Atzar hadi, gure euskaldun haurride!

Asko dira Errobi Euskal Herrian inoiz sortu den rock talde onena dela uste dutenak, lehena —edo lehenetarikoa— eta onena, doinu eta hitz, eta oso talde onak sortu dira Euskal Herrian, sortu direnez.

Anje Duhaldek eta Michel Ducouk eratu zuten, orain dela 50 urte, eta kantuetako hitz gehienak Daniel Landart idazle finak idatzi zituen. Doinu eta hitz, hitz eta doinu, emaitza biribila izan zen. Beste taldekideak Beñat Amorena eta Jean Phocas izan ziren. Geroago, Mikel Haltyk Jean Phocas ordeztu zuen.

Kantuetako hitzetan, Euskal Herriko arazo politikoa erdigunean zen. Hitzek, zoritxarrez, ez dute batere gaurkotasunik galdu, nahiz eta haietan Euskadi izena askotan azaltzen den (Euskadi uler bedi izena prostituitu aurreko esanahiarekin, hau da, esanahi zuzenarekin, ez orain beste batzuek ematen diotenarekin).

Bada, gora bihotza!, Errobiren kantuak entzungo dira larunbatean Oialume Biltokian, Astigarragan. Izan ere, Errobi 50 urte betetzekoa zela eta, eskarmentu handiko euskal musikari ezagun batzuk elkartu ziren orain dela urtebete pasa, Atzar Hadi izenaren pean, Errobiren kantak jotzeko eta taldea omentzeko asmoz. Besteak beste, Xabi Pery, Jojo Bordagarai eta Mikel Artieda dira talde horretan.

Talde horrek maiatzean egin zuen lehen emanaldia, Miarritzen, Atabal aretoan. Eta larunbatean du bigarrena; esan bezala, Oialume Biltokian. Toki egokiagorik! 22:00etan hasiko da kontzertua.

Atzar Hadikoek ez omen dituzte kontzertu asko emango; sei-zortzi, asko jota. Beraz, ez huts egin aukera hau.

 

Print Friendly, PDF & Email
gureberriak
About gureberriak 383 Articles
Gure Berriak Euskal Herriaren independentziaren aldeko komunikabide bat duzue: herri gisa autoestimua indartu eta sendotzen laguntzeko tresna izan nahi duen komunikabidea; egunerokoan jasaten dugun kutsadura ideologikoaren aurkako sendagaia. Menpekotasunean dirauen herri baten seme-alabak gara, eta egoera horrek ezinbestean eragina du bizitzako arlo guztietan. Munduko beste edozein herriren antzera, eguneroko berriak ikuspegi propio batetik lantzea ezinbestekotzat daukagu. Guztiok politikarekin ezinbestean dugun lotura kontuan hartuz eta askatasun egarriak bultzatuta, webgunean topatuko duzuen material oro independentziarantz zuzendutako begiradapean jorratzea dugu helburu. .