Gaur 40 urte bete dira Elbira Zipitria hil zela

Urriaren 29an, Gipuzkoako Foru Aldundiak omenaldia egin zion Elbira Zipitriari, eta haren eskultura bat inauguratu zuen gipuzkoar handiei dedikatutako  ohorezko patioan. Ekitaldiaren amaieran, eta Elbira Zipitria oroituz, abesti hau abestu zuten haren ikasleak izandakoek eta bertan zirenek:

Aurretik, baina, hitz hauek irakurri zituen, besteak beste, Markel Olanok, Gipuzkoako diputatu nagusiak:

Ez noa, hitz labur hauetan, Elbira Zipitriak gure herriari egindako ekarpen aberats eta polifazetikoa aipatzera. Luze joango litzaiguke, oso luze. Ez nuke nahi, ezta ere, haren kontraesanen inguruko gogoetak kateatu, nire buruari galdetzen baitiot posible ote den kontraesanik ez edukitzea Elbirarena bezalako bizitza ibilbide luze eta emankor batean.

 

Gauza jakina da: funtsezko eremua da hezkuntza herri eta hizkuntza baten etorkizuna erabakitzeko garaian. Alor horretan, Elbira Zipitriak utzitako arrastoa erabakigarria da, nire iritziz. Gerra aurreko belaunaldien eta gerra osteko euskal irakaskuntzaren arteko zubi lana egin zuen Elbirak.

 

 

Francoren diktadurapean, klandestinitate gogorrean, Zipitriaren eta zuen gurasoen ausardia tarteko, euskararen eta euskal nortasunaren sugarra bizirik mantendu eta belaunaldi berriei transmititzea lortu zuten. Bizitza guztirako zuekin izan duzuen sugarra. Gainera, abangoardia ziren pedagogíak baliatuz, andereño berriei erakutsiz, euskarazko irakaskuntzari bidea egin zion. Eta horrekin guztiarekin ikastolen mugimenduaren hazia jarri zuen.

 

 

Egia da, bai, Elbira Zipitriak utzitako arrastoa erabakigarria izan dela euskal hezkuntza eta hizkuntzan.

Egia da, baita ere, euskararen eta euskal nortasunaren sugarra bizirik mantendu zuela frankismopean; haren ikasleak izandakoek bizitza osorako jaso zuten sugar hori, gainera.

Baina kontraesanak? Kontraesanean bizi al izan zen Elbira Zipitria? Ikastola, euskal eskola, herritik sortutakoa, etsaien legaltasunetik at mantendu nahi izateagatik, agian?

Ez zuen onartzen ikastola legeztatzearen kontu hori. Bazekien morrontza etor zitekeela bide horretatik, eta bere indar guztiekin egin zuen borroka, hori gerta ez zedin. Bazekien gurea guretik eraiki beharra zela, etsaien lege eta sistematik kanpo. Horrela sortu zen ikastola, eta horrela mantendu nahi zuen.

Horretan ere asmatu zuen: Orixe ikastola sortu eta berehala hasi ziren ikuskarien bisitak. Eta Espainiako gobernuak Villar Palasí deituriko legea onartu zuen 1970ean.

Historiak erakutsi digu ez zela kontraesana; historiak erakutsi digu nora ekarri gaituen ikastola desagerrarazi nahi zutenen eta nahi dutenen legaltasunaren barnean jokatzeak.

Zuena da kontraesana, Olano jauna: Espainiako eta Frantziako hezkuntza sistemapean euskal hezkuntza sistema posiblea dela esatea, eta hori ari zarete herriari sinetsarazten. Euskal “politikariak” proposatzen ari zaizkigun Euskal Hezkuntzaren Lege proiektuarekin euskal hezkuntza sistemaz jardutea kontraesan itzela da, hezkuntza sistemak estatuek ezartzen dituzte eta. Euskal Hezkuntza Sistema batek ezin ditu Nafarroa eta Iparraldea kanpoan utzi.

“Hezkuntza-lege proiektu hau oso urrun dago Euskal Herriko hezkuntza-lege izatetik: aipatu ere ez dira egiten ez euskal curriculuma, ez Euskal Herria bera ere, esate baterako. EAEn ere, Espainiako marko curricularra inposatzen da, gero eta tarte gutxiago utzita ikasgaiak eta edukiak berton zehazteko” (EAEko Hezkuntza Lege proiektuak atzerapauso larria dakar, Berria egunkaria, azaroak 8).

Lege horretan proposatzen den euskal eskola ereduan, ikastetxeen helburua ez da euskararen arnasgune izatea; euskalduntasuna helburutzat hartu ordez, “eleaniztasunaren” aitzakia erabiltzen da, hizkuntza nazionala zokoratzeko, haren nagusitasuna oztopatzeko.

Beraz, garbitu itzazue zuen kontraesanak, besteenak aipatzen hasi baino lehen.

 

 

Print Friendly, PDF & Email
gureberriak
About gureberriak 383 Articles
Gure Berriak Euskal Herriaren independentziaren aldeko komunikabide bat duzue: herri gisa autoestimua indartu eta sendotzen laguntzeko tresna izan nahi duen komunikabidea; egunerokoan jasaten dugun kutsadura ideologikoaren aurkako sendagaia. Menpekotasunean dirauen herri baten seme-alabak gara, eta egoera horrek ezinbestean eragina du bizitzako arlo guztietan. Munduko beste edozein herriren antzera, eguneroko berriak ikuspegi propio batetik lantzea ezinbestekotzat daukagu. Guztiok politikarekin ezinbestean dugun lotura kontuan hartuz eta askatasun egarriak bultzatuta, webgunean topatuko duzuen material oro independentziarantz zuzendutako begiradapean jorratzea dugu helburu. .