‘Krutwig bere mendeurrenean berrirakurtzen’

Federico Krutwig Sagredoren bizitza, pentsaera eta lanak jasotzen dituen liburu bat argitaratu dute haren lagunek, Nabarralde fundazioaren laguntzarekin. Hamahiru idazlek hartu dute parte liburuan, artikulu bana idatziz.

«Krutwigen lagunak» dira, hala sinatu dute liburua, eta haien asmoetako bat Federico Krutwigi «inoiz jaso gabeko aitortza» egitea izan da. Izan ere, haien ustez, Krutwigek ez du merezitako aitortzarik jaso. Helburu nagusia, baina, «astintzea» dela diote. Eta, Krutwigek esaten zuen bezala, «egonkinak mugiarazi» nahi dituzte, «uste dutenak Euskal Herriaren askapena berez etorriko dela, egonean egonda».

Getxoko idazlearen bizitza, ideia eta lanak daude liburuan. Hamahiru artikuluk osatzen dute, eta horiek sei ataletan bereizita daude: biografikoak; hizkuntza, itzulpengintza eta literatura; helenismo klasikoa, filosofia eta pentsamendua; jakintza baitha; historia eta politika; eta sozioekonomia.

Hauek dira artikulugileak: Agnès Caers, Alejandro Zobaran, Xabier Amuriza, Jose Manuel Ertzilla, Karlos del Olmo, Georgios Karakasis, Xabier Renteria, Inhar Agirrezabal, Joseba Arruabarrena, Aitzol Altuna, Oskar Arantzabal, Baleren Bakaikoa eta Vicente Huizi.

Bada, «Krutwigen hiru lagunekin» izan gara: Jose Manuel Ertzillarekin, Baleren Bakaikoarekin eta Oskar Arantzabalekin. Eta bideo hau prestatu dugu.

Jose Manuel Ertzilla idazlea Pott taldekoa izan zen, eta zenbait liburu ditu idatziak. Oso gertukoa zuen Krutwig, eta azken egunera arte ondoan izan zuen. Euskara klasikoaren inguruan idatzi du Ertzillak liburu honetan. Izan ere, Krutwigekin batera, euskara klasikoa lantzeko lantaldean parte hartu zuen 1980ko hamarkada amaieran.

Baleren Bakaikoa, besteak beste, Ekonomia Aplikatuko katedraduna izandakoa da, eta Udako Euskal Unibertsitatearen zuzendaria, eta hainbat artikulu eta liburu idatziak ditu. Krutwigek Euskal Herria ardatz hartuta ekonomiaren inguruan egindako gogoetak ekarri ditu Bakaikoak liburu honetara, nolako eredu ekonomikoa beharko lukeen Euskal Herriak eta zer erreferentzia hartu beharko liratekeen, Eibar, Bergara, Arrasate eta Oñatiko esperientziak gogoan.

Oskar Arantzabal ekonomialaria da, eta UEU Udako Euskal Unibertsitateko Ekonomia Saileko burua, besteak beste. Ekonomia-gaien dibulgazioa da haren zereginetako bat, eta Krutwigek idatzitako Vasconia liburua ekonomia politikoaren ikuspegitik berrirakurri du Arantzabalek. Herri produktiboak nolakoak diren definitu du libururako idatzi duen artikuluan.

Print Friendly, PDF & Email
gureberriak
About gureberriak 383 Articles
Gure Berriak Euskal Herriaren independentziaren aldeko komunikabide bat duzue: herri gisa autoestimua indartu eta sendotzen laguntzeko tresna izan nahi duen komunikabidea; egunerokoan jasaten dugun kutsadura ideologikoaren aurkako sendagaia. Menpekotasunean dirauen herri baten seme-alabak gara, eta egoera horrek ezinbestean eragina du bizitzako arlo guztietan. Munduko beste edozein herriren antzera, eguneroko berriak ikuspegi propio batetik lantzea ezinbestekotzat daukagu. Guztiok politikarekin ezinbestean dugun lotura kontuan hartuz eta askatasun egarriak bultzatuta, webgunean topatuko duzuen material oro independentziarantz zuzendutako begiradapean jorratzea dugu helburu. .