“Zapalkuntza alde guztietatik”

“Karnabalak zapalkuntzaikpe” irakurtzen nuen joan zen inauteri larunbatean Balda plazan. Hasiera batean ez nuen mezua guztiz ulertu, azpian Sostenipe elkarte feministaren sinadura ikusi nuen arte. Sena zuzen ari zitzaidan lanean, zapalkuntza matxistaren eta biolentzia heteropatriarkalaren kontrako mezua zen. Ondo egina!

Herri parekidean eta zapalkuntzarik gabekoan sinesten dugunok amorruz eta frustrazioz bizi dugu beren bikotekidearengandik tratu txarrak jaso edota erailak izan diren emakumeen kopuruak entzuten ditugun momentua. Beti ahalegindu izan naiz zapaldutako emakume horren azalean jartzen, eta bera izan banintz, zer erabaki hartuko ote nituzkeen pentsatzen.

Gauza bat argi daukat: ez litzaidake burutik pasatu ere egingo emakume horri esatea bere bikotekidearekin elkarbizitza eta bizikidetza egoerara iritsi behar duela. Are gutxiago aldebikotasun harreman batetik; gizon oldarkor eta matxista zapaltzailea bortizki zapaldutako emakumearen maila berean ezarri eta biak konponbide demokratiko batera ailegatzera bultzatzea. Noski ezetz, ez dago bizikidetza posible eta zilegirik. Gizonezkoa etxetik bota eta judizialki prozesatua izan behar da, eta kito. Bestela, emakume hori egunen baten hilik azalduko da edo pixkanaka hiltzen joango da agonia luze batean.

Gaur egun, gai honen inguruan lortutako adostasuna nabaria da; gizon horri egin behar zaionaz ez da eztabaidatzen. Argi dago, punto. Bestalde, batere argi ez duguna zera da: herri eta nazio moduan euskal herritarrok pairatzen ditugun zapalkuntzen aurrean zer egin behar dugun. Irudikatu honakoa: emakume zapaldua Euskal Herria da, eta gizonezko matxista zapaltzaile oldarkor batekin nahikoa ez, eta zoritxarrez bi ditugu etxean, frantsesa eta espainiarra. Bota ditzagun etxetik, ezta?

Baina ez, horretan ez dago adostasunik, “hori beste kontu bat da”, entzuten dut bazterretan. Noraezean gaude, auto-otzanduta, auto-gorrotatuta, auto-zatituta… azken finean, injustizia eta delitua existitzen direla ere ukatzeraino. Etsaiak pozarren daude. Mendeak joan eta mendeak etorri, gure lurretan ditugun bi egitura zapaltzaileek, inperialistek eta kolonizatzaileek konkistatu, masakratu, asimilatu… egin gaituzte, genozidioa, feminizidioa eta etnozidioa praktikatuz. Begiratu, adibidez, euskararen galeraren mapa edota gogoratu Zugarramurdiko sorginen erreketa.

Horretaz guztiaz jakitun izan arren, uste dugu etsai horiekin tratuan edo etsaiaren peko sistema %100 demokratiko horretan aitortuko dizkigutela gure eskubide eta askatasun kolektiboak. Etsaiari legitimitate hori emateko prest gaude behin eta berriz zapaltzen gaituenean? Herri kolonizatuaren autoestimu faltaren seinale itzela. Hori gutxi balitz bezala, etsaiek beraiek zatitutako herri honetako autogobernu hilgarrietako agintariek beti mezu positibo eta baikorrak dituzte hitzetik hortzera, Matrixen bizi izango bagina bezala. Baina zeinen buruan sartzen da hori?

Balda plazan bertan, Galipanen, 2050. urtea irudikatzen zen, plastikozko itsaso, atmosfera kutsatu eta animalia espezie desagertuen argazkiz. Nik beste zerrenda bat gehituko nioke: nazio desagertuena. Europako naziorik zaharrenetako hau badoa, agonia eta eutanasia luze eta inkontziente batean. Egunen batean ustekabean hilik azalduko da, denok ezagutzen genuen emakume hura bezala. Kontzientzia har dezagun, faborez.

Ekaitz Etxezarreta Ibañez.

 

*Jatorrizkoa Azkoitiko MAXIXATZEN aldizkarian argitaratua.

 

Print Friendly, PDF & Email
gureberriak
About gureberriak 383 Articles
Gure Berriak Euskal Herriaren independentziaren aldeko komunikabide bat duzue: herri gisa autoestimua indartu eta sendotzen laguntzeko tresna izan nahi duen komunikabidea; egunerokoan jasaten dugun kutsadura ideologikoaren aurkako sendagaia. Menpekotasunean dirauen herri baten seme-alabak gara, eta egoera horrek ezinbestean eragina du bizitzako arlo guztietan. Munduko beste edozein herriren antzera, eguneroko berriak ikuspegi propio batetik lantzea ezinbestekotzat daukagu. Guztiok politikarekin ezinbestean dugun lotura kontuan hartuz eta askatasun egarriak bultzatuta, webgunean topatuko duzuen material oro independentziarantz zuzendutako begiradapean jorratzea dugu helburu. .