Zapalkuntzatik askatasunera: Sarrera

“Any function in the child ́s cultural deve­ lopment appears twice, or on two planes. First it appears on the social plane, and then on the psychological plane. First it appears between people as an interpsychological category, and then within the child as an intrapsychological category” (Haurraren garapen kulturalean, funtzio guztiak bi bider edo bi planotan azaltzen dira. Aurrena, plano sozialean, eta, hurrena, plano psikologikoan. Aurrena, gi­zartean, kategoria interpsikologiko gisa, eta, hurrena, haurraren baitan, kategoria intrap­sikologiko gisa).

Lev Vygotsky

SARRERA

Mendeetan tratu txarrak jaso dituen herri bat gara. Hori ez da gure herriaren ezaugarri hutsal bat, oso sakona den zerbait baizik. Gure bizkarraren gainean daramagu denbora luzeko sufrimendua, mina… Pisu astuna daramagu geurekin. Tes­tuingurua ez da aldatu, eta belaunaldiz belaunaldi jaio diren adaxka gazteek eta bide amaieran dauden zaharrek ere, denok barneratu dugu urruneko garaietatik datorren eta guk geuk nozitutako sufrimendu hori.

Gutako bakoitzak gorpuzten du mina, ezina, erresistitu na­hia, bizi nahi eta ezina… gutako bakoitza baita herria, eta he­rria gutako bakoitza baita. Gu gara herria, eta herria gu da, ezin baita bereizi norbanakoa bere herritik. Gutako bakoitzaren (herriaren) jokabideetan, erraietaraino barneratutako azpiratu konplexua aurki dezakegu.

Ez gara salbuespena. Azpiratutako herri edo talde bakoitzak bere ezaugarri bereziak izan arren, hainbat faktore komun ditugu. Horrelakoetan gertatu ohi den bezala, azpiratze prozesuan iragandako hainbat faseren ondoren, une gogor batera iritsi gara gu ere. Zauritua dago gure begirada, azpitik begiratzen diogu munduari, barneratu dugu gutxiagotasun konplexua. Kanpotik jarri dizkigute kate sendoak, baina barruraino sartu digute haien pozoia, eta haien bidez ikusten dugu mundua. Kateek ez dute hain agerikoak izan behar, pozoiak egiten baitu lana eguneroko gure jokabide guztietan.

Azpiratutako taldeko norbanakoetan pozoi hori txertatzea funtsezkoa izaten da sistema zapaltzailea mantentzeko. Horrela lortzen baita, txotxongiloen antzera, gu geu menderatzailea­ren mesedetan aritzea, ohartu ere egin gabe geure aurka ari garela askotan.

Bizitzari begiratzeko betaurreko hilgarriak jarrita dauzkagu; begiradak berak hilko gaitu, baldin eta ez baditugu betaurre­koak aldatzen. Betaurreko horiek kentzean, ohartuko gara, begirada aldatu ez ezik, ahotsa altxatu ere egin dugula, hizkuntza eta hizkera berreskuratu ditugula, mugitu ere errazago mugi­tzen garela…

Betaurrekoak aldatuta, zama arinduta, askatasunerako bidea argiago ikusiko dugu. Ulertuko dugu bide hori egiteko behar ditugun indarra eta sormena begirada aldatzean bakarrik lortuko ditugula.

Lagundu diezaiola, beraz, liburu honek irakurle bakoitzari barne pozoia botatzen, begirada garbitzen, ahotsa altxatzen eta duintasuna berreskuratzen.

Print Friendly, PDF & Email
gureberriak
About gureberriak 383 Articles
Gure Berriak Euskal Herriaren independentziaren aldeko komunikabide bat duzue: herri gisa autoestimua indartu eta sendotzen laguntzeko tresna izan nahi duen komunikabidea; egunerokoan jasaten dugun kutsadura ideologikoaren aurkako sendagaia. Menpekotasunean dirauen herri baten seme-alabak gara, eta egoera horrek ezinbestean eragina du bizitzako arlo guztietan. Munduko beste edozein herriren antzera, eguneroko berriak ikuspegi propio batetik lantzea ezinbestekotzat daukagu. Guztiok politikarekin ezinbestean dugun lotura kontuan hartuz eta askatasun egarriak bultzatuta, webgunean topatuko duzuen material oro independentziarantz zuzendutako begiradapean jorratzea dugu helburu. .