“Euskarak ez du periferiarik, zentrorik ez baitauka”

Nazioarteko konferentzia interesgarri bat antolatu zuten UEMAk, Soziolinguistika Klusterrak, UEUk eta Coppieters erakundeak urriaren 16an eta 17an Azpeitian: Arnasguneak Hizkuntza Gutxituen Biziberritzean izenekoa. Guk hitzaldi haietako bat ekarri dugu hona, merezi duela iritzita: Euskarak ez du periferiarik, zentrorik ez baitauka.

Mikel Artola, Haritz Garmendia eta Alaitz Aizpuru ikerlariek egin zuten hitzaldia. Haien arabera, arnasguneek funtsezko zeregina betetzen dute euskararen etorkizunerako, baina euskalgintzan horretan adostasunik ba al dagoen galdetzen dute. Zenbait diskurtsotan, auzitan omen dago “euskal komunitatearen biziberritzean arnasguneek izan beharreko zentraltasuna”. Diskurtso horietako bat da, hain zuzen ere, euskararen periferiak izendatu dutena. Azken 8-9 urte honetan euskaldunon artean eta euskalgintzan mamitzen, zabaltzen eta normalizatzen ari omen da “Euskararen Periferiak diskurtsoa”.

“Baina euskarak ba al du zentrorik? Ba al du periferiarik?”, galdetzen dute.

 

Hona hemen hitzaldiak transkribituta:

Mikel Artola: “Euskara periferia Parisek edo Madrilek bihurtzen dute nagusiki, baina euskararen periferiak non du zentroa? Zer zentrok sortzen ditu periferia horiek eta nolakoa da? Zentro-periferia diskurtsoetan ari garenean, berdintasunaren eta justiziaren aldeko diskurtso baten barruan gabiltza, eta zentroari zentrotasuna kentzea da xedea, hau da, bere boterea, hegemonia politiko, ekonomiko, sozial eta kulturala kentzea; alegia, helburua zentroa eraistea da. Baina, hori lortuta, zein da xedea? Berdintasunezko harreman-eredu bat? Guztiok beste zerbaiten periferia bihurtzea? Periferia erdigune bihurtzea?”.

“Baina horren aurretik galde dezagun: euskarak eta euskaldunok mendeetan bizi dugun errealitate gordin eta testuinguru politiko-sozial zail honetan, normalizaziotik eta subiranotasun kultural eta linguistikotik ezin urrutiago egonda, euskarak zentrorik ba al du? Euskarak ba al du hegemonia politiko, ekonomiko , sozial eta kulturala duen gunerik? Eta, erantzuna baiezkoa bada, zein da gune hori, euskararen zentro hegemoniko hori?”.

“Euskararen Periferiak diskurtsoaren pean, beste esparruetako eztabaidetako elementuak agertzen dira, espezifikoki hizkuntzarenetik haratagoko aldarrikapen sozialetako eskemak eta inguruko erdara hegemonikoetako hizkuntzaren inguruko prozesu propioen kopiak; esate baterako, periferias de la lengua española litzatekeena. Guztiak batera, meta erraldoi eta nahasi baten gisan, gure hizkuntzaren eremura pasa dira, diskurtso nahasi eta euskararen normalizaziorako arriskutsu gure ustez eta ez gutxitan arduragabe bati forma emanez. Eta, hori horrela, euskararen zentroaren eta periferiaren kategorizazio eta kontakizun horrek euskarari, euskalduntasunari eta, beraz, euskaldunoi fabore baino kalte gehiago egiten ote digun gaude. Eta, hala, gaur egun darabilgun eran euskararen periferia eta kategoria etxekaltetzat izendatzen dugu guk. Izan ere, euskalgintza indartu beharrean erdalgintza indartzen duela irizten diogu. Euskaraz eta euskalgintzaren izenean ari arren, oinarrian dituztenak ez dira euskaran oinarritutako kokapenak eta ikuspuntuak. Eta, gure ustez, larriena da euskalgintzaren barruan dabiltzan kulturgintzako izen eta abizendunen aho eta idatzietan ari direla indarra hartzen. Eta, larriagoa zaiguna, banakoetatik haratago euskalgintzako erreferente ia guztietan —kulturgintzako, pentsamendugintzako, kazetaritzako, hezkuntzako, hizkuntzalaritzako edo soziolinguistikako… berriz diogu euskalgintzako eragile erreferente ia guztietan— dabilela diskurtso hau eroso samar, eroso, edo erosoegi ere bai. Eta, diskurtso horietan esaten denarekin bat egin ala ez, eragile horiek erresonantzia-kaxarena egiten ari dira edo gara. Euskararen errealitate soziolinguistikoa eta hizkuntzaren esfera propioak eskatzen duen gogoeta aintzat hartu gabe teorizatuz. Euskararen normalizazioaren eta biziberritzearen kontra datozen ideia horiei bozgorailua jarriz”.

Euskararen Periferiak diskurtsoa zeri deitzen dioten adierazteko, Haritz Garmendiak haren lau ezaugarri aipatu zituen:

1) “Askotarikoa eta nahasia da. Hamaika gerturaketa gordetzen ditu barruan. Espektro zabal bat osatzen du. Horietako batzuek zentro-periferia dikotomia ulertzeko ikuspuntu zurrunagoa dute; beste batzuek, laxoagoa. Dena den, pieza ezberdinak izan arren, bueltan-bueltan puzzle bakar bat osatzen ote duten ustea dugu. Hala, diskurtso honek sarri nahasi egiten ditu honako bi adierak: Euskal Herria periferia da, eta Euskal Herriak periferiak ditu. Hori gutxi balitz bezala, batzuetan esaldi berean, gainera, zapalkuntza batetik bestera saltoak egiten dira kokapenik, doiketarik eta azalpenik gabe. Horrek dakarrena da irakurlea edo entzulea despistatzea. Zeharkakotasun horren arrisku ikusezinez eratzen da diskurtso hori”.

2) “Hizkuntzaren bueltan ari da, baina hizkuntzan ardaztu gabeko diskurtsoa da. Euskararen periferiak diskurtsoaren zigilua justizia soziala da. Ondorioz, hizkuntzaren esparrutik haratagoko kontuak eta aldarrikapenak ere kontuan hartzen ditu. Hori berez oso ona da. Arazoa da diskurtso horrek euskara hizpide badu ere ez dela euskaran ardazten. Horrek eragiten du, nahi gabe askotan, euskara, bere historian zehar hainbat aldiz gertatu zaion bezala, hizkuntzen ardatzaren haratagoko tenken sokatiren gudu-zelai bihurtzea. Zer dago korapilo horren muinean? Diskurtsoak, ustez, ez du kontuan hartzen euskararen bilakaera historikoa (alegia, azken mendeetan izan duen atzerakada), ezta estatu gabeko nazio zatitua dela ere euskal nazioa, eta, ondorioz, euskararen gaineko irakurketa sarri estatu arrotzen matrize espazial-tenporaletatik abiatuta egiten du. Ez dago hizkuntza-komunitate zapaldua izan garelako memoriaren transmisiorik: hemen eta orainetik abiatzen dira. Hortik sortzen da gure galdera: nola egin oraingo errealitatearen analisi zuzena orain arteko zapalkuntza kontuan izan gabe? Euskararen Periferiak diskurtsoan, ahaztu egiten zaie, esaterako, gazteleraren gaitasuna ia % 100 dela Hego Euskal Herrian, euskaldun berriak erdaldun zaharrak ere badirela. Ez da Euskal Herriko testuinguru soziopolitiko eta linguistiko-kulturalaren aniztasuna maila berean jasotzen; alegia, aipatu gabe pasatzen da erdal komunitatea dela nagusi Euskal Herriko zentro ekonomiko, politiko eta administratiboetan. Ez da kontuan hartzen hizkuntzalari kontsagratuek hizkuntzaren normalizazio-prozesuetan hiztun natibo eta natibizatuei aitortzen dieten garrantzia. Laburbilduz, Euskararen Periferiak diskurtsoan, euskal komunitatearen ikuspuntua galdu da. Ondorioz, ez dago ikuspuntu integralik. Gerturaketa ez da komunitarioa; banakako indibiduoetatik abiatutako gerturaketa da baita kolektiboez dihardutenean ere”.

3) “Hirugarren ezaugarria… eta galdetzen dugu: arnasguneak jopuntuan? Diskurtso berri honek badakar beste berritasun bat ere. Hau ere ez da nolanahikoa. Ea nola esaten dugun. Periferia hauek badute jopuntuan zentro bat, eta bueltan-bueltan guztien artean osatzen, elikatzen eta indartzen duten ideia da euskararen arnasguneak euskararen zentroak direla. Diskurtso batzuetan, EAE [Euskal Autonomia Erkidegoa] da zentroa, edo Gipuzkoa; beste batzuetan, arnasguneak, eta, askotan, Gipuzkoako arnasguneak. Arnasguneak azken batean, gure artean hizkuntzalariek normalizaziorako ezinbestekotzat izendatu dituzten inguru horiek horiexek, baina arnasguneak euskararen zentroa al dira? Euskararen arnasguneak (Errezil, Arantza, Aramaio…) boterearekin, legearekin, erabakigunearekin, agintearekin, hegemoniarekin, pribilegioarekin eta halako ideiekin erlazionatzen al dituzue? Arnasguneak hegemonia kultural politikoak al dira Euskal Herrian? Arnasguneen aldeko diskurtsoan, guk dakigula, ez da inoiz esan arnasguneak zentroa direnik, arnasguneak euskararen iraupenerako eta normalizaziorako zentralak direla baizik, eta hori ez da gauza bera. Gauza bat da zentroa izatea eta beste bat zentrala izatea. Euskalgintzako historiako hizkuntzalari ugarik esandako bidetik, hizkuntza batek eutsiko badio, hilko ez bada, gune sinboliko bat, komunitate trinkotu bat, euskarak normala eta araua izango duen gune bat behar du. Hori horrela izanda, euskaraz eta euskaratik eraturiko unibertso propio bat behar duela ere ezbaian jarri behar al dugu orain, zer eta hizkuntzalaritzatik kanpo eraturiko iritzi eta usteengatik? Komunitate batek trinkotu egin behar duela esatea ere orain gure kulturgintzan tabu izatera pasa behar al da, ba? Horra egiten ditugun galderetako batzuk”.

4) “Euskararen Periferiak diskurtsoak aurreiritzi kultural-linguistiko kolonialak indartzen ditu. Azkenaldian, euskalgintzako diskurtsoetan gaindituta zeuden mamu zaharrak berriz ere geure magalean darabilzkigu, eta hori ez da txikikeria. Gure kasuan, honakoak dira Euskararen Periferiak diskurtsoak hauspotzen dituen zenbait aurreiritzi, edo identifikatu ditugunak: arnasguneetan, identitatearen ulerkera esentzialista dute; arnasguneetan, erraz, natural, konplexurik gabe, ahaleginik egin gabe bizi dira euskaraz; arnasguneetatik kanpo dago benetako erresistentzia eta euskararen aldeko ahalegina eta borroka; arnasguneetako euskaldunak pribilegiatuak dira; arnasguneetako euskaldunak oso-oso euskaldunak dira eta hortik kanpoko euskaldunei paternalismoz edo gutxiespenez zuzentzen zaizkie; arnasguneetako euskaldunak zapaltzaileak dira arnasgunetakoak ez direnekin; arnasguneetako euskaldunak berdinak dira, periferietakoak askotarikoak; eta abar, eta abar. Euskararen Periferiak diskurtsoaren arabera, arnasguneetako euskalduntasunak ez dio balio euskalgintzari etorkizunerako. Arnasguneetakoa ez den beste euskaldun baten beharra dago. Horiexek etxe barruan haizatzen ari diren aurreiritziak”.

Alaitz Aizpuru Euskararen Periferiak diskurtsoaren helburuaz mintzatu zen:

“Zer lortu nahi du Euskararen Periferiaren diskurtsoak, ez baitago garbi? Euskalduntasunean sakontzea ala espainoletik eta frantsesetik gertuago dagoen euskalduntasuna indartzea du jomuga? Elebidun erdaldunak elebidun euskaldun bihurtzea du xede, ala elebidun euskaldunak elebidun erdaldun bihurtzea? Arnasguneen eremua zabaltzea, indartzea eta elikatzea du helburu, ala ustezko zentroa, arnasguneak, eraitsi eta arnasgunerik gabeko Euskal Herri batean guztiok diskurtso honek periferiko deitzen dion hori bihurtzea? Lehenengo helburuak euskara normalizatzeko eta biziberritzeko asmoari erantzungo lioke, baina bigarrenak?”.

“Euskararen periferia deitutako hori noren periferia da? Euskararena? Demagun helburua elebidun erdaldunak elebidun euskaldun bihurtzea dela. Baina, orduan, euskal elebiduna izan nahi duen erdal elebidunari nork zailtzen dio, nork galarazten dio bide hori? Nork oztopatzen dio euskara gehiagorako bidea? Arnasguneek? Euskarak berak?”.

“Eta demagun orain bigarren aukera, bigarren helburua. Alegia, euskaldunak ez horren euskaldun izatea dela xedea. Euskaldunak bai, baina ez horren euskaldun. Oso edo oso-oso euskaldun ez. Hori euskararen periferia da? Ala proiektu estatal frantses eta espainolaren periferia autonomiko departametal bati buruz ari gara hizketan? Alegia, ongi ezagutzen dugun eta gure artean bolo-bolo dabilen pentsaera baskoari/basqueari buruz ari gara hitz egiten, nahiz eta euskaraz ari, nahiz eta euskalgintzaz jantzita etorri? Ez, gure ustez, Euskararen Periferiak deituriko diskurtsoa ez da euskararen periferia. Xedea A izan ala B izan, Euskararen Periferiak deituriko diskurtsoa espainolaren eta frantsesaren periferia da, ez da arnasguneen periferia; Madrilen eta Parisen periferia da. Gure ustez, diskurtso hau, nahita ala nahi gabe, asimilazio erdaltzalearen prozesuan beste pauso bat gehiago da, diglosia linguistiko eta kulturalaren asmakizun berritua, euskalgintzaren helburuekiko aurrera egin beharrean atzera egitea dakarrena, eta ez litzateke euskalgintzaz mozorrotu beharko”.

“Diskurtso hau euskaran ardaztua balego, eta diskurtsoaren ikuspuntua eta perspektiba euskaran eta euskaratik abiatuko balitz, ezaguna litzateke euskara ez dela inoiz botere hizkuntza izan, euskararen herrian euskarak inoiz ez duela agindu eta ez duela agintzen, euskara ez dela inoiz aginte-botere baten hizkuntza benetakoa izan. Nabarmena litzateke euskalduna atzo eta gaur bigarren mailako hiritarra dela. Hiritartasuna, hemen gauden guztiona, gonbidatu batzuk salbu —bestela, kongresu honetan izenik ezingo zenukete eman—, gure hiritartasuna gure identifikazio-zenbaki frantses eta espainolen baitan daudela, eta hortik kanpo ez, eta hori ahaztu egiten zaigu. Guri euskaldunoi ez zaigu hiritartasunik euskaldun gisa eta ez herritartasunik aitortzen”.

“Euskaran ardaztua balego diskurtso hau, ez genuke ahaztuko arnasguneetako gehienak edo asko erdaldun berriak direla, erdara —frantsesa edo espainola— derrigorrezko hizkuntza bakarra den herri batean, eta, beraz, ustezko pribilegioak beste nonbait daudela. Erraz ikusiko litzateke euskaldun berri gehienak erdaldun zaharrak direla, gehienak erdara hegemoniko batean. Euskaraz eta euskaran ardaztuta bageunde, erraz ikusiko litzateke arnasguneak eta arnasguneetan bizi direnak ez daudela boterean, ez dutela inongo botere hegemonikorik Euskal Herrian, eta arnasguneetan ere diglosia linguistiko eta kultural gogorra bizi dela. Ez litzaiguke erdara eta hizkuntz komunitate erdalduna ikusezin egingo. Euskal Herriaren gehiengoa euskarari eta euskaraz bizi nahi dugunontzat zer-nolako itogunea den ez genuke ahaztuko. Diskurtso, kategorizazio eta aurreiritzi linguistiko-kultural kolonialak identifikatzen jakingo genuke, ez genuke kultura europar moderno hegemonikoaren hizkuntzaren eta kulturaren ulerkera txiro eta disekzionatzailean sakontzen jarraituko eta hizkuntzarekiko gogoeta, hizkuntzalaritza eta soziolinguistika ere ez genituzke hortik eraikiko, hizkuntz komunitate bat ez baita hiztunen akumulazio huts bat, hizkuntza bat ez baita orain bai eta orain ez nahieran jantzi eta kentzen dudan tresna huts bat, gehigarri bat. Euskaran ardaztuta bageunde, euskaldunoi ez genieke oso edo oso-oso euskaldun deituko. Euskal elebakarrei edo euskarazko nagusitasuna duten elebidunei ez genieke berriz ere subjektutasuna eta zilegitasuna kenduko erdarazko nagusitasuna edo ustezko nagusitasunik gabeko euskaldun elebidunen faboretan. Ez genieke azken hauei izate neutroa, orekatua esleitu eta aitortuko. Euskaldun. Eta, aldiz, euskarazko nagusitasuna dutenei izate markatua, markatuegia, oso euskaldun. Ez genituzke euskaldunok bizi ditugun zapalkuntza estrukturalak eta estrukturalak ez direnak maila berean jarriko. Hizkuntz komunitatearen ikuspuntutik landuko genuke gaia. Ez ginateke mugaren alde euskal espainolarekin edo alde euskal frantsesarekin laketuko. Euskal hizkuntz komunitatea ez  genuke komunitate erdaldunaren baitako komunitate gisa irudikatuko, Euskal Herria aldarrikatuko genuke. Hemen eta gaur hizkuntzari dagokionez, nor dagoen zentroan eta nor periferian ez litzateke diskurtso katramilatsu bat izango. Hizkuntzaren gaiaz nor dagoen zentroan eta nor periferian ez litzateke banatzen gaituen gai bat izango. Arnasguneek hizkuntza gutxien eta, beraz, euskararen biziberritzean duten garrantzia ez zen iritzien mailako eztabaidagai bat izango. Eta abar”.

“Arazo larria dugu oso. Gure perspektiba propioak, gure ikuspuntua beharko lukeena guztiz lausotua dabilkigu eta hori oso larria da diskurtso hauek euskalgintzaren barruan eta kasu askotan asmo onez ari den jendeak esanak eta erreproduzituak dira, euskararen normalizazioaren alde ari den jendeak esanak. Horrek erakusten digu gure arazo estrukturalaren neurria. Horrek erakusten digu gure baitan dugun erdalkeriaren tamaina. Identifikatu ere, ikusi ere, sumatu ere egiten ez duguna. Ustez euskara hauspotzen ari garelakoan, konturatu gabe erdara hauspotzen jartzen gaituen kultura hori”.

“Galdera batzuk egin nahi dizkizuegu. Euskaragintza eta euskalgintza gauza bera al dira? Gerta al liteke norabide berean ez joatea? Erdalgintzaren euskalgintza existitzen al da? Haren zantzurik gurean ba al dago? Hizpide dugun Euskararen Periferiak diskurtso hau horren adibide bat ez al da?”.

“Euskararen Periferiak diskurtsoak bere baitan —honi azpimarra jarri nahi diogu—  komunitate gisa aintzat hartu behar ditugun aldarrikapenak ere gordetzen ditu. Eta guk hori ez dugu ezbaian jartzen. Baina modu honetara eraikita guk uste dugu ezetz. Modu honetara kategorizatuta eta kontzeptualizatuta ez digu balio. Badakigu kategoriek, kontzeptuek, izendapenek xalotik eta neutrotik ezer ez dutela. Gure ingurua eta errealitatea pentsatzeko, interpretatzeko, ulertzeko eta eraldatzeko zer-nolako indarra duten badakigu. Posizio bital eta kokatze soziopolitiko kulturalak islatzen dituztela eta, hala, euskararen periferiak bi hitz horien konbinazio horrek ere, halaxe. Lehen esan dugun bezala, kategorizazio hau eta berekin dakarren diskurtsoa etxekalte zaizkigu”.

“Diskurtso honek modu honetara kokatuta eta osatuta:

  • Hizkuntza zapaldu baten errealitatea eta barne-logikak ez ditu argitzen, ilundu baizik, guztiz desitxuratu.
  • Eta, beraz, ez zaigu kontzeptualki ere tresna ona. Ez da euskararen normalizazioren aldeko kategorizazio eta eraikuntza diskurtsibo egokia.
  • Bestetik, banatu egiten gaitu, batu beharrean; euskaldunok elkarrengandik gertuago, elkarrekiko begirunezkoago, elkarrekin ditugun ezaugarri partekatu eta ez-partekatuekin eskuzabalago izatera akuilatu beharrean, komunitate izaera zartatzen digu. Azpitalde eta banakoetan indarra eginaz, gure arteko teinkak elikatuz eta euskal komunitatea, euskal nazioa ekuaziotik ateraz.
  • Arrazionalitate moderno inperialistaren gakoetatik pentsatzera garamatza; ikuspegi dekolonialaren kontrako norabidean, beraz. Pribilegioa, boterea, erabakimena euskaldunongan kokatuz modu iruzurti batean”.

“Presazkoa eta derrigorrezko zaigu:

  • Euskararen adierazle, kategoria, kontzeptualizazio, begirada, ikuspuntu… propioak identifikatzea, sortzea, elikatzea, zabaltzea.
  • Konplexutasunetik eta konplexurik gabe euskararen aldeko diskurtso eta errelato zahar eta berriak eta zahar-berriak indartzea.
  • Euskaran eta euskaratik ardaztutako intersekzionalitate bat garatzea. Egun oraindik ez daukaguna”.

“Presazko eta derrigorrizko zaizkigu:

  • Komunitate gisa ikuspuntu dekolonial zorrotza eta aberatsa
  • Euskararen historia eta memoriaren berariazko transmisioa
  • Formakuntza soziolinguistiko sendoa”
Print Friendly, PDF & Email
About gureberriak 423 Articles
Gure Berriak Euskal Herriaren independentziaren aldeko komunikabide bat duzue: herri gisa autoestimua indartu eta sendotzen laguntzeko tresna izan nahi duen komunikabidea; egunerokoan jasaten dugun kutsadura ideologikoaren aurkako sendagaia. Menpekotasunean dirauen herri baten seme-alabak gara, eta egoera horrek ezinbestean eragina du bizitzako arlo guztietan. Munduko beste edozein herriren antzera, eguneroko berriak ikuspegi propio batetik lantzea ezinbestekotzat daukagu. Guztiok politikarekin ezinbestean dugun lotura kontuan hartuz eta askatasun egarriak bultzatuta, webgunean topatuko duzuen material oro independentziarantz zuzendutako begiradapean jorratzea dugu helburu. .