Beñat Castorene – J.M. Odriozolaren «Nora goaz euskalduntasun honekin?» liburuaz

Ez da erraz zenbait lerro idaztea horrelako liburu bati buruz, beste liburu bat komentario merezi lukeelarik.

Gaurkotz, bakarrik eginen duguna da denen artetik ideia garrantzitsu bat hautatzea eta horren ondorio praktikoa irudikatzea.

Bizitzaren parte handiena Euskal Autonomia Erkidegoan euskara irakasten eta liburuak idazten pasatu ondoan, gure egilea konklusio larri batera iritsi da:

Berrogei urte hauetan, euskara zerbait dakitenen kopurua azkarki handitu arren, EAEn indarrean dagoen politika linguistikoak ez du segurtatu gure hizkuntzaren etorkizuna, haren irakaskuntzak ez baitu lortu espero izan zitekeen arrakasta.

D ereduak berak ez du mirakulurik egin; azkenean erdal elebiduna baita gehien ekoizten duena, hau da, espainolez euskaraz baino hobeki pentsatzen eta hitz egiten duen euskalduna du hezten.

Alabainan, ez zaio kulpa guzia irakaskuntzari bakarrari egotzi behar; 88. orrian justuki errana zaigunez, D ereduan hezi eta hazi diren ikasle horiei faltatzen baitzaie premiazko jarraipen nabari bat:

«…behin hezkuntza bukatzen dutenean euskaraz bizi eta lan egiteko aukera  izatea»

Ororen buru, errealitate tematsu baten aurrean gaude: salbuespenak salbuespen, erdarak segitzen du nausi izaiten giza harremanetan eta gutariko gehienen edo anitzen buru-muinetan ere.

Horrengatik, J.M. Odriozolak liburuaren tituluko galderari emaiten dion erantzuna ezin da esplizituagoa izan, erraiten baitu «euskalduntasun honekin» gure hizkuntza pixkanaka hiltzen doala, eta, harekin batera, euskal nazio osoa.

Sentitzen dugunez, testu honekin, Joxe Manuelek alarma jo nahi izan du, nehor seriorik eta onestik ez dadin bizi ilusio hilkor batekin.

Geure buruari aitortzen kostatzen zaigun porrot hau esplikatzeko, hemen aurreratzen duena oso zentzuzkoa da:

Gaurko munduan, estatuek dena eragin, moldatu eta kontrolatzen duten mundu honetan, euskarak, bizirik irauteko, beharrezkoa du, bada, ofizialki eta egiazki erabilia izaitea boterearen hizkuntza estandarra bezala arlo guzietan; batez ere, politikoan, administratiboan, kulturalean, unibertsitarioan, ekonomikoan…

Beraz, hortik ondoriozta daitekeen problemaren soluzioa, aterabide bakarra, zaila bezain nabaria da: izan ere, honek eskatzen du estatu aske bat existitzea, estatuaren politika linguistiko bat kementsua, eta, azkenean, gobernuak eta administrazioak –buru denak– etsenplua emaitea goitik beheraino.

Ageri da idazlearen hausnarketa garatu dela Euskal Autonomia Erkidegoan izandako esperientzia baten gainean, bainan arrazoinamenduak balio eiki du herri osorako.

Koska da, Iparraldekoei dagokienez, gure euskaltasuna jadanik galdutzat jotzen duelako. 119. orrialdean irakurtzen da:

«…Iparraldean bezala, funtzio informalen erabilerak ere erreka jo du. Iparraldean euskalduntasun sozialaren arrastoak iraungi egingo dira…»

Kondena hau adieraziz, idazleak ez dio erantzuten baizik Eneko Bidegainek egindako galdera larri bati (Berria, «Min aringarria», 2015-01-21):

«…egoera itzulipurdika daiteke ala berantegi da?»

Zorigaitzez, ezin dugu erran Joxe Manuel horretan oker denik.

Izan ere, Hegoaldeko abertzaletasunaren flakezia nabarmen da, eta, Iparraldean, mugimendu «abertzalea» gure aitzinekoen lehenagoko erregionalismo berera itzultzen ari da ahalkerik gabe.

Nehork, bada, ez diezaioke data bat eman Enekok artikulu bereko esaldi honetan ikusten eta opatzen duen soluzioari:

«…Euskal Herri osoak elkarturik eta estrategia bat adosturik jokatuz etorriko da…»

Alta, denbora berean, gurean, zalutasun izigarrian euskalduntasunak segitzen du desagertzen; besteak beste, etengabeko inbasio batek itoa.

J.M. Odriozolak jartzen gaitu, bada, ezohiko eta funtsezko galdera politiko baten aurrean:

Euskalduntasun kolektiboarenak betikotz egin duen lurraldeetan, zer egin dezakete bada amor eman nahi ez dutenek?

«Betikotz» diot, zeren 126. orrian egilearen aburuz:

«…garaiz konpontzen ez den hizkuntza arazoak ez daukala konponbiderik. Ez baitago modurik, demagun, frantsestu den eta frantses sentitzen den eta frantses izan nahi duen hura euskalduntzeko»

Euskara zoritxarrez galduko den eskualdeetan, euskal nazionalistek, erreskate moduan, estruktura sozioekonomiko egokien aukera aztertu beharko dute, zeinetan euskaldun egon nahi dutenak bilduko liratekeen eremu mugatu batean, sortzeko horretarako behar diren ezinbesteko baldintzak.

Joxe Manuel Odriozolaren testua ongi dokumentatua dago, aditu eta euskaltzale askoren iritzien gainean bermatzen da. Berdin latza izanikan ere, egia iduri zaiona erraiteko hautua egina du, oso ohikoa ez dena gure herrian.

Hala ere, zerbait kritikatzekotan, etniaren eta nazioaren artean egiten duen oposizioak gehiegizkoa iduri du.

Artetik erraiteko, emaiten du etniaz hitz egitea ahalegingarria bilakatu dela gaur.

Joxe Manuelek dioen bezala, etniatik naziora bada jauzi kualitatibo bat, hau da, gure etniaren iraupenerako euskal estatu bat behar dugulako kontzientzia eta nahia.

Alta, salbuespenak salbuespen, euskal kontzientzia nazionala gure etnian bakarrik sor daiteke; berak goragoko aipaldi horretan iradokitzen zuenez, jendalde arrotz bati, zernahi eginikan ere, ezin zaio buruan sartu euskal kontzientzia nazionalik. Jendalde arrotz horrek bere nazio kontzientzia propioa badu eta kito.

Aldiz, beste zentzuan, oso egia du gaurko mundu modernoaren baldintzetan, euskal etniak berak ez duela luzaz iraunen bere kontzientzia nazionala ez badu laster berpizten eta sendotzen.

2014. urtean jadanik agertutako Pako Aristiren «Euskararen isobarak» obraren ondotik, beste bat daukagu orai, euskalduntasunaren egiazko errealitatea ulertzeko aukera eta obligazioa emaiten dizkiguna.

Print Friendly, PDF & Email
gureberriak
About gureberriak 383 Articles
Gure Berriak Euskal Herriaren independentziaren aldeko komunikabide bat duzue: herri gisa autoestimua indartu eta sendotzen laguntzeko tresna izan nahi duen komunikabidea; egunerokoan jasaten dugun kutsadura ideologikoaren aurkako sendagaia. Menpekotasunean dirauen herri baten seme-alabak gara, eta egoera horrek ezinbestean eragina du bizitzako arlo guztietan. Munduko beste edozein herriren antzera, eguneroko berriak ikuspegi propio batetik lantzea ezinbestekotzat daukagu. Guztiok politikarekin ezinbestean dugun lotura kontuan hartuz eta askatasun egarriak bultzatuta, webgunean topatuko duzuen material oro independentziarantz zuzendutako begiradapean jorratzea dugu helburu. .