Leonat Egiazabal – Ezari emana, ezak eraman

Agendaren arabera, egun hauetan Catalunya dugu sujeta, eta, bistan dena, agenda ezin saihestu… Herriak klase politikoarekin batera ezarria denez, onetsiko dugu, baina, jeloskeriaz ikusirik ere, ez dugu Kataluniako hiritartasuna eskatuko, gu gurera: Eskuararen Herrian zer?
Politika mailan, jokaera egonikoa, eutanasikoa nerrake, eta lehen harritzekoa bazen, gaur, testuingurua ikusirik, ezaxolakeria historikoa dirudi.

Zer bilakatu da abertzaletasuna askatasuna hiztegi-ordezkatze bidean galdua? Zer leku dauka eskuarak helburu politikoetan edo, bederen, diskurtsoetan? Eskuararen ildotik eraikitako nazioa, Eskuararen Herria, erlatibizatzen hasia den ideia dugu; haboro ere, gaur nazio kontzeptua bera balizko hiritartasun baten atomo inorganiko anitzetan da urtzen. Egun, askatasuna eta eskuara uztartzerik ez; hiztegi politikotik kanpo utziak, hitz magikoen funtziora gelditu dira baztertuak. Abertzaletasuna izan dugu modernitatean, eta postmodernitateak postabertzaletasuna digu oparitu. Abertzaletasuna, nazio mailako mende beteko eraikitze prozesu latz eta luzea, harriz harri deseraikitzen ari da, menperatzailearen ideologia ongi barnaturik. Herri gisa suizidiorako mezuak ugarituz, txikiak, txikituak, guti, gutituak garela, mea culpa anitz, autogorrotoa gehiegi, itxiak izan garela, arrazistak, zuriak, eta abar. Hauek guztiek osatzen dute, dogma bilakaturik, gure aurreiritzi berriek eginiko kaiola berritua.

Eskuarak zer leku dauka egun bere munduko xoko bakarrean? Xokoratuena. Politika egiterakoan: lekuko historikoarena menturaz, liturgikoa segurki. Eskualtasuna –eskuarak emaiten diguna– segurtatua bagenu bezala jokatzen da, eta honetan datza tronpatze historikoa, funtsean politikoki eskualdunak ez baikara deus. Zergatik, ba? Eskualtasuna, izaitetik ukaiterat beheititua izan baita. Eskualdunen espainoltze eta frantseste prozesua bukaturik, gaur bitxi agertzen da eskuara nortasun emaile, eta gero eta gehiago, ukaiteko trebezia. Trebezia baizik izanki, ezinbertzez oro erdaldunduak, eta menperatzaileen arabera eskolak moldatuak, egun berez eskualdunik ez da, baizik eta eskuara dakienik, ahal bezala gainera. Ezari emana dugu eskualtasuna, eta ezak eraman.

Hala gauzak, eskualdunak ez gara subjektu politiko, funtsean ez baikara. Ez-gizakiak gara, eta gehiago ere: guhaurek ez dugu askorik sinesten zerbait ote garen.
Frantz Fanonek, gutarik askok ez bezala, bazekien ongi beltza zela, eta, arrazakeriaz mintzo zelarik, izaite eta ez izaite zonaldeak ezagutarazi zituen: bai Martinikan, bai gurean ez bera dugula.
Erdal munduan, eskualtasuna, haren egoera eta izaera bera adieraztea ezkertiarrenen artean ere zaila da arrunt. Ez gaituzte ikusten, eta ikustera entseatzean ere, paternalismoz bista dena, ez gaituzte serioski hartzen. Eta, honetaz okerrena, ezarririko mugetan egokituak, ez dugu serioak izaiteko helbururik! Fanonek, alta, bazuen abantaila bat: fisikoki zen beltza, gu ez bezala; gu kameleoiak gara, eta ederki ikasia dugu behar delarik desagertzen, guhauren burua ukatzen. Naturaltasunez, kasik era zibernetiko batez deseskualduntzen gara, egun oroz eta gizaldiz gizaldi.
Kameleoitasun honek ez du lekurik uzten politika mailan eskualdun agertzeko. Autoukazioan bizi behar, burua ez diezaguten motz ez dezagun gora; badaezpada, apal-apalik!
Abertzale mundu ttipian, beraz, eskual kontzientzia eskasa eta boterearen ukazioaren aldeko diskurtsoa gainetik, baldintza txarrak ditugu eskuararen herria garatzeko. Hortaz, azken mendean berririk ez Eskual Herrietan, eraikitze eta deseraikitzeaz bertze; eskualdunak ez du atxeman bere nortasuna afera politikoen artean serioski ezartzen, eta etxeko afera bezala dirau.

Betiko diagnostiko negargarria eginik, orain zer? Abertzaletasuna eskuararen zutarri sendoekin birsortu beharra dago. Bahitu diguten historia berreskuratuz, historiaren mirailean zer garen eta zer bilakatu gaituzten argi ikusiz; egun gizaki bezala jokatzeko botereak emaniko ez-lekuetatik ateraz. Gauden etnozidio garaian, izan liteke azken borroka, edo lehena, gizatasuna berreskuratzekoa. Testuinguru historikoa ozen mintzo da, bai Madril aldetik bai Katalunia aldetik; baiaz jokatzeko tenorea dugu. A! Gu ez gara Catalunya; izatekotan, Eskual Herria gara…

Leonat Egiazabal (Uruguai)

Print Friendly, PDF & Email
gureberriak
About gureberriak 383 Articles
Gure Berriak Euskal Herriaren independentziaren aldeko komunikabide bat duzue: herri gisa autoestimua indartu eta sendotzen laguntzeko tresna izan nahi duen komunikabidea; egunerokoan jasaten dugun kutsadura ideologikoaren aurkako sendagaia. Menpekotasunean dirauen herri baten seme-alabak gara, eta egoera horrek ezinbestean eragina du bizitzako arlo guztietan. Munduko beste edozein herriren antzera, eguneroko berriak ikuspegi propio batetik lantzea ezinbestekotzat daukagu. Guztiok politikarekin ezinbestean dugun lotura kontuan hartuz eta askatasun egarriak bultzatuta, webgunean topatuko duzuen material oro independentziarantz zuzendutako begiradapean jorratzea dugu helburu. .