Ilusioak

II. Mundu Gerran, kontzentrazio esparru batean preso zegoen gizon batek amets bat izan zuen. Amets horretan, bere askatasuna irudikatu zuen, eta horrek,  kontzentrazio esparruko egoeraren larrian, tinko irauten laguntzen zion. Berarekin batera preso zegoen medikuak adi eta harrituta jarraitzen zion gizon horren eboluzioari. Horrelako egoera larrian  egonik ere amets hori zela-eta borrokatzeko ateratzen zuen indarrari eta kemenari erreparatzen zion. Egindako ametsa zen bizidunen munduan iraunarazteko gizon horren euskarria. Baina, amestutako egunera gerturatu ahala, pertsona horren osasuna okertzen hasi zen, eta egun seinalatua igaro bezain laster, heriotza iritsi zitzaion. Pertsonaren osotasun biopsikosoziala irudikatzen duen pasarte honek zenbait irakaspen ematen dizkigu. Victor E. Frankl psikiatra juduak,Man’s Search for Meaning (Gizona bizitzeko zentzuaren bila) izeneko liburuan, juduen bizitzako muturreko egoera horiek deskribatuz, hausnarketa egiten du pertsonok bizirik irauteko erabiltzen ditugun “armen” inguruan.

Bizitza oztopoz betetako bidea da, eta oztopoen kontra gogoz borrokatzeko, buruko indarra oinarrizkoa da. Zentzua ematen dio nork bere bizitzari, heldulekuak bilatzen ditu, bizitzaren sua bizirik mantentzeko. Oztopoak gainditzeko gai dela eta bizitzeko aukera duela irudikatu behar du pertsonak, sinistu egin behar du. Noski, gauza bera esango genuke herrien kasuan ere. Herriak eta pertsonak elkarrengandik bereizezinak dira, eta bizitzeko aukera dutela pentsatu ezean, heriotza iritsiko zaie. Muturreko egoerak, gainera, ez dira salbuespenak; preso zegoen juduaren kasuan bezala, preso dagoen herriaren bi aukerak muturrekoak dira: bizitza edo heriotza; independentzia edo hil. Ez dago beste aukerarik. Hortaz, bizi nahi badugu, bitzitzeko ilusioa izan behar dugu, geure herriaren independentzia lortzeko gai garela ikusi behar dugu.

Print Friendly, PDF & Email
gureberriak
About gureberriak 383 Articles
Gure Berriak Euskal Herriaren independentziaren aldeko komunikabide bat duzue: herri gisa autoestimua indartu eta sendotzen laguntzeko tresna izan nahi duen komunikabidea; egunerokoan jasaten dugun kutsadura ideologikoaren aurkako sendagaia. Menpekotasunean dirauen herri baten seme-alabak gara, eta egoera horrek ezinbestean eragina du bizitzako arlo guztietan. Munduko beste edozein herriren antzera, eguneroko berriak ikuspegi propio batetik lantzea ezinbestekotzat daukagu. Guztiok politikarekin ezinbestean dugun lotura kontuan hartuz eta askatasun egarriak bultzatuta, webgunean topatuko duzuen material oro independentziarantz zuzendutako begiradapean jorratzea dugu helburu. .