Urrezko kaiolaren paradoxa

Bazen behin batean herri aske bat, bere lurraldearen ezaugarrietara moldatuz izaera propioa garatu zuena. Zorigaitzeko egun batean, inguruko herri boteretsuagoek herri aske hori kaiola batean sartzera bortxatu zuten. Urte luzez kaiolan bizitzearen ondorioz, herritarrek ahaztu egin zuten herri aske bat izana zirena. Haien buruek ahaztuta bazeukaten ere, haien bihotzek, izan zirenaren gordeleku, «aske izango bagina…» amesten zuten.

Kaiolaren egitura, tamaina eta edukia aldakorrak izan dira; garai eta egoeraren arabera, urregorriz, zilarrez edota burdina beltzez osatuta egon da. Batzuetan, handia eta edukiz betea, erosotasun guztiak barne; besteetan, berriz, sufrimenduz betea.

Kaiolaren edukia aprobetxatuz, kaiolako herritarrek burdinazko kaiola zilarrezkoa izatea lortu zuten. Kartzelariek begi onez ikusi zuten aldaketa; bazekiten zer etorriko zen horren atzetik. Laguntza eta guzti eskaini zieten. Kartzelarien herritar asko kaiola barruan baino askoz penazago bizi ziren, eta kaiolara sartu ziren, etorkizun hobe baten bila. Kartzelarien lana egina zegoen. Kaiola barruan bertako herritarrak eta kartzelarien herritarrak nahastuak zeudelarik, denborak egingo zuen beste guztia. Kaiolara heldu zirenean, berriz, kartzelarien herritar batzuk argi ikusi zuten kaiola barruan berea ez zen beste herri bat zegoela. Beste herri hori onartu eta errespetatu zuten. Gaur, alegia, haiek eta haien seme-alabak kaiolako herrikoak lirateke, horrela sentituko balute. Beste batzuk, berriz, ez; horientzat askoz errazagoa zen beren izaera mantentzea eta kartzelaren existentzia bera ukatzea; askoren seme-alabak kartzelarien herrikoak dira, nahiz eta kaiola barruan jaio izan. Kartzelarien politikaren eta egoera demografiko berriaren eraginez, gutxi-gutxika kaiola barruko herria indargabetzen joan zen. Hala ere, herritarren bihotzek… «askeak izango bagina…» amesten zuten.

Egon ziren kaiolan egotetik probetxu atera zuten kaiolako herritarrak ere; etekin horiek mantentzea eta herriari kaiola barruan iraunaraztea izan da haien helburua urteetan zehar. Garai haietan, baziren herritar batzuk kaiola apurtu behar zutela esaten zutenak. Baina kartzelariek zin egin zieten kaiolari leiho zabalak jarriko zizkiotela eta leiho horiek ate ireki izatera helduko zirela. Herritarren artean hainbat iritzi zeuden. Kaiola barruko sasi-gobernuak zioen kartzelariek noizbait ateak irekiko zizkietela. Beste batzuek, berriz, kartzelariei men egiten bazitzaien, herriaren etorkizuna kaiola barruan ikusten zuten betiko. Egon ziren kaiola apurtzen saiatu zirenak ere, baina erabili zituzten tresnak ez ziren kaiola apurtzeko gai izan. Azkenean… leihoak zituen kaiola hobetsi zen… baina herriaren bihotzak…. «askeak izango bagina…» amesten jarraitzen zuen.

Horrela heldu dira gaur egun daukaten egoerara. Batzuetan, kartzelariek kaiolako hormak kanporantz mugitzen uzten diete. Orduan, «ezin gara kexatu», pentsatzen dute. «Askatasun nahikoa daukagu. Gure kartzelariak baino hobeto bizi gara eta…», esaten dute. Kartzelariak hauxe esaten diete: «Begiratu zelan bizi zareten. Ezin zarete kexatu. Zertarako nahi duzue kaiolako ateak irekitzea? Kaiolatik kanpoko mundua gogorra da. Gainera, zuek ez daukazue berezko eskubiderik. Eskubideak geuk ematen dizkizuegu. Kaiola hautsiz gero, gure legeak apurtuko zenituzkete, eta gure legeak onartzera derrigortuak zaudete» . «Egia da», pentsatzen dute herritarrek, «guk ez daukagu gure lege propioak izateko eskubiderik. Gainera, kaiola ikusi ere ez bada egiten… Ematen du askeak garela eta… Zertarako behar dugu benetako askatasuna?». Asimilazio bidean sartuak, kartzelarien herriarekin gero eta gehiago identifikatzen dira. Asimilazioak kaiola desagertzea ekarriko du halabeharrez, denak kartzelarien herritarrak izango baitira. Orduan, eta bakarrik orduan, herritarren bihotzak heriotzaren isiltasunean murgilduko dira.

Hori gertatzen ez den bitartean, kartzelariek, herritarrek beren buruarengan duten konfiantza indartuz doala ikusten dutenean, kaiolako hormak berriro estutzen dizkiete. Beti boterea nork duen argi utziz. «Herri bat gara, eta herriek berez duten eskubidea da aske izatea; hori da gure herriaren etorkizuna bermatzeko dagoen modu bakarra. Zergatik ez dugu kaiola apurtzen? Baditugu kaiola apurtzeko tresnak; ez diogu inori ezer eskatu behar», esaten dute herritar batzuek. «Ezin dugu! Ez litzateke demokratikoa izango», esaten dute haien buru politikoek. «Kartzelariek, leihoak jarri badizkigute, kaiolako ateak ere irekiko dizkigute noizbait. Kartzelariei esango diegu demokratak badira kaiola ireki nahi dugun ala ez erabakitzeko eskubidea eman behar digutela! Kaiola barruan sentsibilitate asko daude eta kaiolan gauden denok erabaki behar dugu». Urte luzeetan zehar kartzelarien propaganda entzuteak sentsibilitate desberdin horiek zelan sortu ziren ahantzarazi die. Kaiola barruan bizi diren guztiek herri bat osatzen dutela sinetsarazi diete. «Baina aske izan nahi ez dugula ateratzen bada? Ez genuke guk geuk geure heriotza sinatuko?», esaten du herritarren barruak. «Eta gure bihotzak? Gure bihotzek aske izango bagina… amesten jarraituko lukete».

Hona hemen urrezko kaiolaren paradoxa, egun batean askea izan zen herria kaiolan sartu zutenei eta hura desagertzea nahi dutenei zilegitasuna ematen. Beste herri bat preso daukan herria demokrata izan al daiteke? Nongo bide demokratikoetatik lortu dute beraiek izatea Euskal Herriari eskubideak ematen dizkietenak? Hemen dagoen itxurazko demokrazia hau antidemokratikoki ezarri da. Gure herriak, zapalduta dagoenetik, ez du ezer erabaki bere sistema politikoari buruz; dena ezarria da. Gaur onesten duten herria artifizialki sortua da; frankismoak babestua; zapaltzen gaituztenok beren nahiera osatu da. Batzuentzat, askatasun zuzena aldarrikatzea antidemokratikoa da; baina fikziozko demokrazia eta artifizialki sortutako populazioari erabakitzeko eskubidea aitortzea demokratikoa al da? Ez al da gure herriaren ukazioa?

Geure buruak oso kutsatuta daude; zaila da bizi eta entzun dugun guztiaren ostean errealitatea argi ikustea. Baina gure bihotzean, kontzientzia edo inkontzientzia kolektibo sakon batean, gure herri izaerak dirau. Horregatik, mirari bat badirudi ere, bizirik dihardugu. Burua eta arrazoia kutsatuta badauzkagu ere, entzun dezagun gure bihotza, gure barruan gure herri indarra eta izaera taupadaka dabil.

Jaione Ruiz

Print Friendly, PDF & Email
gureberriak
About gureberriak 383 Articles
Gure Berriak Euskal Herriaren independentziaren aldeko komunikabide bat duzue: herri gisa autoestimua indartu eta sendotzen laguntzeko tresna izan nahi duen komunikabidea; egunerokoan jasaten dugun kutsadura ideologikoaren aurkako sendagaia. Menpekotasunean dirauen herri baten seme-alabak gara, eta egoera horrek ezinbestean eragina du bizitzako arlo guztietan. Munduko beste edozein herriren antzera, eguneroko berriak ikuspegi propio batetik lantzea ezinbestekotzat daukagu. Guztiok politikarekin ezinbestean dugun lotura kontuan hartuz eta askatasun egarriak bultzatuta, webgunean topatuko duzuen material oro independentziarantz zuzendutako begiradapean jorratzea dugu helburu. .