Frantziar besta egun nazionalaren karietara, Uztailak 14 kolektiboak deiturik manifestazioa egin dute gaur arratsaldean Ezpeletan. Gazteek, asimilazioaren eta kapitalismoaren aitzinean, oldartu eta herriaren indarra erakusteko xedea agertu dute.
Biper gorri zein berdeak etxe zuri ederretatik zintzilik, eta turistak argazkiak hartzen, irribarre batekin. Estanpa hori usaiakoa bilakatu da, batez ere udako sasoi honetan, Ezpeletan. Baina posta-txarteletik harago, bere izaera atxiki nahi duen herri bat erakutsi dute bertan, frantziar besta egun nazionalean, Ipar Euskal Herriko hainbat txokotatik bertaraturiko gazteek.
Hain zuzen, uztailaren 14 honetako 19:00etan abiatu da Uztailak 14 kolektiboak deituriko manifestazioa, herriko merkatu estalitik. Euripean iragan den mobiizazioa Jerdarmeriaren aitzinetik pasatu denean, ACAB leloa zeraman banderola ezarri dute hesian. Herriko plazan amaitu da protesta.
‘Frantses eta espainiar okupazioaren aurrean, Euskal Herria askatu’ banderolaren atzean martxa burutu duten gazteek «asimilazioaren eta kapitalismoaren aitzinean, independentzia eta sozialismoa» aldarrikatu dute.
«Aurtengo manifaren lekua ez da kasualitatez hautatu. Orain arte kostaldean Donibane Lohitzunen, egindako mobilizazio hau barnekaldera hurbildu nahi izan dugu. Izan ere, maiz kostaldearekin lotzen ditugun problematika hauek hemen ere agertzen dira. Honen adibide argia dugu Ezpeletan presente den masa turismoa eta euskal kulturaren merkantilizazioa», adierazi dute.
‘Hau ez da Frantzia, Euskal Herria da’, ‘Estatu frantsesa, Estatu terrorista’ edota ‘Bakerik ez, amnistiarik gabe’ bezalako leloak entzunarazi dituzte garai honetan bisitari anitz jasotzen dituen Lapurdiko herrian.
Asimilazioaren kontzeptua, ardatz gisa
Uztailak 14 kolektiboa 2020an sortu zen, urte hartako frantziar nazioaren bestan, Ipar Euskal Herrian, mobilizaziorik izan ez zela ikusirik. «Uztailaren 14a besta egun frantsesa izanik eta besta egun arrotza izanik, kontra ahotsik ez izatea problematikoa iruditzen zitzaigun», adierazi du kolektiboko kide den Garazi Adurizek, Ziliport kontrainformazio atariari eskaini elkarrizketan. Bere erranetan, «garaia politikoki aski nahasia zen Euskal Herrian, eta Ipar Euskal Herrian bereziki: diskurtsoa aski lausotzen hasi zen».
Hutsune hori bete asmoz mobilizatu ziren hainbat gazte, eta 2021ean lehen aldiz manifestatu ondotik, aurtengoa laugarren aldia izanen da. Hala, asimilazioaren kontzeptua ardatz gisa kokatu dute orduz geroztik antolaturiko hitzorduetan. Hain zuzen ere, «asimilazioaz ohartu, kontutan hartu, antolatu eta erresistentziara pasatzea» dute xede.
Albistearen jatorrizko bertsioa, hemen.

