Denbora aldakorrak daraman bidea

30 urte igaro dira Joxemiel Barandiaran hil zenetik. Ataunen jaio zen (Gipuzkoa), eta 102 urte betetzeko hamar egun falta zitzaizkiola hil zen. Ikertzaile nekaezina izan zen, eta lan oparoa egin zuen bizitza luze horretan. Etnografia eta arkeologia jorratu zituen, eta haren ikerketek oihartzuna izan zuten bai Euskal Herrian eta bai nazioartean ere. 1913an Leipzigeko unibertsitatean (Alemania) Wundt ikertzaile entzutetsuarekin egindako egonaldi batek bultzatu omen zuen Barandiaran Euskal Herria ikertzera, eta haren lan etengabeari esker ezagutzen dira gaur egun gure herriko hainbat ohitura, kontakizun eta aztarna arkeologiko.

Barandiaranekin batera lanean aritutako jende ugarik, haren heriotzaren ondoren ere, jarraitu izan du hark hasitako lana elikatzen, bai etnografia arloan eta bai arkeologian ere. Besteak beste, hark hasitako Euskal Herriko Atlas Etnografikoaren proiektua osatuz joan da urte hauetan guztietan, eta oraindik ere horretan dihardu ikertzaile andana batek. Harekin aztarnategi arkeologikoetan aritutako ikertzaileek ere jarraitu dute aurkikuntzak eginaz eta hausnarketak argitaratuz.

Joxemiel Barandiaranek galtzen ari zen mundu baten aztarnak jaso nahi zituen. Iraganari eta iraganeko bizimoduari erreparatzen zion, eta jaso egiten zituen galbidean ikusten zituen egiteko moduak. Eta, arrazoi zuen, galdu ziren egiteko eta ekiteko modu batzuk eta etorri ziren berriak. Berriak ere galduko dira, egiteko moduak ez dira-eta egonkorrak. Joxemiel Barandiaranek bere aurrekoen munduari begiratzen zion eta haren ezagutzari garrantzia ematen zion. Heriotzatik 30 urte igaro direnean, Barandiaran bera bihurtu da iragan. Gaurko unibertsitatean hark egindako lanaren analisiari ematen zaion garrantziak erakusten du argien arrazoi zuela, galdu egiten direla egiteko eta ekiteko moduak.

Print Friendly, PDF & Email
gureberriak
About gureberriak 384 Articles
Gure Berriak Euskal Herriaren independentziaren aldeko komunikabide bat duzue: herri gisa autoestimua indartu eta sendotzen laguntzeko tresna izan nahi duen komunikabidea; egunerokoan jasaten dugun kutsadura ideologikoaren aurkako sendagaia. Menpekotasunean dirauen herri baten seme-alabak gara, eta egoera horrek ezinbestean eragina du bizitzako arlo guztietan. Munduko beste edozein herriren antzera, eguneroko berriak ikuspegi propio batetik lantzea ezinbestekotzat daukagu. Guztiok politikarekin ezinbestean dugun lotura kontuan hartuz eta askatasun egarriak bultzatuta, webgunean topatuko duzuen material oro independentziarantz zuzendutako begiradapean jorratzea dugu helburu. .