Patxi Olabarria ikertzaileak dioenez, lehen pizkundeko Zazpiak Bat aldatu beharrean gaude, bat hori zazpitan zatikatuta irudikatzen baita: zazpi horiek konkisten ondorio dira eta horietako bakoitzean sinbolo arrotzak ageri dira. Olabarria, orain, politikoki bat izan ginen garaiko sinboloak arakatzen dabil. Harekin armarriei eta sinboloei buruz egindako bideo sortako azkena da hau.
Bideo labur honetan, sinboloen garrantziaz mintzo da Patxi Olabarria. Memoriarik gabeko herri bat garela zioen idatzi zuen lehen liburuan, Antzuolako armarriaren alardea liburuan, eta ez dakigula zer ageri den gure sinboloetan.
Bideo mamitsu honetan, Patxi Olabarria ikertzailea, batetik, Gipuzkoako armarriaz ari da, eta hainbat kontu garrantzitsu eta uste oker argitu dizkigu. Besteak beste, armarriko erregeari buruzko bere hipotesia plazaratu du, ikerketan ondo oinarrituta.
Bestetik, “Gipuzkoak mila urte” izeneko kanpainaren manipulazioaz jardun da, ahoan bilorik gabe. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta San Telmo museoak badute zertaz lotsatu.
Horretaz guztiaz gehiago jakin nahi izanez gero, Gipuzkoako armarria, gure historiaren ispilu liburuan duzu informazio guztia.
Armarrietan eta sinboloetan arakatuz, asko ikas daiteke. Patxi Olabarria Irizar (Antzuola, 1971) Gipuzkoako armarriaz eta Gipuzkoako herrietako armarriez gehien dakitenetako bat da gaur-gaurkoz, gehien dakiena ez bada. Antzuolako armarriaren alardea liburua idatzi zuen 2023an, eta Gipuzkoako armarria, gure historiaren ispilu plazaratu du 2024an. Azkenaldian, egin dituen ikerketa-lan horietan ikasitakoaren berri ematen dabil, eta behin baino gehiagotan salatu du Gipuzkoako Foru Aldundiak hotsandiz eta espantuka antolatu duen kanpaina ustela (Gipuzkoak mila urte). Harremanetan jarri gara harekin, eta gure galderei erantzun die. Plazer handia izan da. Badauka zer kontatua eta badugu zer ikasia.

