Deskolonizazio psikologikoaz

Ici la Métropole s’est contentée de payer quelques féodaux: là, divisant pour régner, elle a fabriqué de toute pièces une bourgeoisie de colonisés; ailleurs elle a fait coup double: la colonie est à la fois d’exploitation et de peuplement.

 “Hemen, Metropoliak aski izan du zenbait jauntxori ordaintzearekin; hor, ‘zatitu eta garaitu’ politika goiburutzat hartuta, kolonizatuen burgesia oso bat sortu du; han, harri batez bi txori bota ditu: kolonia, aldi berean, ustiatzeko eta bertan ezartzeko da”.

Jean-Paul Sartre

Datozen lerroak asko daukate autobiografikotik, baina ausartuko nintzateke esatera euskaldun askoren biografia txikia ere izan daitekeela. Norbanakoon ideologia, pentsaera eta inteligentzia sortzea eta garatzea urte askotako prozesua da, eta hil arte ez da amaitzen. Familiak, eskolak, hedabideek eta norbere hautu kontzienteen (eta inkontzienteen) bidez jasotako heziketak sortzen eta garatzen dute ideologia. Zaila da urte askoan ikasi eta eraikitakoa deseraikitzea. Sarritan goxoa, erosoa eta tentagarria izan daiteke nahasmenean eta joan-etorrian galduta ibiltzea; pertsonak garen neurrian, une oro asmatzen direlako (dituztelako eta ditugulako) ospatzeko eta irabazte bidean jartzen gaituztela uste izateko engainurako bideak. Konfortetik ateratzeko hautua zaila eta mingarria da gehienetan, biluzik, bakarrik eta nora ezean sentitzen zarelako. Hori da gutxi edo asko euskaldun zapalduok, askapenerako mortu galduan ibili eta ipar bat –exijentziaz betea– topatu artean, dugun biografia txikia.

Inperialismoak bere dituen egiturak, sareak eta adarrak hain dira ahaltsu, inteligente eta gupidagabeak, non psikologikoki askatzeko prozesuan sartzea alkoholikoak alkohola lagatzea bezain zaila bihurtzen baita. Menpekoak diren herrietan, dena da menpekoa eta menperatzailea (egitura instituzionalak, Eliza, hedabideak, hezkuntza); ausartuko nintzateke esaten pertsonon arteko harreman-sareak ere menperatuen sindromearen eraginpean daudela. Mundua eta bizitza ulertzeko eta interpretatzeko modu bat da menpekoak duena; botere-harremanen joko-zelaian, beti, askatasunik gabeak nora ezean eta tinkotasunik gabe egiten ditu urratsak. Menpekoak ez ditu erabaki ausartak hartzen eta ez ditu adierazpen ausartak egiten, izan zigorraren edo mendekuaren beldur delako, izan menperatzailearen onespenaren zain dagoelako, baina beti dago beldurti eta zalantzakor.

Menperakuntzak zapaldua bihurtzen du zapaltzaile krudelena; elite politikoak unean-unean erabakitzen duenaren aurka altxatzen denak –statu quoa auzitan jartzen duenak– jasotzen ditu juzguak. Artaldearen argudio nagusiekin bat ez datorren jarrera askea eta askatzailea deseroso bihurtzen da besteen begietara. Ondorioz, askatasunera daraman bidea bihurtzen da norberaren indar elikatzaile nagusia. Ingurumari honetan errotik emantzipatzailea den diskurtso politiko bat ezagutzeko aukera izatea izan da niretzat prozesu askatzaile eta osasuntsua. Asimilazio-prozesua eten eta independentzia-prozesuari serioski heldu nahi badio herri honek, izan beharko da –Benito Lertxundik esan berri duen moduan– herri honetako milioi bat lagunek deskolonizazio psikologikoa egin dutelako. Menpeko egitura eta menpeko harremanetatik askatu ostean, betiere liberatzaileak izango diren prozesu indibidualen kutsatzeak dakarren pozetik, indarretik eta ausardiatik sortutako bulkadak eramango gaitu askatasunera.

Elorrixa

Print Friendly, PDF & Email
gureberriak
About gureberriak 383 Articles
Gure Berriak Euskal Herriaren independentziaren aldeko komunikabide bat duzue: herri gisa autoestimua indartu eta sendotzen laguntzeko tresna izan nahi duen komunikabidea; egunerokoan jasaten dugun kutsadura ideologikoaren aurkako sendagaia. Menpekotasunean dirauen herri baten seme-alabak gara, eta egoera horrek ezinbestean eragina du bizitzako arlo guztietan. Munduko beste edozein herriren antzera, eguneroko berriak ikuspegi propio batetik lantzea ezinbestekotzat daukagu. Guztiok politikarekin ezinbestean dugun lotura kontuan hartuz eta askatasun egarriak bultzatuta, webgunean topatuko duzuen material oro independentziarantz zuzendutako begiradapean jorratzea dugu helburu. .