Macronek aginduta, 12an ikastolara!

harriet baita ikastola

Heldu den astean berriz ikastetxera joan behar naiz, gobernu frantsesak erabaki hori hartu duelako, edo, hobeki erranda, botere ekonomikoek hala exijitu diotelako. Hain zuzen, gurasoek beraien nagusiak aberasten segitu ahal izateko, haurrak nonbait uztera behartu dituzte, osasun egoera larritzeko arrisku handiak hartuta ere.

Protokolo sanitarioan berean agertzen da erabaki horren zentzugabekeria: Nire 2-3 urteko haurrei harrera egin beharko diet, metro bateko distantzia mantenduz, beraien arteko metro bateko distantzia errespetaraziz, jostailu eta liburuak debekatuz, joko kolektiborik gabe, eta kiroleko materialik erabili ahal izan gabe, besteak beste. Adin horretako haurrak dituztenek soberan dakite ezinezko zeregina dela.

Osasun krisi honek, beraz, argi utzi du ebidentzia bat: diruak agintzen duela eta gure bizitzek beraien etekinek baino gutxiago balio dutela.

Baina, gaurkoan, nabarmendu den beste puntu bat aipatzera nator. Frantziako estatuak bere menpean duen Euskal Herriaren aldean bere erabakiak inposatzen ditu. Eta hezkuntzaren arloa ez da salbuespen bat. Frantses hezkuntza eredua inposatzen digu; alegia, frantses programetatik hasita gelen gehienezko kopurua zehaztera arte.

Egoera honek berresten du hezkuntza arloan ere sistema propioa behar-beharrezkoa dugula: ESKOLA EUSKALDUNA. Euskal curriculuma oinarri hartuta euskal nortasunaren eta kulturaren transmisioa ziurtatuko duen eskola euskalduna. Haurraren ongizatea helburu eta behar dituen medio humano zein ekonomikoen jabe izango den eskola euskalduna.

Hezkuntza arloan diseinatu zuten asimilazio prozesua oztopatzea besterik ez dugu, eta, horretarako, maitasuna, ilusioa, indarra eta determinazioa baizik ez ditugu arma gisa. David eta Goliathen arteko guda bat da, ordea, baina aukera minimo bat geldituko den bitartean borrokan jarraitzea da gure eginkizuna.

Horregatik, argi eta garbi erran behar dugu, gure hezkuntza sistemaren jabe izateko aterabide bakarra dagoela: EUSKAL ESTATU INDEPENDENTEA. Soilik askatasunean heziko baititugu haur euskaldun eta askeak.

Gure haurrek biharko ikastoletan heien izenak abestu ditzaten…

 

Unai Villacorta (Urruña, 1992) Donibane Lohizuneko ikastolako irakaslea eta EHEko kidea

Print Friendly, PDF & Email
gureberriak
About gureberriak 383 Articles
Gure Berriak Euskal Herriaren independentziaren aldeko komunikabide bat duzue: herri gisa autoestimua indartu eta sendotzen laguntzeko tresna izan nahi duen komunikabidea; egunerokoan jasaten dugun kutsadura ideologikoaren aurkako sendagaia. Menpekotasunean dirauen herri baten seme-alabak gara, eta egoera horrek ezinbestean eragina du bizitzako arlo guztietan. Munduko beste edozein herriren antzera, eguneroko berriak ikuspegi propio batetik lantzea ezinbestekotzat daukagu. Guztiok politikarekin ezinbestean dugun lotura kontuan hartuz eta askatasun egarriak bultzatuta, webgunean topatuko duzuen material oro independentziarantz zuzendutako begiradapean jorratzea dugu helburu. .