‘Iñaki bota daue’ ikerketa-lana idatzi du Pako Aristik

‘Iñaki bota daue’ ikerketa-lana idatzi du Pako Aristik, Oñatiko Gure Bazterrak elkartearen laguntzarekin.

1975eko urriaren 5ean Kanpazarreko bere ostatuan hiru kaputxadunek metrailatuta erahil zuten Iñaki Etxaberen kasua aztertzen da liburuan. Egun hartan bertan, ordu batzuk lehenago, ETAk hiru goardia zibil hil zituen Arantzazuko errepidean lehergailu bat zartarazita, Txiki eta Otaegiren fusilamenduari erantzunez.

Urriaren 15ean (kultur etxean, 18:00) ‘Iñaki bota daue. Kanpazar, 1975. Gerra zikinaren hastapena’ (Erein) liburua aurkeztuko dute, Pako Aristik eta Oñatiko Gure Bazterrak taldeak elkarlanean idatzitako ikerketa lana.

Izenburuan agertzen den Iñaki izenak, orain dela 50 urte, 1975eko urriaren 5ean, gaueko 10ak aldera, Kanpazar gaineko bere ostatuan hiru kaputxadunek metrailatuta hil zuten Iñaki Etxabe Orobengoa arrasatearrari egiten dio erreferentzia. Iñaki, ETAko buruzagi izandako Juan Joseren anaia zen, nahiz eta ordurako, azken honek utzia zuen erakunde armatua, 1971n.

Etxaberena, estatu terrorismoaren belaunaldi berriko lehen hilketa izan zela esan zuen Iñigo Iruin abokatuak. Batallón Vasco Español (BVE) taldeko komando batek hartu zuen bere gain hilketa, baina Biktimen Oroimenerako Zentroak eta Euskal Memoriak, aldiz, Triple A-ri leporatzen diote, eta ATEri (Antiterrorismo ETA) egozten dionik ere bada.

Kontua da, ez zela egon Kanpazarrekoa ikertzeko inolako borondaterik. Durangoko epaitegian abiatu ziren diligentziak, gero Madrilgo Ordena Publikoko auzitegira pasa ziren, eta handik gutxira artxibatu egin zuten. Pentsa, komunikabideetan eskelak jartzea ere debekatu egin zieten senideei.

Familiak ez zuen inongo informazio ofizialik jaso eta, jakina, handik urte batzuetara Entzutegi Nazionalak ezezkoa eman zion familiak egindako eskaerari, Iñaki terrorismoaren biktimatzat onar zezan.Eta hori da, hain zuzen, liburuaren helburu nagusia, alegia, Etxabe nork eta zergatik erail zuen argitzen saiatzea, eta Estatuaren bertsio ofizialean dauden hutsuneak bete eta gertaera haien inguruko bertsio alternatibo bat ematea, kontrastatua.

ARANTZAZUKO ATENTATUA

Liburua ez da mugatzen Iñaki Etxaberen hilketa aztertzera. Haratago ere badoa, eta esan daiteke 1975ko udazken hartan Euskal Herrian bizi izan zen garai ilunaren kronika bat ere badela.

Gogoratu behar da, Etxaberen hilketa baino egun batzuk lehenago, irailaren 27an, Juan Paredes Txiki eta Angel Otaegi etakideak fusilatu zituztela, FRAPeko hiru militanterekin batera. Tentsio handiko egunak bizi izan ziren Euskal Herrian. Beldurra nagusi da eta polizia alerta egoeran dago, baina ezin izango du eragotzi ETAren erantzuna.

Hala, urriaren 5ean, igande goizez, Arantzazun ezarritako ikurrina kentzera (artean debekatua zegoen) Arrasateko kuarteletik abiatutako Goardia Zibilaren land roverra bueltan datorrela, txiki-txiki eginda utziko du ETAk zortzi kilo goma-2 lehertarazita. Autoaren atzealdean zihoazen hiru agenteak (Juan Moreno Chamorro, Esteban Maldonado eta Jesus Pascual) bertan hil ziren, eta aurrealdean zihoazen beste biak larriki zauritu. Atentatuak mendeku gosea piztu zuen, eta egunean bertan, iluntzean, aurpegia estalita zeramaten hiru gizonek Iñaki Etxabe metrailatu zuten.

JUAN ZELAIAREN AURKAKO SAIAKERA

Liburuan esaten denez, Iñaki Etxabe ez omen zen poliziak kolpea emateko jomugan izan zuen lehen hautagaia, Juan Zelaia Upain oñatiarra baizik. ETAri laguntzen ziola uste zuen Goardia Zibilak.

Hala, urriaren 5 hartan bertan, arratsaldean, kaleko arropak baina bota militarrak zeramatzaten bi gizon joan ziren enpresari oñatiarrak Marietan zeukan etxera. Baina ez zegoen bakarrik, ehiza-lagun batzuekin baizik, eta horrek salbatu zion bizia. Horren aurrean, Etxaberen bila joatea erabaki zuten. Horren ostean, arriskuaz jabetuta, Iparralderako bidea hartu zuen Zelaiak, eta ez zen urte eta erdian itzuli.

Liburuan daude Zelaiaren aurkako atentatu saiakeraren inguruko xehetasunak jasota, bai eta Arantzazun ETAk burututakoaren ingurukoak ere. Astebete beranduago, urriaren 12an, Legution metrailatuta hil zuten German Agirre taxilari arrasatearraren hilketa ilun eta misteriotsuaren egiletza argitzeko ahalegina ere egiten da liburuan, eta, azkenik, hiru urte beranduago, 1978ko uztailaren 2an, Juan Jose Etxabek, Iñakiren anaiak, Donibane Lohizuneko bere jatetxearen aurrean jasan zuen atentatuaren ingurukoak ere aletzen dira; Etxabe ozta-ozta atera zen bizirik, 18 bala soinean zituela, baina haren emazte Agurtzane Arregi hil zen, senarra babesteko ahaleginean.

HIPOTESI BAT

Urte asko igaro dira gertakari haietatik, eta ez da erraza era honetako ikerketa lan bat burutzea, are gutxiago dokumentu ofizialik apenas dagoenean. Baina Gure Bazterrak elkarteko kideek lan handia egin dute gertaera latz haien lekuko izan ziren hainbat pertsona elkarrizketatuz, garai hartako dokumentazioa aztertuz, eta hari guztiak lotu eta kontrastatu ostean, Iñaki Etxaberen erailketa agindu eta burutu zutenen izen-abizenak ematera ere ausartu dira. Pako Aristi kazetari eta idazlea arduratu da informazio guzti horri forma narratiboa emateaz, kazetaritza ikerketaren zehaztasuna nobela baten erritmoarekin emateaz.

Gure Bazterrak elkartea eta Pako Aristi lehenago ere aritu izan dira elkarlanean, eta horren emaitza izan zen 2023an argitaratu zuten Irunberri, 1990: Arroilaren negarra liburu ederra.

Jatorrizkoa Kontzejupetik aldizkarian

Print Friendly, PDF & Email
About gureberriak 423 Articles
Gure Berriak Euskal Herriaren independentziaren aldeko komunikabide bat duzue: herri gisa autoestimua indartu eta sendotzen laguntzeko tresna izan nahi duen komunikabidea; egunerokoan jasaten dugun kutsadura ideologikoaren aurkako sendagaia. Menpekotasunean dirauen herri baten seme-alabak gara, eta egoera horrek ezinbestean eragina du bizitzako arlo guztietan. Munduko beste edozein herriren antzera, eguneroko berriak ikuspegi propio batetik lantzea ezinbestekotzat daukagu. Guztiok politikarekin ezinbestean dugun lotura kontuan hartuz eta askatasun egarriak bultzatuta, webgunean topatuko duzuen material oro independentziarantz zuzendutako begiradapean jorratzea dugu helburu. .