NAZIO AUZIAREN GUTXIESPENA

Joan den mendearen erdialdean Euskal Herrian piztu zen txinpartak piztu zuen sugarra gehienbat nazio auziari zerion. Hasieran bederen askapen nazionalaren ezaugarriak nabarmendu ziren orduko borroka politikoan. Euskararen egoera ezin larriagoa zen  eta ikastolen eta gau-eskolen mugimenduak dira, besteak beste, horren lekuko. Baina hastapen hartako nazio kontzientziaren indarra ezarian-ezarian itzaltzen joan zen denboraren poderioz. Eta euskaldun eta Euskal Herri gisa dugun arazorik larriena borrokaren lehen lerrotik enegarren lerrora igaro da abertzaleon zabarkeria tarteko.

Biziki pozgarria da, orain, luzaro lozorroan egon den auzi nazionalari buruzko kezkak berriro azaleratzea. Zer esanik ez kontzientzia nazionalaren txinparta feminista baten eskutik piztu dela ikustean. Cira Crespori zor diogu hori.

“Nik uste dut arazo nazionalaz ez duela inork modu orokor eta eraginkor batean hitz egin, eta zeharkatzen ditugun mendekotasunen artean gutxietsi egiten dela. Nazio auziarekin zer gertatzen den ondo jakin gabe, horri buruz historia egin gabe, noraezean goaz, eta arazoak bazter asko zikintzen ditu” (Jakin, 263-264, 2024).

Noraezean goaz. Euskaldunon noragabea inoiz baino handiagoa dela erantsiko nuke, gainera. Euskaldunok jasaten ari garen asimilazio nazionalak marra gorri guztiak igaro ditu, eta gure kontzientzia eta praxi nazionalaren adierazleak ez dira orain bezain apalduak aspaldi honetan egon. Irudipena dut honek guztiak baduela zerikusirik askapen nazionalaren grina itzaltzearekin. Bestela esanda, zorioneko “ziklo politiko berriaren” norabide galduarekin. Zeren eta delako ziklo berri horretan boto abertzaleak Euskadin gora egin badu ere, asimilazio nazionalaren segak  garai bateko abertzaletasun euskaltzalearen asmoak eta borrokak errotik moztu ditu.

Betor Cira Cresporen beste gogoeta jakingarri bat:

“[…] ez dugu[lako] modu erraz eta on batean gatazka nazionala zer den azaltzen, ez dugulako horri buruz teoria garbi bat garatu. Eta hori gertatzen da arrazoi ugarigatik, baina, batez ere, ausardia falta zaigulako. Arazo konkretu eta larri bat daukagu horregatik: neska-mutil askok ez dute maite euskara, arazo bat delako, ahuldu egiten dugulako, eta ez dugulako aurpegirik ematen ez erantzun egokirik eskaintzen. Eta espainolizatzen ari dira; hau da, gure seme-alabak ideologia supremazistak besarkatzen ari dira”.

Ausardiarik gabeko abertzaletasunak adorerik gabeko euskalduntasuna ekarri digu. Eta alderantziz, beste horrenbeste: ausardiarik gabeko euskalduntasunak adorerik gabeko abertzaletasuna ekarri digu. Eta gure abertzaletasunaren eta euskalduntasunaren erabateko abaildurak ekarri duen asimilazio nazionalak borroka ideologikorako eta praxirako grina itzali digu. Eskolaren bidez sortzen ditugun euskaldun berrien eta ez hain berrien abertzaletasunik gabeko euskal identitate txepelak Euskal Herria umezurtz utzi du. Identitate nazional espainolean sozializatutako belaunaldiak sortu ditu Hegoaldeko botere autonomikoaren hezkuntza sistemak. Baita euskarazko ereduetan ere.

Zapalkuntza kolonialen historia ez da itsasoz haraindiko kontu soila.  Horren lekuko dira Cira Cresporen ohartarazpenok:

“Kolonialismoari buruzko eztabaidari gehituko bagenizkio gurea bezalako Europako herri gutxituen kondizioari buruzko egoerak, nire ustez diskurtsoak aberatsagoak eta aberasgarriagoak izango lirateke. Ez alferrik, Europan eta Europako herrien kontra jarri baitzen praktikan lehenengo gero mundura zabalduko zen kolonialismo sistema suntsitzailea. Gaur egun, ia tabua da esatea estatu europarrek Amerikan, Asian eta Afrikan hegemonia kulturala lortzeko erabili izan dituzten sistemak eta Europan bertan erabili izan dituztenak berberak izan direla”.

Gaurko euskaldunen batez bestekoari galdetuko bagenio espainiar edo frantses sistema kolonial baten menpe bizi den ala ez, erantzuna zein litzatekeen badakigu aldez aurretik. Gaurko politikari abertzale gehienen erantzuna ere hortxe-hortxe ibiliko litzateke. Gaurko batez besteko euskaldunen mentalitate kolonialak ez du nazio askatasunaren premiarik sumatzen eta sentitzen. Arazo nazionalik gabeko herrialde bateko herritarraren kezka bertsuak islatzen dira bere erantzun-iritzietan. Gaurko Euskal Herria herrialde garatu bat da, mundu aberatsean kokatua, ongizate sozioekonomiko dezente baten jabe. Horra, beraz, gure paradoxa: gure ongizate materiala eta gure hondamendi nazionala aldi bereko fenomenoak dira.

“Laburbilduz –dio Cira Crespok–,  gaur egun ezin da hitz egin feminismoari buruz arraza, erlijioa edota klasea aipatu gabe, eta eskerrak. Baina, bai, lasai asko ari gaitezke nazio zapalkuntza aipatu gabe”.

Feminismotik egiten den autokritika hau itxaropentsua da. Oraindik ez da nonbait nazio askatasunaren sugarra erabat itzali.  Alabaina, euskal nazio zapalkuntzaren arazoa gainerako mugimendu sozial eta politikoetan lozorroan dago aspaldi honetan. Autokritikaren beharraz ari garenez, ez legoke batere gaizki alderdi politikoek, sindikatuek, hezkuntza sistemak, hedabideek, ekologistek, orotariko mugimendu sozialek eta, zeresanik ez, botere autonomikoaren sarea osatzen duten administrazioaren bateko eta besteko erakundeek ere beren diskurtsoa eta praxi nazionala auzitan jartzea.

Joxe Manuel Odriozola

Print Friendly, PDF & Email
gureberriak
About gureberriak 403 Articles
Gure Berriak Euskal Herriaren independentziaren aldeko komunikabide bat duzue: herri gisa autoestimua indartu eta sendotzen laguntzeko tresna izan nahi duen komunikabidea; egunerokoan jasaten dugun kutsadura ideologikoaren aurkako sendagaia. Menpekotasunean dirauen herri baten seme-alabak gara, eta egoera horrek ezinbestean eragina du bizitzako arlo guztietan. Munduko beste edozein herriren antzera, eguneroko berriak ikuspegi propio batetik lantzea ezinbestekotzat daukagu. Guztiok politikarekin ezinbestean dugun lotura kontuan hartuz eta askatasun egarriak bultzatuta, webgunean topatuko duzuen material oro independentziarantz zuzendutako begiradapean jorratzea dugu helburu. .