Hizkuntza minorizatua eta boterea

Gure herrian atzerritar gisa bizitzea.

Zer da boterea? Max Weberren arabera, norbaiti zerbait inposatzeko probabilitatea, baita bere borondatearen aurka bada ere.

Baina Paulo Freirek dioen moduan, boterea menderatuaren buruan gelditu behar da; horrela, naturaltzat joko du jaio denez gerotik inposatzen ari zaiona.

Botereak askatu egin dezake baina baita ere zapaldu. Hizkuntza baten erabilera boterearekin zuzenki eta estuki lotua dago. Botereak egiten du hizkuntza bat hegemonikoa edo minorizatua.

Hizkuntza komunitate batean, hizkuntza bakarra edo hegemonikoa denean, beharrezkoa eta nahikoa da. Horrek, komunitate horretako komunikaziorako, lanerako, harremanetarako eta hizkuntza horretan bizitzeko aukera guztiak bermatzen ditu. Naturaltzat jotzen da txikitatik ikastera behartu duen boterea. Bere komunitatean behar beharrezkoa izango duen hizkuntza jaiotzetik ikasitakoa da. Beste askoren artean, Espainia eta Frantziaz ari gara hitz egiten.

Gurea bezalako hizkuntza minorizatu baten kasuan, bizitza normalizatua ez du bertako hizkuntzak bermatzen; funtzio hori hizkuntza arrotz hegemonikoak betetzen du, boterearen bidez inposatutako hizkuntzak, alegia. Hizkuntza minorizatua erabili daiteke baina botere inperialistak ez du derrigorrez ezagutzea inposatzen. Horretarako, jaio orduko ikasi beharko litzateke euskara, eta inposizio hori naturaltzat joko genuke. Hemen, zoritxarrez, gero eta naturalagotzat jotzen duguna da gurea ez den hizkuntza bat ikasi beharra: espainolaren eta frantsesaren ezaguera.

Galdetu al diogu geure buruari noizbait zergatik ikasi behar izan dugun Euskal Herrian, nahitaez, gurea ez den hizkuntza bat? Zergatik inposatu den gurea ez dena eta gurea ez? Zergatik den naturala inposizio bat eta bekatu bestea? Eta zergatik onartzen dugun egoera hori normalitate bat bailitzan?

Guillem Calaforrak dio: “Minorizazio linguistikoa ez da naturala, ez da saihetsezina, prozesu historiko zehatz batzuen emaitza da. Hizkuntza komunitateak ez dira minorizatzen bere gutxiagotasun intrintsekoari jarraiki baizik eta asimilazio eta uniformizazio politika kontziente eta zuzenduei esker.

Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek hitz egiten ez dutelako baizik, esan zuen Artzek. Euskaldun zaharrak euskaldun berriei zuzenketa gutxiago egitea izango omen da, Hizkuntza Politikarako sailburuordearen iritziz, etorkizunean euskararen erabilera handituko duena.

Ez bat ez bestea; hizkuntza bat galtzen da botereak minorizatua bihurtzen duenean, beste hizkuntza hegemoniko baten mesedetan. Azken hau ikastera behartzen duenean eta aurrekoa ez. Botere arrotz batek bere hizkuntza inposatu digunean, aldatu egin du gure egoera eta errealitate soziolinguistikoa.

Guk boterea behar dugu. Orduan egingo dugu politika (indarra); orduan izango dira zentzuzkoak eta eraginkorrak hizkuntza politikak, orduan itzuliko dugu errealitate soziolinguistikoa bere egoera naturalera, eta gure hizkuntza hegemonikoa izango da Euskal Herrian. Bitartean, ez.

Botere hori independentziak soilik ematen du. Horretarako ere jarri behar dugu indarrean, bahituta dagoen Nafarroako Estatua.

Mikel Antza Etxegoien

Print Friendly, PDF & Email
gureberriak
About gureberriak 383 Articles
Gure Berriak Euskal Herriaren independentziaren aldeko komunikabide bat duzue: herri gisa autoestimua indartu eta sendotzen laguntzeko tresna izan nahi duen komunikabidea; egunerokoan jasaten dugun kutsadura ideologikoaren aurkako sendagaia. Menpekotasunean dirauen herri baten seme-alabak gara, eta egoera horrek ezinbestean eragina du bizitzako arlo guztietan. Munduko beste edozein herriren antzera, eguneroko berriak ikuspegi propio batetik lantzea ezinbestekotzat daukagu. Guztiok politikarekin ezinbestean dugun lotura kontuan hartuz eta askatasun egarriak bultzatuta, webgunean topatuko duzuen material oro independentziarantz zuzendutako begiradapean jorratzea dugu helburu. .