EZINEZKOAK DIREN GAUZEN ZERRENDA

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

Pako Aristi

Elurra malko baten barruan,

arbola bat etxeko zapatiletan,

merkaontzia kafe kikaretan,

teilatuan elefante bi.

Ba ote gozorik galdu ez zuen amodiorik?

Traizionatu gabeko idealik?

Leial izateari uzten al dio jendeak

onura batzuengatik?

Non daude higatu ez ziren ilusioak?

 

Non daude, egotekotan,

Espainiaren aipurik gabeko prentsa,

gure erreferentzia nagusia nor den

gogorarazten krudelki egunero,

presorik gabeko espetxeak,

gure historiaren ezagutza aratza,

bat bilakatu den herri txikitua,

bere burua osorik ikusiko duen jendea,

ez besteak baino hobe edo kaskar,

bereizi baizik?

 

Ez dago ezer

ezagutzen dugunaz at

irudika dezakegunik,

beti hitz berberak errepikatzera

kondenatzen gaituen lausotasunean.

 

Argi-itzalak dauzka denon bizitzak.

Gerra injustuez beterik dago

munduaren desoreka erosoa.

Bortxa denek gaitzesten dute…

euren estatuarena ezik.

 

Hitzak galdu dituen gizakiak

ez du ezagutzen ahal

noren jarraipena den,

zertara etorria,

zer eginkizunen erantzule.

 

Hitzak ezagutza dakar,

ezagutzak irudimena,

eta irudimenak askatasuna

gogoaren mugak lehertuz.

 

Baina gutaz mintzatu behar zuten

hitzak ebatsi zaizkigunean

ezagutuko duzu

herri baten desegite borobila,

jendarte mutu multzo soila bihurtua,

hilzoriaren errezeta irentsarazi dioten

suizida talde alaia,

bizitzan eta historian zehar

ezer ikasi ez eta ondorengoei ere

ezjakintasunean jarraitzeko

aholkuak errepikatzera ohitu dutena.

 

Baldin eta bere pausoen galbideaz

ohartzen ez bada egun loriotsu batean,

instante txiki askotan,

urteetako estrategia eutsiaren buruan.

Orduan ezagutuko du bere burua,

bere tragedia, bere itxaropena.

 

Ezagutuko du berak erabili beharreko

hitzen zerrenda,

eta ulertuko du gogoaren mugak

lehertzen dituen askatasun hori baino

ez dela irauteko baldintza bakarra,

irauteko daukan azken aukera.

 

Orduan ikasiko du irudikatzen

elurra malko baten barruan,

arbola bat etxeko zapatiletan,

merkaontzia kafe kikaretan,

teilatuan elefante bi.

Print Friendly, PDF & Email
gureberriak
About gureberriak 383 Articles
Gure Berriak Euskal Herriaren independentziaren aldeko komunikabide bat duzue: herri gisa autoestimua indartu eta sendotzen laguntzeko tresna izan nahi duen komunikabidea; egunerokoan jasaten dugun kutsadura ideologikoaren aurkako sendagaia. Menpekotasunean dirauen herri baten seme-alabak gara, eta egoera horrek ezinbestean eragina du bizitzako arlo guztietan. Munduko beste edozein herriren antzera, eguneroko berriak ikuspegi propio batetik lantzea ezinbestekotzat daukagu. Guztiok politikarekin ezinbestean dugun lotura kontuan hartuz eta askatasun egarriak bultzatuta, webgunean topatuko duzuen material oro independentziarantz zuzendutako begiradapean jorratzea dugu helburu. .