Ez atzera, ez aurrera

Héctor López Bofill

El Punt Avui

2015-02-11

Subiranotasunaren azken urteetako ustezko garaipenetan bertan zegoen hilabete hauetako paralisiaren hazia. Ehunka mila lagun atera dira kalera Diadaren egunean, giza kateak osatu dituzte eta Bartzelonaren bihotzean V erraldoia egin dute, baina alaitasun kolektiboaren eztanda horietan, era berean, agerikoa zen gehienak ez direla gai independentziak eskatzen dituen neke handiagoko sakrifizio horiek egiteko.

Azaroaren 9ko parte-hartze prozesua une bikaina izan zen nazioaren aldarrikapenean, eta, hala eta guztiz ere, esan dezakegu galdu egin zela subiranotasun-erreferendum ofizial bat antolatzeko aukera, eta urte askoan inor ez da ausartuko halakorik eskatzera, tiro hori dagoeneko xahututa baitago. Herri libre zuzenagoko eta berdintasun handiagoko bat izateko ilusioak, gizarte-maila askoren oniritzia duen hori izateko ilusioak, lausotu egiten ditu estatu bat eraikitzeko behar diren bortxazko neurriak, eta estamentu politikoak muzin egiten dio botererako borondate hori sustatzeari, eta jendeak ez du eskatzen, ez baitago prest bolada batean gatazka gogor-gogor batekin bizitzeko, nahiz eta ondoren Europako hegoaldeko Holanda edo Danimarka izango garen.

Batzuek diotenez, «sekula ez gara joan hain urruti», baina esan beharra dago bakanak izan direla autonomiaren dinamika jo eta hausteko zantzuak, eta adibideak gehiago izan dira liturgiaren eta sinbolismoaren esparrukoak, politikakoak baino eta bete beharreko araudi berriak sortzekoak baino. Beste zenbaitetan esan dudan bezala, politikarien subiranotasun-adierazpen bakarra zera izan da: parte-hartze prozesuko buru izateko orduan Generalitateko presidenteak Espainiako Konstituzio Auzitegiaren erabakia bete ez izana.

Erabaki horrek sinesgarritasun politiko handiagoa eman dio Masi ‒eta horri esker atzeratu ahal izan du deialdia irailera arte‒, baina hortik aurrera keinu horrek nekez izango du beste ondoriorik, baldin eta desobedientzia ez bada berandu gabe orokortzen eremu publikoaren parte handi batean, aldebakarreko haustura bultzatzeko hala behar den esparruetan (zergak, defentsa, diplomazia).

Orain sentitzen ari garen desilusioa egiaztapen bati zor zaio: agerian geratu da prozesuaren bertute handienetako bat omen zena ‒alegia, gizarte zibila politikarietatik autonomoa zelako hori‒ neurri batean ez zela egiazkoa. Une larrietan, aparatu politikoaren borondatea gailentzen da, eta inor ez da joaten horko buruek proposatzen duten horretatik baino urrutiago. Hala erakusten du, batetik, ANCk Mas-Junqueras itunari oniritzia eman izanak, nahiz eta ANCren bide-orriaren arabera 2015eko Sant Jordi egunean-edo aldarrikatu behar zen independentzia, eta, bestetik, ANCren presidenteak azaroaren 9aren ondoren ezin sutsuago berehalako hauteskundeak eskatu izanak.

Herria ez da kapaz, geldialdi hau gertatu aurretik boladan zegoen esapide bat erabiltzearren, «haiek gainditzeko». Subiranotasunaren aldeko mugimendua igarotzen ari den basamortua, azken batean, lilura desagertzen denean geratzen den paisaia bezalakoa ageri da; erretorikak gehiago ematen ez duenean bezala da, alderdi politikoak betiko ohituretan kateatuta daudela jabetzen garenean bezala, zeinak ez baitira urrutiago joaten uste zutelako ‒herritarrek bezala‒ bozkatzea edo urtean behin kalera ateratzea nahikoa zela independentzia lortzeko.

Kontua da, batetik, zer gertatuko den askatasun nazionalaren alde dagoen iritzi publiko horretan zabaltzen ari den intuizio hori uste sendoa bihurtzen denean eta, bestetik, nola eramango dugun hilabeteak igaro arren estatu baterako egiturak ez sortzea eta aurrera ez egitea eta ikustea irailaren 27koak azkenean beste hauteskunde autonomiko arrunt batzuk bezalakoak izango direla. Desmobilizatuko al da jende gehiena? Espainiarekin hautsi gabeko emantzipazio nazionala agintzen dutenei emango al die botoa? Ala muturrera joko du oraindik sortu gabe dagoen mugimendu politiko batean bilduta? Nolanahi ere, kausa honen aldekoak gero eta gehiago izan daitezen saiatzea baino, beharbada, beharrezkoagoa da dagoeneko alde daudenak prest egotea bururaino iristeko.

Print Friendly, PDF & Email
gureberriak
About gureberriak 383 Articles
Gure Berriak Euskal Herriaren independentziaren aldeko komunikabide bat duzue: herri gisa autoestimua indartu eta sendotzen laguntzeko tresna izan nahi duen komunikabidea; egunerokoan jasaten dugun kutsadura ideologikoaren aurkako sendagaia. Menpekotasunean dirauen herri baten seme-alabak gara, eta egoera horrek ezinbestean eragina du bizitzako arlo guztietan. Munduko beste edozein herriren antzera, eguneroko berriak ikuspegi propio batetik lantzea ezinbestekotzat daukagu. Guztiok politikarekin ezinbestean dugun lotura kontuan hartuz eta askatasun egarriak bultzatuta, webgunean topatuko duzuen material oro independentziarantz zuzendutako begiradapean jorratzea dugu helburu. .