Euskara eta matematikak

Kezkatua dabil mundu akademikoa eta politikoa euskarak eta matematikak ez dutelako bat egiten. Euskararen irakaskuntza gorantz doa, eta erabilera, aldiz, beherantz. % 56 dira D ereduan ikasten duten ikasleak, eta %12,6k soilik erabiltzen du euskara; azken hamar urteetan, %1,1 gutxitu da erabilpena. Ikasi, gero eta ume gehiagok ikasten dute, baina erabili, gero eta gutxiagok. Kalkulu matematikoak ez dira betetzen. Zergatik?

Euskara maila zorrotzagoa gainditu beharko dutela D ereduko ikasleek, edota euskara menperatzen dutenak elkartu beharko ote diren aparteko geletan, ez dakitenengandik banandurik… Horiek izan dira entzundako hausnarketetako batzuk. Horiek ote konponbiderik egokienak?

Testuinguru soziolinguistikoak bere pisua du, noski, euskararen erabileran: testuinguru espainol edo frantses batean, nekez izan daiteke euskara lehen mintzaira aukera. Baina testuingurua bera ez al litzateke hobetuz joan behar, euskaraz dakitenen kopurua handitu ahala? Ez al du norberak, neurri batean bada ere, bere inguru gertueneko testuingurua moldatzen?

Kuriosoa izaten da: guztiek euskaraz dakiten lantalde batean, gehienetan, euskaraz hitz egiten da, baina bada, batzuetan, espainolez mintzatzeko joera. Baina lantalde horretan beti euskaraz mintzatzen den norbait badago, bere lankideak beti zuzenduko zaizkio euskaraz, eta euren arteko hizketaldietan ere izango du horrek bere eragina. Beti euskaraz egiten duen hori ari da bere testuinguru soziolinguistikoa euskalduntzen.

Lehen, ikastoletan euskaraz ikasten zutenek euskaraz hitz egiten zuten euren artean; baita euskaraz ez zekien norbait zegoen taldeetan ere. Bere neurrian, euren inguru soziolinguistikoa euskararen mesedetan moldatzen zuten.

Gaur, aldiz, euskaraz dakiten taldeak gero eta gehiago izan arren, askotan ez dute euskara erabiltzen. Hitz batzuk bai, euskaraz, baina berehala entzuten da gurea menperatzen duten bi hizkuntzetako bat. Euskaraz jakin arren, espainolez edo frantsesez hitz egiteko ohitura dutenek euren legea ezartzen dute, berehala. Gure hizkuntzaren aurkako testuinguru soziolinguistikoa indartzen ari dira.

Zer gertatu da? Zerk eragin du hizkuntza-jokaera horrela aldatzea? Euskaldun izatearen eta hizkuntza propioa erabiltzearen kontzientzia galdu al da?

Hizkuntza propioa bai, baina euskal kontzientzia, euskal izaera edo nortasuna ere txertatzen zen beste garai batzuetan ikastoletan. Horrek asko laguntzen zuen, noski, euskararen erabilera mailan.

Euskal kontzientzia galtzen denean, euskal kontzientzia txertatzen ez denean gure lehen urteetako burmuinean, hizkuntza arrotz hegemonikoak txertatzen dira gure buruan, irentsi egiten dute gurea. Nor izatearen kontzientziarik gabe, oso zaila da gure hizkuntza zapaldu nahi duten hizkuntzen eguneroko uholdearen aurka borroka egitea.

Herri zapalduetan, herri okupatuetan, bertakoak ez diren hizkuntzak izaten dira hegemonikoak, atzean duten botere menperatzaileek ematen diete horretarako indarra. Horrelakoetan,  gure herria kasu, hizkuntzak eta matematikak bat egin dezaten, beste osagai bat izaten da ezinbestekoa: euskal nortasunaren kontzientzia izatea. Eta, maila kolektiboan, zapalkuntzatik askatasunerako bidea egiten lagunduko digun estrategia nazional  bat.

Print Friendly, PDF & Email
gureberriak
About gureberriak 383 Articles
Gure Berriak Euskal Herriaren independentziaren aldeko komunikabide bat duzue: herri gisa autoestimua indartu eta sendotzen laguntzeko tresna izan nahi duen komunikabidea; egunerokoan jasaten dugun kutsadura ideologikoaren aurkako sendagaia. Menpekotasunean dirauen herri baten seme-alabak gara, eta egoera horrek ezinbestean eragina du bizitzako arlo guztietan. Munduko beste edozein herriren antzera, eguneroko berriak ikuspegi propio batetik lantzea ezinbestekotzat daukagu. Guztiok politikarekin ezinbestean dugun lotura kontuan hartuz eta askatasun egarriak bultzatuta, webgunean topatuko duzuen material oro independentziarantz zuzendutako begiradapean jorratzea dugu helburu. .