Gaur 39 urte bete dira Elbira Zipitria hil zela

“Bere heriotza sugar txiki bat itzaltzea bezala izatea nahi zuen, eta horrela izatea eskatzen zion Jaungoikoari bere otoitzetan. Isilik alde egin nahi zuen, zalapartarik gabe, xumeki”.

“Elbirak aberria maite zuen edozeren gainetik, eta bizitza osoan lan egin eta borrokatu zuen haren alde. Bere azken nahia zen hura. Jaungoikoak bere ondora eramaten zuenean, lagunen eta ezagunen ondoan ez zuen ezer utzi nahi, izan zenaren arrastorik ere ez”.

Lehen bi paragrafo horiek Ilunetik argira Elbira Zipitria liburutik hartuak dira.

Haren izaeraren bi ezaugarri azpimarratu nahi nituzke beste askoren artean: abertzaletasun zintzo eta tinkoa, batetik, eta etsaiaren legedia inola ere ez onartzeko kemena eta indarra, bestetik.

Abertzaletasuna etxetik genekarren, noski, baina Elbirak betirako txertatu zigun gure burmuin eta bihotzetan. Lau urte zoragarri bizi izan nituen berarekin, 5 urterekin hasi eta 9 urte bete artean. Ez ditut sekula ahaztuko.

Eta zer esan bigarren ezaugarriari buruz? Ez zuen onartzen ikastola legeztatzearen kontu hori. Bazekien morrontza etor zitekeela bide horretatik, eta bere indar guztiekin egin zuen borroka, hori gerta ez zedin. Bazekien gurea guretik eraiki beharra zela, etsaien lege eta sistematik kanpo. Horrela sortu zen ikastola, eta horrela mantendu nahi zuen.

Haren lankideak, ordea, onartu egiten zuten ikastolak legeztatzeko etsaien lege hura, eta hari nola egokitu eztabaidatzen hasiak ziren. Elbirak ezin zuen hori jasan.

Horretan ere asmatu zuen: Orixe ikastola sortu eta berehala hasi ziren ikuskarien bisitak. Eta Espainiako gobernuak Villar Palasí deituriko legea onartu zuen 1970ean.

Zoritxarrez, gaur inposatu egiten dizkigute ikastoletan irakasten diren gaiak (guztiak ez badira ere). Eta euskaraz komunikatzeko gaitasun urriarekin amaitzen dituzte ikasleek ikasketak. Abertzaletasuna ere gutxi lantzen da eskoletan. Ilunean ari gara berriro.

Bego gugan zuk irakatsitakoa, Elbira: herri hau askatasunera eramateko bide bakarra erakunde propioak sortzea dela, edozein morrontzatatik libre. Eraman gaitzazu berriro argira.

Isilik alde egin nahi izan zenuen, zalapartarik gabe, xumeki, baina ohorezko lekua izango duzu beti herri honen historian.

Mikel Antza.

Zure ikaslea.

Print Friendly, PDF & Email
gureberriak
About gureberriak 383 Articles
Gure Berriak Euskal Herriaren independentziaren aldeko komunikabide bat duzue: herri gisa autoestimua indartu eta sendotzen laguntzeko tresna izan nahi duen komunikabidea; egunerokoan jasaten dugun kutsadura ideologikoaren aurkako sendagaia. Menpekotasunean dirauen herri baten seme-alabak gara, eta egoera horrek ezinbestean eragina du bizitzako arlo guztietan. Munduko beste edozein herriren antzera, eguneroko berriak ikuspegi propio batetik lantzea ezinbestekotzat daukagu. Guztiok politikarekin ezinbestean dugun lotura kontuan hartuz eta askatasun egarriak bultzatuta, webgunean topatuko duzuen material oro independentziarantz zuzendutako begiradapean jorratzea dugu helburu. .