METAFORA TXIKI BAT

Pako Aristi

Gaur Getarian hartu dut goizeko lehen kafea, moilan, arkupeetan dagoen tabernaren babesean, eguna argitzen ari zuen unean. Ontziak kaira iristen ari ziren, eta berdelaren edo antxoaren deskarga egin ondoren, sarea garbitzen hasi da eskifaia osoa. Garabitik zintzilikaturiko sarea hamar bat arrantzaleren artean tolestatzen zuten moilan, puskatuta zegoen lekuan zapi zuri bat lotuz. Horrela ageri zen sarea lurrean, han-hemenka zapi zuriz markatua. Gero etorriko dira sare konpontzaileak, eta zuloak josten hasiko dira.

Hari begira, Euskal Herriaren metafora ezin hobea iruditu zait sarearena. Zapi bakoitzak seinalatzen du gure herriak daukan akats bat, matxura bat, hutsuneak, desorekak, zauriak, mendeetan gure herrian arrantzan ibili direnek eragindakoak. Sarea luzean etzanez gero, dena zapi zuriz markatua ikusiko genuke, gure muga administratiboak, muga mentalak, euskara desagerrarazi duten zonaldeak, kultura pikutara bota duten politikak, Madrilen eta Parisen hartu dituzten gure aurkako milaka erabakik egindako ebakiak. Hauts eginda dago, kasik, Euskal Herriaren sarea, zuloa ugariagoa du sare-begia baino.

Eta arrantzaleak ari ziren bezala, ikusten ditut politikariak, denen artean sarea are gehiago izorratzen, batzuek konponbide partzialak egiten saiatuz, eta besteak, aldiz, zuloak gehiago handitu eta zabaldu nahian, balio ez dezan gehiago nabigaziorako. Eta okerrena ez da hori, baizik eta sareak bi nagusi dauzkala, bi patroi, bata espainola, bestea frantsesa, gure herria osoki menderatu ezinik banatu egin zutenak, zati hau niretzat, bestea zuretzat.

Eta guztietan okerrena, oraindik ere, honakoa: independentistak sortu ordez, herri honetako politika negargarriak paktistak sortu dituela nonahi, inurriak bezain ugari.Paktistek patroiarekin nahi dute hitzartu sarea berreskuratzeko bidea, eta, borondate ona frogatzearren, prest daude sarea desegin arte zulatzen dihardutenekin elkarbizitzan egoteko. Emaitza: konpondu gero eta gutxiago, zulatu gero eta gehiago.

Eskuetatik kendu behar zaie patroiei sarea, eta zulatu nahi dutenak putzura bota, horrela deitzen diote portuko urari Getarian. Parabola sinple bat egin dut, korapilo konplikatuegiek ito egingo gaituztelako, gaur portuan deskargatu dituzten berdelak eta antxoak bezala.

Print Friendly, PDF & Email
About admin 124 Articles
Gure Berriak Euskal Herriaren independentziaren aldeko komunikabide bat duzue: herri gisa autoestimua indartu eta sendotzen laguntzeko tresna izan nahi duen komunikabidea; egunerokoan jasaten dugun “kutsadura ideologikoaren” aurkako sendagaia. Menpekotasunean dirauen herri baten seme-alabak gara, eta egoera horrek ezinbestean eragina du bizitzako arlo guztietan. Munduko beste edozein herriren antzera, eguneroko berriak ikuspegi propio batetik lantzea ezinbestekotzat daukagu. Guztiok politikarekin ezinbestean dugun lotura kontuan hartuz eta askatasun egarriak bultzatuta, webgunean topatuko duzuen material oro independentziarantz zuzendutako begiradapean jorratzea dugu helburu. .