagu. A. N. bat da herri batek beste bat biolentziaz konkistatzen duenean, okupatzen maila guztietan, eta denbora asko iraungo duen suntsiketa plangintza bati ekiten eta eusten dionean, herri azpiratua bere lurraldean asimilatu arte, probintzia bihurtu arte. Justu-justuan gaude oraintxe hori gertatzeko! Herri batentzat lorpenik handiena bere buruaren jabe izatea da; menderakuntza herriaren jibarizazioa da. Eta guk bikoitza dugu, gainera: Espainiarena eta Frantziarena. Dagoeneko egin duten kaltea, gure arteko askoren laguntzarekin, izugarria da, eta antidoto bakarra dauka pozoiak: independentzia.
Independentzia da justizia egitea, herri honi inoiz ebatsi behar ez zitzaion zerbait itzultzea. Ez hemen, ez Katalunian ez genien gure erakundeei geure borondatez uko egin. Baina badakigu nazioen artean indarra dela hizkuntza, eta ez borondate ona. Herri honek daukan potentzialtasuna ez dugu imajinatu ere egiten, independentziak soilik eskainiko digu hori ezagutzeko aukera. Munduan serio hartzen zaituzte independentea bazara, albistegiak ikusi besterik ez dago; bestela, ez zara inor; beno, bai: espainola zara, frantsesa zara. Eta guk ez dugu nahi. Baina, tamalez, hori nahi ez dugunon kopurua jaisten doa urtez urte.
Hemen ez dago aukera arazo bat; frantses gara, edo espainol, inposizioz, guk ez genuen aukeratu. Hargatik existitzen da independentziarako eskubide unibertsala. Gurea injustizia arazo bat da, eta injustiziak abolizioa eskatzen du. Esklabotza bezala, euskararen bizitzeko eskubidea… bozkatu genituen, ala? Libertatea ez da bozkatzen, eta dakartzan eskubideak: emakumeen berdintasuna, sindikatu libreak, prentsa askatasuna… Euskaldunon Egunkaria itxi zutenean bozkatu genuen haren berpiztea, ala? Egin egin genuen, eta kito. Libertatea eskubide oinarrizkoena da, pertsonal eta kolektibo mailan. Baina menderakuntza egoeran ilegitimitatean geratzen dira gure eskubideak; horra menderakuntzaren hitz fetitxea: ´Ez da legitimoa, ez da legezko´. Nola izango dugu, bada, bozkatzeko eskubidea libre izateko eskubidearen aurretik? Haren ondorioa baita; libre zarenean soilik duzu bozkatzeko eskubidea, ez alderantziz. Independentzia zer da? Injustizia baten abolizioa, kirurgikoa, zast, bereizten zaituena Espainiatik, Frantziatik, gero zeuk nahi duzunarekin hitzarmenak eta negozioak egiteko. Mundu guztia da independentista munduan.
Konplexu asko galduko genituzke independentziarekin, inseguritateak, baldintzapen psikologiko gaiztoak; aurpegi berri bat izango luke herri honek, bai barrura begira, bai munduaren aurrean. Eta benetan erabakitzen hasiko ginateke guretzat garrantzitsuak diren gauza guzti-guztien gainean.
Herri hau, independentziara ez badoa, galtzera doa. Horrela ez dugu mantentzerik. Ez du askoz gehiago bizirik iraungo herri gisa. Folklore eta sukaldaritza aberatseko probintzia izanen gara, fikzio ttattar bat. Errealitatea independentzia da, orainarekin konforme ez dauden guztien helmuga.

Print Friendly, PDF & Email
gureberriak
About gureberriak 383 Articles
Gure Berriak Euskal Herriaren independentziaren aldeko komunikabide bat duzue: herri gisa autoestimua indartu eta sendotzen laguntzeko tresna izan nahi duen komunikabidea; egunerokoan jasaten dugun kutsadura ideologikoaren aurkako sendagaia. Menpekotasunean dirauen herri baten seme-alabak gara, eta egoera horrek ezinbestean eragina du bizitzako arlo guztietan. Munduko beste edozein herriren antzera, eguneroko berriak ikuspegi propio batetik lantzea ezinbestekotzat daukagu. Guztiok politikarekin ezinbestean dugun lotura kontuan hartuz eta askatasun egarriak bultzatuta, webgunean topatuko duzuen material oro independentziarantz zuzendutako begiradapean jorratzea dugu helburu. .