PREPOLITIKA EZ, POLITIKA BEHAR DUGU

Erabakitzeko eskubidea aldarrikapen «prepolitikoa» dela diote “gure esku dago” plataformakoek: «Edozein sentsibilitatek izan dezakeen proiektu politikoa modu aske eta demokratikoan aukeratu ahal izateko beharrezkoa den oinarria da».

Batzuen iritziz, adiskidetasun zibila eta senidetasuna dira prepolitikaren bi ezaugarri nagusiak. Jarrera eta oinarrizko erlazio horiek gauzatzen badira, elkarren arteko harremanek konfiantzaz eta modu egokian funtzionatzen dute; eskubideak eta betebeharrak bata bestearen aldamenean jartzen ditu herritarrak, solidaritate batean; ez, ordea, batzuk besteen aurka, neurrigabeko errebindikazio batean.

Erlazioen oinarriak prepolitikaren bi ezaugarri horiek direnean ―eransten dute ondoren―, zuzenbideak bere balore osoa lortzen du eta akordio gisa funtzionatzen du, ez inposizio moduan. Zuzenbideak interes komuna babesten du, herrikide guztien eskubideak eta betebeharrak zehazten ditu, eta bi arlotan lan egiten du: batean, pedagogikoki, gizartean bizitzen erakutsiz, eta bestean, prebentiboki, indarra erabiliz liskar zibilak ekidin behar direnean.

Baina gure herrian interes komun kontrajarriak daude: batzuek independentzia lortu nahi dugu, eta beste batzuek lurralde honen indarrezko okupazioa normaltasuntzat daukate. Zuzenbideak, hortaz, ez du akordio gisa funtzionatzen; guri inposatu egiten zaigu. Biolentzia alde bakarrean dagoenean ez dago akordiorik, inposizioa baizik. Ez da betetzen adiskidetasun zibilik, ezta senidetasunik ere; eskubideak eta betebeharrak ez daude solidaritate batean. Gutxieneko batasun ideal bat ez dagoen gizartean ez dago guztien ongirik, ez eta harmonia eta elkarlanik ere.

Euskal Herrian, prepolitikaren bidez naziotasun ezberdina sentitzen dugun jendea elkartu nahian dabiltzanek onartu beharra daukate hiru nazio ezberdinetako kide sentitzen den jendea dagoela.

Naziotasun batek nongo herritarra zaren adierazten du; nazio batekoa bazara, nazio horretako estatuak sortzen duen zuzenbideak zehazten dizkizu zure eskubideak eta betebeharrak. Estatu bakoitzak du bere zuzenbidea, bere legalitatea. Espainiar eta frantziar legeak obeditzeak Espainian eta Frantzian denbora luzez jarraitzea dakar. Nazio bateko kide sentitzen denak ez du onartzen, beharturik ez bada, beste nazio baten legedipean bizitzea; bere interes komunak eta zapaltzen duenarenak aurrez aurre egiten baitute topo.

Hemen orain aldarrikatzen den prepolitika baino lehenago politika egin da: herri hau konkistatu egin zuten eta harrezkero okupatua dago. Hori ez da prepolitika, politika baizik. Hemen, bai, bazegoen prepolitika natural bat, goian definitu den bezalakoa, menderakuntza aurretik. Haustura hura eta gure gaurko egoera antinaturalak dira.

Askatasuna ukatzen zaion herri batean ezarri nahi da prepolitika. Gure prepolitika naturala hautsi zuen politika bortitzari ezin zaio prepolitikarekin erantzun, politikarekin baizik.

Print Friendly, PDF & Email
gureberriak
About gureberriak 383 Articles
Gure Berriak Euskal Herriaren independentziaren aldeko komunikabide bat duzue: herri gisa autoestimua indartu eta sendotzen laguntzeko tresna izan nahi duen komunikabidea; egunerokoan jasaten dugun kutsadura ideologikoaren aurkako sendagaia. Menpekotasunean dirauen herri baten seme-alabak gara, eta egoera horrek ezinbestean eragina du bizitzako arlo guztietan. Munduko beste edozein herriren antzera, eguneroko berriak ikuspegi propio batetik lantzea ezinbestekotzat daukagu. Guztiok politikarekin ezinbestean dugun lotura kontuan hartuz eta askatasun egarriak bultzatuta, webgunean topatuko duzuen material oro independentziarantz zuzendutako begiradapean jorratzea dugu helburu. .