Justizia koloniala

Iñigo Larramendi, ekonomialaria. Gasteiz

 

 

Bere historia ezagutzen ez duen herria hura errepikatzera behartuta dago. Milaka aldiz entzundako leloa, nekatzeraino. Baina, hala ere, behin eta berriro betetzen dena.

Azken egunetan, beste behin ere, Frantzia eta Espainiako epaitegiek beren zeregina bete eta gogorarazi digute, kasu honetan hizkuntzaren arloan. Deigarria da gurean jokabide horrek piztu duen harridura. Esate baterako, Euskalgintzaren Kontseiluak “politikotzat” jo du espainiar epaitegien ebazpena. Antzeko mezuak entzun ditugu mugaz bi aldeetako kultura eta politikaren arloko hainbat ordezkari eta talderen ahotik. Alegia, hau ezustekoa dela, salbuespena dela, edo epaileen arazoa dela.

Ez dakit errealitate berean bizi ote garen, baina garai honetan bi estatu-inperioen justiziak menpeko herriak txikitzeko makineria baten azken giltzarrapoa baino ez direla ohartzea bai dela harrigarria. Makineria politikoa, bai, hasieratik amaieraraino. Ez dago politikoa ez den erakunderik munduan, esan gabe doa. Kontua da politika hori, Frantzia eta Espainiaren kasuan, politika KOLONIALA dela, argi eta garbi esanda. Baina hori ez diogu inori entzun: harrigarria… ala ez?

Kartetako jokoan, politikan bezalaxe, irabazi edo galdu egiten da, hori da jokoaren muina eta bizigarria. Baina, horretarako, jokoak garbia behar du izan. Mahaia, kartak, ateko giltzak eta mahai gainean dagoen pistola jokalari bakar batenak direnean, eta gainera jokalari horrek eskupean beste lau edo bost errege dituenean, beste jokalariek ez daukate irabazterik. Norbait harritu al daiteke horretaz? Beste jokalari batek, hala ere, irabazi dezakeela uste baldin badu, hiru aukera daude: gaixorik dago, erabateko ezjakitasunean bizi da edo jokalari nagusiaren soldatapekoa da. Edo hiruren nahasketa bat, auskalo.

Aitortu behar da azken hamarkadetan izugarri egonkortu direla Frantzia eta Espainiaren sistemak gurean. Sinestuta gaude prozedura juridiko bat aurkituko dugula, bozketan ehuneko bat lortuta gauzak aldatuko direla, Espaniari eta Frantziari modu demokratikoan jokatzeko eskatu dakiekeela. Baina hori ez da sekula gertatuko. Ez dute sekula euskara eta erdararen arteko parekotasunik onartuko, ez dute sekula Trebiñu Araban sartzea onartuko, ez dute sekula euskal selekzioen ofizialtasunik onartuko, ez dute sekula aldebikotasunik onartuko. Horiek ez baitira sistemaren gabeziak, sistemaren helburua baizik.

Herri baten asimilazioak hiru urrats ditu: indarrez gauzatutako konkista, gizartearen kontrol politiko-ekonomikoa, eta nortasunaren ezabaketa. Eta uste baino askoz aurrerago gaude gainbeherako bide horretan.

Gizartearen kontrola, gurean, eliteen atxikimenduan oinarritu da, gutxienez 1076tik, Gaztelak eta Aragoik Iruñeko erresuma banatu zutenetik. Ez da sekula Harotarrik falta gurean. Makiavelori jarraituz, konkistatzailearen menpeko botere guneak sortzea da kontrol hori gauzatzeko modurik errazena, eraginkorrena eta merkeena, konkistatutakoak bere buruaren asimilazioa kudeatuko baitu. Eta “sasibotere” gune horiek konkistatzailearen borondatetik aldentzen ez direla bermatzea da Justiziaren zeregina.

Menpeko herria kontrol horretaz ez jabetzea da nortasuna ezabatzeko lehenengo urratsa. Oso urrun jo gabe, 1841era arte ezin zen nafarrik epaitu Nafarroatik kanpo. Gaur, aldiz, sistema hori ordezkatzeko Madrilek eratu zuen sistema omen da defendatu behar dena. EAEn, Hitzarmen Ekonomikoaren ustezko “blindatzeak” esan nahi du ezadostasun egoeretan Espainiako Auzitegi Konstituzionalak erabakiko duela, Auzitegi Gorenaren ordez. Horrek beste autonomia erkidegoen helegiteak ekiditen ditu, bai; baina Espainiak eusten dio azken hitzari. Eta eutsiko dio, ideologia berbera baita erakunde horiena guztiena. Eta, Frantzian, beste hainbeste.

Oharkabetasun horren ondorioz herriak bere ohiturak gutxiesten dituenean (zein da euskal nortasunaren tokia “aniztasun” delako horretan?), eta konkistatzailearen lengoaia bereganatzen duenean, aurrera segitzen du asimilazioak. Gaur mila afera omen daude aldarrikatzeko, baina herriaren askatasuna, independentzia, ez dago haien artean, antza.

Herri oroimena eta kontzientzia historikoa erabat ezabatzen direnean, akabo herria. Ez da geroztik herririk izango, eta historian ere ez da herririk egongo. Ahanztura da herri baten heriotza.

Eta zer egin, orduan? Lehenik eta behin, menpekotasun egoeraz kontzientzia hartu eta hura aldarrikatu, txikitasun konplexurik gabe. Independentziarik gabe, desagertzea baino ez dagokigu. Kito. Bigarrenez, askatasuna egunerokotasunean gauzatzen dela ohartzea. Ez gara bozketa batean euskaldun edo nafar bezala libre izango, egunero espainiar nahiz frantziar bezala jokatzen badugu. Badaude euskaldunontzat hain mingarriak suertatu zaizkigun ebazpen horietaz enteratu ere ez diren milaka euskal herritar. Ikusi nahi ala ez, Espainia eta Frantzia dira haien nazioak. Eta horiek ez ditugu arrazoi politekin konbentzituko egunero espainiar nahiz frantziar bezala jokatzen jarraitzen dugun bitartean. Independentzia egunero-egunero eraiki behar da.

Agerizkoa da errepresioaz erantzungo dutela alboko bi estatuek. Beste era batera erantzuten ez dakite. Baina, haiek baino indartsuagoa ez bazara, okupazioa haientzat garestiegi eta neketsuegi bihurtzea da bide bakarra.

Justizia kolonialaren aurrean, espaniar/frantziar bezala edo euskaldun eta nafar bezala jokatzea: hori da gure esku dagoen erabaki bakarra.

 

 

Print Friendly, PDF & Email
gureberriak
About gureberriak 383 Articles
Gure Berriak Euskal Herriaren independentziaren aldeko komunikabide bat duzue: herri gisa autoestimua indartu eta sendotzen laguntzeko tresna izan nahi duen komunikabidea; egunerokoan jasaten dugun kutsadura ideologikoaren aurkako sendagaia. Menpekotasunean dirauen herri baten seme-alabak gara, eta egoera horrek ezinbestean eragina du bizitzako arlo guztietan. Munduko beste edozein herriren antzera, eguneroko berriak ikuspegi propio batetik lantzea ezinbestekotzat daukagu. Guztiok politikarekin ezinbestean dugun lotura kontuan hartuz eta askatasun egarriak bultzatuta, webgunean topatuko duzuen material oro independentziarantz zuzendutako begiradapean jorratzea dugu helburu. .