L. Enparantza – Estatu gabezia egunerokoan

849-02864021 © Asia Images / Masterfile Model Release: Yes Property Release: No Man sitting seaside looking out to ocean

Euskaldunok estaturik ez izatea ez da berezko zerbait, ez eta zirkunstantzia hutsa ere, baizik eta Espainiak eta Frantziak gure nafar estatua eraitsi izanari zor zaion zerbait. Gabezia horrek, bada, egunerokotasunean sortzen dizkidan eragozpen eta zailtasunez galdetu didate. Nahikoa lan izan dut, bai, nabarmentasun ezak arrunta denari eskaintzen dion babespetik adibide batzuk azalarazi eta nolabaiteko ordenan jartzen; zer eraginkorrago oharkabeko zapalkuntza baino?

Goizean goiz hasten da sufrikarioa, gosaria berotu bitartean irratia piztuz gero. Eguneko albisteen tartean, Espainiako bazter urrunen baten gertatutako genero-indarkeria kasua, istripua nahiz bestelako berriren bat kontatuko digute. Politikaren atalean, Espainiako alderdi politikoen arteko gorabeherak, halakoaren ustelkeria eta bestelakoaren barne tirabirak. Tira!, gu ere aipatzen gaituzte: beti izango da EAEko edo Nafarroako parlamentuek onartutako legeren bat Espainiako Konstituzio Auzitegi delakoak atzera botatzeko.

Ez, ez, ez ditut ahaztu Lapurdi-eta, azpimarratu nahi nuen Iparralde-Hegoalde kontzeptuak gurean izaera geografikoa izateari utzi eta erabat politiko bihurtu zirela aspaldi. Trafikoaren tartean ere, gogora ekarriko digute izaera hori: “mugan” kilometrotako ilarak daude… Gainerakoan, Iparraldeko albiste gutxi iristen da Hegoaldera, eta nago aurkako noranzkoan iragazkortasuna handiagoa ez delakoan.

Kirol tartean, azkenetakoa (eskerrak, ari gara bukatzen gosari kontu hau!), hemengo kirolariek Espainiako selekzioren batekin egin dituzten balentriak kontatuko dizkigute. Nahikoa dugu!

Etxetik irten orduko hor da kotxe zaharraren matrikulako E (F) hori, zeinek agintzen duen gogorarazteko.

– Motel, hi beti horrelako txikikeriekin habil! Zer, kotxea okerrago zebilek horregatik, ala?

– Kotxea ez zekiat, ni bai!

Izan ere, gogoan dut zenbat eguneko mintzagai izan zen kontua espainiarrek erabaki zutenean zer jarriko zuten beren matrikuletan. Hemendik ere egin zituzten proposamenak… baina hangoek erabaki, noski. Hori ere irentsi, aldebikotasuna “exijitu” eta sentikortasun-atalasea beste koska bat beherago jarri, gutxiago sufritzeko edo. Gutxiago sufritu ez dakit, galbidean sakondu zalantzarik gabe.

Lanerako bidea hartuta, hor dira bidea erakusten diguten argibide-seinaleak: Gasteizerako bidea hartu eta Vitoriara iritsi, edo Iruñekoa hartu eta Pamplonara. Ez, ez, ez nago Iparraldearekin ahaztuta. Jar bitza irakurleak adibideak, errazak izango zaizkio bilatzen.

Lanean, euskaldunak urri. Politika konturik aipatu ere ez. Ederki pasa zuten eguna eskua elkarri emanda kate luzea eginez, gure esku behar lukeena espainolei erabakigai eskaintzen. “Hirekin ezin daitekek berbarik egin, erabat saminduta hago”. (Touché!)

Bazkaldu dugu, oso berandu, europarrek (eta iparraldekoek) ez bezala: akabo lan eta familia-bizitza bateragarri egitea. Joan naiz azkar-azkar aspaldian zerrendan daukadan enkargu hori egiten, eta apuntatu dute nire izena, gertu dagoenean deitzeko asmotan. “Ez, nire abizenak ez du m-rik p-ren aurrean, n baizik”.

Noizbait iritsi naiz etxera, etsita. Gaitz erdi, bihar jai da eta atseden hartzeko aukera izango dut. Zein egunetan bizi naizen ere ez dakit: uztailak 14 ditu ala urriak 12? Horiek eta beste horrelako batzuk ospatu behar ditugu ezinbestean.

Lan hau zati bat errazago egina nukeen gure euskal estatu gabeziak sortzen didan aldarteaz galdetu izan balidate. Orduan, gure etorkizun ilunak egunero eragiten didan minsorra aipatuko nukeen, adibide bila ibili behar izan barik. Aspaldion gizartearen aldaketek (batzuek behintzat) abiada izugarria hartu dute, eta horrek, jakina, gizartearen zati eta tasun ahulenak higatzen ditu azkarren eta eraginkorren, eta hortxe doa gure izatea, hortxe gure identitatea disolbatuz.

Are lan errazagoa gure euskal estatu gabezia zertan ez dudan antzematen galdetu izan balidate: ezertan ere ez.

L. Enparantza

Print Friendly, PDF & Email
gureberriak
About gureberriak 383 Articles
Gure Berriak Euskal Herriaren independentziaren aldeko komunikabide bat duzue: herri gisa autoestimua indartu eta sendotzen laguntzeko tresna izan nahi duen komunikabidea; egunerokoan jasaten dugun kutsadura ideologikoaren aurkako sendagaia. Menpekotasunean dirauen herri baten seme-alabak gara, eta egoera horrek ezinbestean eragina du bizitzako arlo guztietan. Munduko beste edozein herriren antzera, eguneroko berriak ikuspegi propio batetik lantzea ezinbestekotzat daukagu. Guztiok politikarekin ezinbestean dugun lotura kontuan hartuz eta askatasun egarriak bultzatuta, webgunean topatuko duzuen material oro independentziarantz zuzendutako begiradapean jorratzea dugu helburu. .