Lauaxeta hil zutela, 85 urte

Bihar, larunbata, 85 urte beteko dira Estepan Urkiaga Lauaxeta hil zutela. 1937an, Le Petit Gironde egunkariko Georges Berniard kazetariari Gernika suntsitua erakusten ari zela, atxilotu egin zuten, eta Gasteizen espetxeratu. Euzko Jaurlaritzako agintariak beste preso batekin trukatuz askatzen saiatu ziren, baina alferrik: 1937ko ekainaren 25ean, 31 urte zituela, frankistek fusilatu egin zuten, Gasteizko Santa Isabel hilerrian.

Estepan Urkiaga Laukizen jaio zen, 1905eko abuztuaren 3an, eta Lauaxeta ezizena bere baserriaren izenetik hartu zuen. Batez ere, literatura-lanengatik da ezaguna, baina, olerkari bikaina ez ezik, kazetari, politikari eta gudaria ere izan zen.

Euzkadi egunkariko euskal ataleko zuzendaria izan zen, eta hainbat artikulu idatzi zituen egunkari hartan, euskaraz eta espainieraz. Beste aldizkari batzuetan ere idatzi zuen.

1931n, Bide barrijak olerki-bilduma argitaratu zuen, eta handik lau urtera, 1935ean, Arrats-beran. Berritzailea izan zen euskal poesian, eta garai hartarako berezia da haren olerkigintza. Europako modernitatea euskaraz eman nahi zuen, eta haren iturriak Europan bilatu behar dira. Gaiak eta hizkuntza berritu nahi zituen. Xabier Lizardik eta Orixek bezala, olerkigintza landua ondu zuen.

Gaur egun, Lauaxetaren olerkien argitalpen berriak egin dira, liburu haietako olerkiekin eta aurkitu diren beste olerkiekin batera. 1982an, Euzkadi egunkarian Lauaxetak idatzitako artikuluen bilduma bat argitaratu zen, Azalpenak izenburupean. 1990ean, berriz, haren antzerki-lanak atera ziren argitara.

Espainiako Bigarren Errepublikaren garaian, mitinetan ibili zen hizlari. Balendin Enbeita bertsolariak Bizitzaren joanean liburuan dio lagun handia zuela: “Hainbat herri arakatu genduan alkarregaz, Lauaxeta hitz egiten eta ni bertsotan. 31tik 35era geldi egote askorik ez genduan egin. (…) Gure lana propaganda izaten zan. Ez dot ikusi oraindino Lauaxeta baino euskerazko hizlari ederragorik”. Jon Kortazar idazleak dioenez (bi liburu idatzi ditu Lauaxetari buruz), mitinak ematen sutsua zen eta erradikal-fama zuen Lauaxetak. Garai hartan, hamaika zereginetan ibili zen: antzerki-jaiak eratzen, ekimen politiko eta kulturalak moldatzen, Emakume Abertzale Batza indartzen, euskarazko eskolak ematen, euskarazko irratsaioak sortzen eta zabaltzen, euskal liburuaren erakusketak antolatzen, eta abar.

Gerra-denboran, zeregin guztiak utzi eta Euskal Gudarostean sartu zen, lehendakariaren agindupean, eta komandante gradua jaso zuen. Bi ardura izan omen zituen: batetik, intendentzia-lanetan aritu zen, eta, bestetik, Gudari aldizkarian eta Eguna euskara hutseko egunkari historikoan.

Baina faxistek, Gernika bonbardatu eta gutxira, atxilotu egin zuten, eta heriotza-zigorra eman zioten, 31 urte zituela.

Antton Valverdek, Lauaxetaren zenbait olerki hartu, eta disko oso bat egin zuen haren omenez. Oso disko ederra, bide batez esanda. Tartean da Amaiurko gaztelu baltza olerkia (https://www.youtube.com/watch?v=RKcVvOfHRXs), orain dela bostehun urte izan zen eta egun hauetan gogoratzen ari garen erresistentzia-ekintzari buruzkoa. Euskal Herriko beste musikari askok ere kantatu dituzte Laukizko gudariaren olerkiak.

Amaitzeko, hona hemen Salbatore Mitxelena olerkari zarauztarrak Lauaxetaren omenez egindako olerki bat: Gorputz dago gudaria. Hori ere musikatu dute, oso ederki musikatu ere, hemengo musikariek: behintzat, Joseba Tapiak, Agur Intxorta maite disko bikainean (https://www.youtube.com/watch?v=wpF_6orV16U), eta Antton Valverdek berak, Gaua. Ausentziaren itzala diskoan (https://www.youtube.com/watch?v=UZqFyoWV_1g).

 

GORPUTZ DAGO GUDARIA

Salbatore Mitxelena, 1938 

Gorputz dago gudaria

Urkiolako maldan;

bekoki ameslariak

dizdiz eguzki galdan.

 

Bizkai guda izan zanetik

nolaz gorputz au eze?

Esaidazu artzai orrek

ikusi dezun eze.

 

—Bart arrastiriz lau lamin

ega ziran onaño;

gudaria ortxe zegon

aldegin zuteneko…

 

Gorputz dago gudaria

Urkiolako maldan;

Maitagarriak agurtzen

dabilzkio egaldan.

 

—Ta gaur goi andere batek

—ederra bai ta argia!—

burestuna jarri dio

urrebitxiz josia.

«Olerkari ta abertzale,

—ziotsan Andereak—

seme zaitut Olermenak,

ziñopa Euskereak!»

 

Gorputz dago gudaria

Urkiolako maldan.

Esaidazu artzai orrek

Lauaxeta ez al dan.

 

—Ara an berriz lau lamiñak

dizdiz eguzkitara;

gorputza eramatera

bide datoz maldara.

 

Gipuzko, Napar, Bizkaian

barna an badaramate;

ta giputz, napar, bizkaitar

danak agurtzen dute!

 

Gorputz dago gudaria

Gazteiztik lapurtua

ta euskotarrak agurtu

ondoren biurtua!

Print Friendly, PDF & Email
gureberriak
About gureberriak 384 Articles
Gure Berriak Euskal Herriaren independentziaren aldeko komunikabide bat duzue: herri gisa autoestimua indartu eta sendotzen laguntzeko tresna izan nahi duen komunikabidea; egunerokoan jasaten dugun kutsadura ideologikoaren aurkako sendagaia. Menpekotasunean dirauen herri baten seme-alabak gara, eta egoera horrek ezinbestean eragina du bizitzako arlo guztietan. Munduko beste edozein herriren antzera, eguneroko berriak ikuspegi propio batetik lantzea ezinbestekotzat daukagu. Guztiok politikarekin ezinbestean dugun lotura kontuan hartuz eta askatasun egarriak bultzatuta, webgunean topatuko duzuen material oro independentziarantz zuzendutako begiradapean jorratzea dugu helburu. .