Beldur eszenikoa

Iñaki Lasa

Txalo egingo al dute? Txistu agian? Zer egin behar dudan gogoratuko al dut? Zergatik nago hemen? Norbere buruan dugun ziurtasuna galtzen dugunean eta galdera horiek gure burua erabat betetzen dutenean beldur eszenikoa sortzen da. Beldur horrek, gainera, ondorio fisiko nabarmenak ditu, dardarak, bihotzaren erritmoaren azkartzea eta kasu batzuetan baita konorte galera ere. Segurtasunik ezak sortzen duen beldurrak ondorio latzak ditu.

Beldur eszenikoak, bestalde, ondorioak ditu portaeran: nagusiki egin beharraren saihestea eta ihesa. Zoritxarrekoa, horren eraginpean bizi dena.

Abenduaren 2an Nafarroako EH Bilduk proposamen bat aurkeztu zuen Labrit pilotalekuan eginiko ekitaldian. Orain, Nafarroan aldaketa haizeak jotzen duen honetan, herritarrok inoiz baino argiago ezagutu behar ditugu aldaketa hori egituratuko duten proposamenak. Inoiz baino gardenago jokatu behar da aldaketa bilatzen duen boza edukiz betetzeko. Erregimenak urte gehiegitan elkarbizitzari eta gure identitateari egin dion kaltea konpontzen hasteko zer neurri zehatz eta zein bide estrategiko hautatuko diren ikusteko irrikan gaude herritarrok. Labriteko proposamenak, ordea, zalantza, segurtasunik eza eta neurri handi batez nora eza iradokitzen du. Botereak eta bere kudeaketak beldur eszenikoa sortzen al dio Nafarroako EH Bilduri?

Azken hilabeteotan Vascuencearen legeak aldatzeko egin den proposamen xume bezain eskasaren harira, Gara egunkariak horren inguruko berria ilustratzeko argazki zahar bat erabili zuen. Berehalakoan nuen telefonoan «kar-kar» ugari idatzita. Bertan, pankartari heltzen, lerro hauek idazten ari den hau ageri zen, gazte-gaztea. Beste gazte batzuk inguraturik ageri ere, Mariñelarena, Ederra zena, Epaltza… Herri honetan milaka pertsonak bizitza oso bat eman dute Nafarroako euskaldunon hizkuntza-eskubideak urratzea eta euskararen normalizazioa ezinezko egitea helburu duen lege horren kontra borrokan bere sortze beretik. Bizitza oso bat kateak hausteko zereginetan, mota guztietako zailtasunei aurre egiten, egunero-egunero. Bizitza oso bat pertsona askoren ahalegin ordaindu ezinaz gozatzen, bizitza oso bat bizimodua baldintzatua euskararen alde, herri honen etorkizun hobeago baten alde, euskaraz biziko den herri baten alde lanean. Aldaketa espero eta nahi dugu, aldaketarekin egin dugu amets.

Hizkuntza gatazkak botere gatazkak dira. Gure hizkuntza ez da iritsi orain duen egoerara guk, euskaldunok, baztertu dugulako. Urteotan gure desagerpena bilatzen duten hizkuntza-politika zitalak aplikatu zaizkigu, krudelki askotan, umiliazioa eta oinazea eraginez. Boterea erabili dute eta erabiltzen segitzeko erabateko determinazioa dute. Nafarroako Gobernuaren hizkuntza-politika bere herritarren kontrako politika da, kolaborazionistek soilik egin dezaketena. Hori da aldatu behar dena, eta, horretarako, boterea erabili beharra dago. Azkartasunez, herri mugimenduarekin estuki koordinatuz, elkarlanean, parte hartzeko bideak eraikiz eta bultzatuz baina… boterea erabili egin behar da. Testu juridiko baten inguruko kontsulta egitea ez da bai ala ez erantzutea. Guztiz ezinezkoa da herritar guztiengana iristea kalitatez irizpide garbi eta argien baitan bozka dezaten.

Nafarroako herritarrok ez dugu behar Vascuencearen legea aldatzera datorren euskararen legea kontsultara ateratzea. Ez dugu bozkatu nahi gure-gureak diren hizkuntza-eskubideak bermatzea bilatzen duen legea. Gure eskubideak bermatzearen alde lan egingo duen Nafarroako Gobernu bat behar dugu. Gobernu bat, euskararen normalizazioa bizkortuko duen arkitektura juridiko egokia sortuko duena, politika planifikatua egingo duena helburu eta epe zehatzak ezarriz, baliabide nahikoak erabiliko dituen Gobernua behar dugu baliabideak eta arauak era harmonikoan erabiliz. Lekuan lekuko abiapuntua kontuan hartuz baina errealitate soziolinguistikoa eraldatzeko helburuarekin lan egingo duen Nafarroako Gobernua behar dugu. Herri mugimenduarekin elkarlanean lan egingo duen Nafarroako Gobernua behar dugu bien artean, UPNren garai beltzak kaltetutako herri gogoa indartzeko eta euskararen normalizazioari beharrezko sostengu soziala emateko.

Duela hainbat urte jada, telebista saio bat egiten zen Nafarroako Parlamentuan. Bertan, herritar batzuei aukera ematen zitzaien galdera bat egiteko parlamentari bati. Gonbidatua izan nintzen, eta galdera egin nion Carlos Garcia Adanero UPNko bozeramaileari. Esan nion pediatrarengana nire txikiekin joaten nintzenean itzulpen lanak egin behar nituela medikuak ez baitzien txikiei ulertzen, eta jakin nahi nuen zer egin behar zuen gure hizkuntza-eskubideak bermatzeko. Erantzuna oso argia izan zen: «Ezer ez, UPNn ez dugu inor engainatzen: denek dakite zein den gure hizkuntza-politika, eta botoak jasotzen ditugu politika hori egiteko».

Print Friendly, PDF & Email
gureberriak
About gureberriak 383 Articles
Gure Berriak Euskal Herriaren independentziaren aldeko komunikabide bat duzue: herri gisa autoestimua indartu eta sendotzen laguntzeko tresna izan nahi duen komunikabidea; egunerokoan jasaten dugun kutsadura ideologikoaren aurkako sendagaia. Menpekotasunean dirauen herri baten seme-alabak gara, eta egoera horrek ezinbestean eragina du bizitzako arlo guztietan. Munduko beste edozein herriren antzera, eguneroko berriak ikuspegi propio batetik lantzea ezinbestekotzat daukagu. Guztiok politikarekin ezinbestean dugun lotura kontuan hartuz eta askatasun egarriak bultzatuta, webgunean topatuko duzuen material oro independentziarantz zuzendutako begiradapean jorratzea dugu helburu. .