Bota dezagun etsaien demokrazia zerri askara

Unai Villacorta, Urruña.

Txikitan sinetsarazi zidaten Olentzero izeneko ikazkin batek urtero abenduaren 24 gauean Euskal Herriko haur guziei opariak ekartzen zizkiela. Handituz ulertu nuen gezurra zela, noski. Sinetsarazi zidaten ere nire hortzak erortzean eta ohean uztean sagutxo bat pasatzen zela buruko azpian oparitxo bat jartzera. Hori ere gezurra. Gerora sinetsarazi nahi izan zidaten kartzelan nituen senideek gaiztakeriak egin zituztela, errealitatean Euskal Herriaren alde duinki borrokatu ziren arren! Beste ziri asko sartu nahi izan dizkidate bizitza honetan: espainola nintzela, Euskal Herria ez zela existitzen, kapitalismoan berdintasuna posible zela, edota bortizkeriarik gabe edozein proiektu politiko defenda zitekeela.

Frantziako eta Espainiako estatuen menpe egonda ere gure hizkuntza babestea posible zela entzutean etorri zitzaizkidan aurreko adibide guztiak gogora. Izan ere, joan den apirilean hizkuntza gutxituak (nork gutxituak?) babesteko legea onartu zuen Frantziako gobernuak. Askok historikotzat jo zuten euskararen etsaiak emandako ogi papur hori. Hara non, Frantziako konstituzio kontseiluak legea atzera bota duen. Barkatuko didazue, baina ni ez nau harritu erabakiak; ez naiz zur eta lur gelditu, alegia. Erabaki berri hau Frantziaren historiarekiko eta Frantziako konstituzioarekiko guztiz koherentea da. Konstituzio horren bigarren artikuluak argi uzten du Frantziako hizkuntza frantsesa dela. Eta hori hala izateko borroka itzela egin eta egiten diote euskarari, nahiz menpean dituzten beste hizkuntzei ere. Bidasoaren beste aldera begiratuz ere, argi gelditzen da Espainiako Estatuak emandako autonomia estatutu pozoitsua ere hutsaren hurrengoa dela, Irunen gertatutako euskararen kontrako azken erasoa dugu lekuko.

Euskal Herrian Euskaraz gure hizkuntzaren babeserako eta defentsarako erakundeak argiki adierazi duen bezala, Euskal Herriak, euskararen herriak, independentzia behar du! Eta ez gaitezen tronpa: independentziarekin agian euskara ez da salbatuko, etsaien menpe egonez seguru ezetz.

Beste gauza bat ere deigarria egin zait hizkuntza gutxituak babesteko legea atzera botatzeagatik egon diren erreakzioetan. Bakegile (niretzat, asimilaziogile) famatu bilakatu den eta “iparraldeko lehendakari” goitizena jasotzera iritsi den Jean-René Etchegarayk terminologia militarra erabili du: “Gerla deklarazioa da tokiko hizkuntzen kontra”. Guztiz ados nago horrekin, baina zorionez iraganeko esperientziek inuzente ez izaten erakatsi didate, eta letra txikia irakurtzean hauxe agertu zait: “Errepublikaren hizkuntza frantsesa bada ere, tokiko hizkuntzak Frantzia osatzen duten lurraldeen izateen adierazgarri onenak dira”. Nik uste ez dela gehiago gehitu beharrik, ainitz erran baitu hitz gutxitan. Horrelako jendearekin eraiki behar al dugu biharko Euskal Herria? Aberri txikia eta aberri handiaren ideia zaharra berpiztu nahi duzue?

Gure arima hiltzen uzteko bezain odolgalduak al gara?

Print Friendly, PDF & Email
gureberriak
About gureberriak 383 Articles
Gure Berriak Euskal Herriaren independentziaren aldeko komunikabide bat duzue: herri gisa autoestimua indartu eta sendotzen laguntzeko tresna izan nahi duen komunikabidea; egunerokoan jasaten dugun kutsadura ideologikoaren aurkako sendagaia. Menpekotasunean dirauen herri baten seme-alabak gara, eta egoera horrek ezinbestean eragina du bizitzako arlo guztietan. Munduko beste edozein herriren antzera, eguneroko berriak ikuspegi propio batetik lantzea ezinbestekotzat daukagu. Guztiok politikarekin ezinbestean dugun lotura kontuan hartuz eta askatasun egarriak bultzatuta, webgunean topatuko duzuen material oro independentziarantz zuzendutako begiradapean jorratzea dugu helburu. .