Independentzia da bakearen eta elkarbizitzaren abiapuntua

Maixa Uriarte irakaslea

Ohikoa izaten da, herri / kolektibo zapalduen testuinguruan, zapaltzaileak maila guztietan bere mundu ikuskera zabaltzeko grina. Modu horretan, egoeraren interpretazioa menderatzailearen betaurrekoen bidez egiten da. Horretarako, tresna ugari erabiltzen ditu, gordinetatik hasi eta ezkutukoetaraino. Azkenik, herri zapalduak bereganatu egiten ditu zapaltzailearen ideiak, eta haren mesederako jokabideak izaten hasten da, jakinaren gainean edo oharkabean.

Menderakuntzaren fase aurreratuetan, menderatzaileari beharrezko zaio zapalkuntzarik ez dagoela zabaltzea, modu horretan errazagoa baita talde azpiratua behin betiko asimilatzea eta desagertzea. Horretarako, zapalduaren atentzioa haren egoera errealaren pertzepziotik urrutiratu dezaketen hainbat trikimailu erabiltzen ditu.

Horren guztiaren adibide gisa, azken urte hauetan gero eta ozenago entzuten da «pentsaera politiko ezberdina» dutenen artean lortu beharreko zerbait dela Euskal Herriko bakea. Arazoaren muinetik urrunduz, geure herri zapalduaren atentzio guztia horretan jartzen da. Nabarmena da horretara bideratutako indar eta energia guztia ugarituz doala azken boladan, ideia hori geure artean barneratuz doan erakusgarri.

Baina gure herrian bakea lortzeko gakoa ez da «pentsaera politiko ezberdina» dutenen arteko besarkada. Izan ere, «pentsaera politiko ezberdinak» zapalkuntza politikoaren testuinguruan sortzen diren produktuak dira. Geure herria mendean daukaten eta desagerrarazi nahi duten egiturak dira gure arazoa, eta ez maila pertsonalean testuinguru horretatik sortzen diren produktuak.

Testuingurua gure herriaren kontrolpean badago, hau da, gure estatu propioa gureganatzen badugu, gure herria besteak bezain «plurala» izango da; jatorri askotako hainbat biztanle biziko da gure lurrean, baina horrek ez du zalantzan jarriko gure existentzia propioa.

Bakea eta egoera honen irtenbidea nahi baditugu, zapaltzailearen betaurrekoak kendu, eta gaiari sustraitik heldu behar diogu, arazoaren muina ondorioetatik garbi bereiziz. Eta garbi izan behar dugu: independentzia izango da bakearen eta «elkarbizitzaren» abiapuntua, bakea izango bada.

Print Friendly, PDF & Email
gureberriak
About gureberriak 383 Articles
Gure Berriak Euskal Herriaren independentziaren aldeko komunikabide bat duzue: herri gisa autoestimua indartu eta sendotzen laguntzeko tresna izan nahi duen komunikabidea; egunerokoan jasaten dugun kutsadura ideologikoaren aurkako sendagaia. Menpekotasunean dirauen herri baten seme-alabak gara, eta egoera horrek ezinbestean eragina du bizitzako arlo guztietan. Munduko beste edozein herriren antzera, eguneroko berriak ikuspegi propio batetik lantzea ezinbestekotzat daukagu. Guztiok politikarekin ezinbestean dugun lotura kontuan hartuz eta askatasun egarriak bultzatuta, webgunean topatuko duzuen material oro independentziarantz zuzendutako begiradapean jorratzea dugu helburu. .