Beñat Castorene – Zer den 1789ko Iraultza gu Iparraldeko euskaldunontzat

1789ko Iraultza handia gertakari erabakigarria izan da frantziarrentzat. Aldiz, ondorio larriak ukan zituen Iparraldeko euskaldunentzat, eta ezinbestekoa da ulertzea zertan datzan guretzat larritasun hura.

Ordu hartan, gobernu iraultzalariak ukatu zuen Euskal Herriaren existentzia bera; alegia, ukatu zuen bere hexagono santuan frantziarrenaz aparte beste nazio bat ere izan zitekeenik. Horrengatik, existentzia horren zantzu etniko eta ezaugarri politiko guziak errotik eta sistematikoki ateratzen eta suntsitzen ahalegindu zen. Nola? Gure hiru probintziak eta haien aspaldiko mugak ezabatuz, haien instituzio politiko tradizionalak suntsituz –batez ere, Lapurdikoak–, gure herri guzia Baiona eta Paue hirien menpekotasun politiko eta administratiboaren pean jarriz eta, araiz, frantses hizkuntza inposatuz euskararen kontra. Pentsa ezazue!, joan ziren gure herrien euskal izenak erdal izen irringarri batzuekin aldatzeraino: Donibane Lohizune Chauvin mondragon bataiatu zuten; Baigorri, Thermopiles; Uztaritze, Marat sur Nive

Ordutik gure herriak eta gure nazioak ez dute errekonozitutako existentzia politikorik. Gure arbasoen kontra erabilitako biolentzia ez zen izan Iraultza barruan lastimazko gehiegikeria sinple bat, baizik eta Frantziako Errepublikak helburu politiko inperialista zehatz baten zerbitzuan gure herriaren kontra eramandako gerla bat. Eta erratea, batzuetan entzuten den bezala, ezin justifikatuzko egitate etnozida horiek beharrezkoak zirela “Argien Mendeko” ideia progresistak gurean sarrarazteko ez da iruzur inperialista huts bat baizik, guhaurek euskaldunok batzuetan inozoki sinesten duguna. Izan ere, Rousseau edo Diderot filosofoen ideiek, adibidez, ez eiki zuten armada inperialisten laguntza behar gure herrian sartzeko. Izan ere, ideia horiek gurean baino ezagutuagoak dira Ingalaterran, zeina sekula ez baitute inbaditu.
Gure alderako iraultza horren politikaren esanahi gordinaz jabetzen ez gareno, ez ditugu ulertuko Iparraldearen gaurko egoera politikoa eta gure politikari gehienen errua.

Print Friendly, PDF & Email
gureberriak
About gureberriak 383 Articles
Gure Berriak Euskal Herriaren independentziaren aldeko komunikabide bat duzue: herri gisa autoestimua indartu eta sendotzen laguntzeko tresna izan nahi duen komunikabidea; egunerokoan jasaten dugun kutsadura ideologikoaren aurkako sendagaia. Menpekotasunean dirauen herri baten seme-alabak gara, eta egoera horrek ezinbestean eragina du bizitzako arlo guztietan. Munduko beste edozein herriren antzera, eguneroko berriak ikuspegi propio batetik lantzea ezinbestekotzat daukagu. Guztiok politikarekin ezinbestean dugun lotura kontuan hartuz eta askatasun egarriak bultzatuta, webgunean topatuko duzuen material oro independentziarantz zuzendutako begiradapean jorratzea dugu helburu. .