Ilintiak gori dirau

Orreaga taldeak, ohi duen bezala, hilaren 15erako Pasai Donibanera deitu ditu abertzaleak, ekitaldi politiko batera, Orreagako 778ko balentriaren harira.

Aurten, askotan nabarmendu duten ideia garrantzitsu bat azpimarratuko dute: Euskal Herria ez dela estaturik gabeko nazio bat, baizik eta estatu okupatu bat. Hala, lelo hau aukeratu dute ekitaldirako: Estatu okupatua gara, ez estaturik gabeko nazioa. Gora Euskal Estatua!

Inportantea da ideia. Izan ere, betaurreko egokiagoak ematen dizkigu, auzia koordenatu egokietan errazago kokatzeko, nahiz eta herri guztiek libre izan behar duten, alde batera utzita lehenago hala izan diren eta beren estatu propioa sortu duten edo ez.

Baina inperialismoak, herri zapalduaren askatasuna ukatzeko, askotan argudiatzen du herri zapaldua lehenago inoiz ez dela estatu independentea izan (ikus, konparazio baterako, Juan Jose Ibarretxek autonomia handiagoa eskatu zuenean Mariano Rajoyk hari espainiarren parlamentuan emandako erantzuna).

Esan bezala, ideia edo egitate horrek betaurreko egokiagoak ematen ditu, eta oinarri sendoagoa ematen die herri zapaldua askatu nahi dutenei. Argiago ikusten da, adibidez, legez kanpokoa benetan nor den; argiago ikusten da okupazioak iraun bitartean bozketen balioa zein den; zentzu guztia hartzen du beste terminologia batek; eta abar eta abar.

2025ean, Joseba Ariznabarreta eta Kepa Anabitarte abertzale handiak zendu dira, Orreaga taldean ibilitakoak eta lan ikaragarria egindakoak biak ere herriaren askatasunaren eta estatua berrezartzearen alde, eta taldekideek ez dauzkate ahazteko, bizia Euskal Herriaren alde eman baitzuten. Haiek ebakitako bidetik jarraitzeko erabakitasuna agertzen dute Orreagako kideek, eta gogoan izango dituzte ekitaldian. Ilintiak gori dirau.

Ekitaldia 12:00etan hasiko da. Orreagako kideek esan digutenez, hasteko, gure estatuaren okupazioaren aurka eta nazioaren askatasunaren alde borrokatu diren guztien omenez, lore-sorta bat jaurtiko dute itsasora. Gero, santutxoan, Orreagako balentria eta ondorengo estatua posible egin zutenen omenez, agurra dantzatuko dute. Lore-sorta bat bertan utzi, eta Bizkaia plazara abiatuko da desfilea, txistularien atzetik. Plaza hartan egingo dituzte hitzaldi politikoak. Bazkaria ere izango da, eta izena eman behar da, hemen: https://eu.jotform.com/build/251831391963058#preview

Print Friendly, PDF & Email
About gureberriak 423 Articles
Gure Berriak Euskal Herriaren independentziaren aldeko komunikabide bat duzue: herri gisa autoestimua indartu eta sendotzen laguntzeko tresna izan nahi duen komunikabidea; egunerokoan jasaten dugun kutsadura ideologikoaren aurkako sendagaia. Menpekotasunean dirauen herri baten seme-alabak gara, eta egoera horrek ezinbestean eragina du bizitzako arlo guztietan. Munduko beste edozein herriren antzera, eguneroko berriak ikuspegi propio batetik lantzea ezinbestekotzat daukagu. Guztiok politikarekin ezinbestean dugun lotura kontuan hartuz eta askatasun egarriak bultzatuta, webgunean topatuko duzuen material oro independentziarantz zuzendutako begiradapean jorratzea dugu helburu. .