Kondestablearen jauregiak ateak ireki dizkio independentziarako bideari

Hiriburuak batzarri ederra egin dio Zapalkuntzatik Askatasunera liburuari; Pako Aristi, Ane Ablanedo eta Asisko Urmenetaren parte-hartzea dela medio.

Iragan astean, karrika nagusiko Kondestablearen jauregiak ateak ireki dizkio independentziarako bideari, eta 50 bat lagun bertaratu dira belarriak erne-erne. Adin guzietako jendea da juntatu gela ongi berotuan, tartean haur zenbait ere bai, hitzaldiari beren ekarpen ederra eginez: bizitza arras independentea. Hortik urrun ez, bertzeak bertze, kultura, unibertsitate, kazetaritza, arte, irakaskuntza eta ikaskuntzako jendeak adi segitu du aurkezpena.

Hasteko, Ablanedok oroitarazi du liburua abiapuntua eta oinarrizkoa dela euskal adjektiboa janzteko. Jendeok dugu populua osatzen, eta bata bertzearengandik ezin bereizizkoak diren aldetik, pertsona menderatua delarik, herria ere hala. Horregatik, helburu lehena askatasuna lortzea omen dugu, pertsona eta herri gisa; kontrara, menderakuntza ikusezina egiten da. Kasu horretan, menderatzaileak nahi duena egin liezaguke, gu ohartu ere egin gabe.

Bide beretik, independentzia ezin eztabaidatuzkoa dela azpimarratu du, alegia, ezin dela zalantzan jarri, negoziatu, kuestionatu ala bozka gai jarri, giza eskubide bat delako, oinarrizko baldintza bat delako, eta ez errespetatzea delitua delako nazioarteko legedian.

Hala, demokraziaren uste okerrei muzin eginez, herri okupatuan demokrazia ezinezkoa dela oroitarazi du, okupazio erregimena indarrean baitago, eta demokrazia, hain xuxen ere, giza eskubideetatik abiatzen delako.

Matazaren hariari Aristik dio segida hartu. Abiatu da erranez independentista bat ezin dela kontent egon Euskal Herrian, egoera naturala beti menderatua egotea delako ustea baitago. Are gehiago, adanismoak joa garela, hau da, beti hutsetik arra abiatzeko agindua dugula. Baina independentziaren ustezko ezinezkotasun horri errefera eman dio: XX. mendean 150 naziok baitute lortu independentzia, “perretxikoak bezala!” erantsi du, eta irri karkailak eragin.

Azkenik, mikrotik igorri du independentziara buruzko hamar urratsen proposamena: Desioak borondatea dakar (kontsentsu kolektiboa gai baten inguruan); Borondateak indarra (kohesioa sortzen da orduan, blokea, batasuna); Indarrak adimena eskatzen du (indarra norabide egokian jartzeko); Adimenak estrategia sortzen du; Estrategiak aktibazioa (ekimenak abiatuz); Aktibazioari taktika deitzen zaio; eta aktibazio egokiak, epe zehatz batean, helburua lortzea dakar. Hau guztia helburua garbi edukita: independentzia.

unnamed

Urmenetak eman dio parte-hartze hirukoitzari bukaera, publikoaren galderei lotu aitzin. Liburuarekin zergatik bat egiten duen laburtu du, berak ere, hamar puntutan.

Hasteko, maila politiko gora azpimarratu du, gauden aro lauso honetan salbuespen, eta frogatu egiten omen du badaukagula prest klase politiko berria.

Bigarrenik, oraingo mintzoetan erradikalena dela deritzo, jakinez errotik datorrela hitza. Konplexurik gabeko bisualizazioa dakar, zinezko estrategia nazionala.

Hirugarrenik, pedagogia dagiela uste du, zientzia politikoaren dibulgazioa, betiere euskaldunon ikuspegitik.

Laugarrenik, bide berri hau baino hoberik ez duelako ezagutzen, alegia, ikusi bertzerik ez da egin behar orain arteko bideak nora ekarri gaituen. Noraino urrundu gaituen funtsezko helburuetatik. Bosgarrenik, oroitarazi du tirania handia izan dela konkista iraunkorra, eta delitu horixe ez dela iraungi.

Seigarrenik, gure aurkako erosioa geldiarazteko tresna delako, indize guziak eroriko librean baitira abailduak: soziala, linguistikoa, ekonomikoa, politikoa… Konparazione, heldu diren urteetan 40.000 frantses eta ezin konta ahala espainiar Euskal Herrira jitea aurreikusia da. Nola aurre egin oldeari migrazio politika propiorik gabe?

Zazpigarrenik, nahi ala ez munduko herritar oro estatu baten parte da; honenbertzez, estatu arrotz genozida baten kide izan baino, hobe gurearen.

Zortzigarrenik, besteak baino gehiago izan nahi ez badugu ere, gutiago ere ez dugu izan nahi. Bederatzigarrenik, geure estatuak gure marka eramanen du, guhaurren balioez txerta: auzolana, komunala, batzarra, paktismoa populu-buruzagia, generoen simetria… Eta, hamargarrenik, erakutsi du ekonomikoki zeinen onuragarria litzatekeen guhaurren estatua ukaitea. Adibidez,  Euskal Herriaren maila ekonomikoa Eskandinaviaren heinekoa dela, alta, auzo lastreek ez digute hango bizimodua egiten uzten.

Publikoari mikroa luzatu zaiolarik, lehen galdera izan da; “zer egin?”, hartan, fitxa praktikoen premia azpimarratu du Urmenetak, oraingo joko arauak galtzeko baizik ez baitira eta gureak behar baititugu egin ahala laster.

Ablanedok erantsi du gu gurera joan behar garela, haien jokoari ez ikusiarena eginez. Aristik galdera itzulikatu du: zer EZ egin? EITBren adibidea eman du, akulturizatzeko tresna perfektua dela ohartaraziz, iragan asteko Azkaineko atxiloketen berria komunikatzean Ascain (Frantzia) paratu  baitzuen pantailak.

Funtsean, estatu menperatzaileak ordezkapen instituzional, linguistiko eta demografikoan ari dira, alta, injustizia egoerak ezin bozkatuzkoak dira, dio Ablanedok, abolitu egiten direlako, adibidez, esklabotza, emakumeen bortizkeria edo heriotza zigorraren kasuetan.

Erreferendumen gaia agertu delarik, Aristik galdera proposamenak bota ditu: “Euskal Herria independentea izan zen, eta gero zapaldua; uste duzu baduela berriz independentea izateko eskubiderik?”, edo “zergatik Euskal Herria ez da independentea?”.

Hari beretik, arbasoei gorazarre egin eta haiekiko zorra kitatu eta independentzia ematea aldarrikatu du.

Bidez nahasi gabe, Ablanedok xehatu du estatua, berez, ez dela helburu, baizik eta bere efektibitatea.

Entzule gazte baten eskuak bildu du mikroa, eta, bere arranguren berri emanez, euskaldun eta espainiar izatearen arteko ezberdintasunak bilatzea aldarrikatu du, hau da, norberak behar duela bere bide pertsonala egin eta zergatik euskaldun izan nahi ote dugun geure buruari galdetu. Lan pertsonala egin behar dela dio, hots.

Ablanedok ihardetsi dio gu bagarela, eta bagarelako aske nahi dugu izan. Preseski, justifikatzea eskatzen digutenek estatu independenteen jabe dira. Urmenetak erantsi du berak nahiago lukeela portugaldar izan, normalizatua bere estatu librean, galiziar baino, halako zalantzek joa.

Aurkezpena bururatu da, bi orduren buruan, hurrengo urratsak zeintzuk izan daitezkeen luzatuz: abstentzio aktibo eta masiboa bozetarako deialdi arrotzetara, desikaspena eta erresistentzia, geroko ofentsibaren prestatzekotan. Kondestablearen bigarren solairutik karrikako aterainoko tartea atezainek uxaturik egin behar izan du jendeak, hiru mahaikideek eta entzuleek bat eginik, eta karrika nagusian oraino istant batez luzatu dira solasak.

Print Friendly, PDF & Email
gureberriak
About gureberriak 383 Articles
Gure Berriak Euskal Herriaren independentziaren aldeko komunikabide bat duzue: herri gisa autoestimua indartu eta sendotzen laguntzeko tresna izan nahi duen komunikabidea; egunerokoan jasaten dugun kutsadura ideologikoaren aurkako sendagaia. Menpekotasunean dirauen herri baten seme-alabak gara, eta egoera horrek ezinbestean eragina du bizitzako arlo guztietan. Munduko beste edozein herriren antzera, eguneroko berriak ikuspegi propio batetik lantzea ezinbestekotzat daukagu. Guztiok politikarekin ezinbestean dugun lotura kontuan hartuz eta askatasun egarriak bultzatuta, webgunean topatuko duzuen material oro independentziarantz zuzendutako begiradapean jorratzea dugu helburu. .