EZ DA ZER EDO NOLA, BAIZIK ETA ZERTAZ

Mikel Erauskin, Zarautz

Datorren urtean bostehun urte beteko dira gaztelar itsas espedizio batek munduari lehen aldiz bira eman zionetik. Hala errepikatuko digute etengabe Gaztelar Erresuma haren jarraipen naturala den Espainiar Erresumako instituzio guztiek.

Edozein kasutan, Elkano buru zuela amaitu zuen espedizio haren gorazarreak sortu du gurean harrabotsa. Eta sortuko duena! Tamalez.

Eta saiatuko naiz azaltzen zergatik diodan “tamalez”. Zein bertsio hobesten dudan, espainiar ofiziala edo bertako kritikoena, oso argi daukat. Baina kontua ez da hori.

Marketinaren munduan bada baieztapen oso ezagun bat, zeinaren arabera garrantzitsuena norberaz hitz egitea den eta ondo edo gaizki hitz egitea gutxienekoa den. Nago kasu honetan ere beste horrenbeste gertatzen delakoan: Elkanoren figuraz egingo duten kontakizunaren inguruan eztabaidetan katramilatzen bagara, haiek irabaziko dute, eta guk galdu. Partida horretan etxean jokatzen dute, guk baino milaka aldiz aurrekontu handiagoa dute, saria oso txikia litzateke, eta, gainera arbitroa euretakoa da. Partida hori aurrez galdua da.

Eta ez da hori okerrena. Datorren urtean bertan, bostehun urte beteko dira Amaiurko defendatzaileek amore eman behar izan zutenetik. Espainiako instituzioetan daudenek ez digute ezer esango horri buruz. Eta horrek beharko luke izan gure partida. Uste dut herri ikuspegi batetik begiratuta hutsaren hurrena dela Elkanoren kontua Amaiurkoarekin alderatuta.

Gure hitzak gureak dira, gure esku daude. Eta garrantzitsuena askotan ez da zer edo nola, ondo edo gaizki hitz egin. Baizik eta zertaz hitz egingo dugun.

Print Friendly, PDF & Email
gureberriak
About gureberriak 383 Articles
Gure Berriak Euskal Herriaren independentziaren aldeko komunikabide bat duzue: herri gisa autoestimua indartu eta sendotzen laguntzeko tresna izan nahi duen komunikabidea; egunerokoan jasaten dugun kutsadura ideologikoaren aurkako sendagaia. Menpekotasunean dirauen herri baten seme-alabak gara, eta egoera horrek ezinbestean eragina du bizitzako arlo guztietan. Munduko beste edozein herriren antzera, eguneroko berriak ikuspegi propio batetik lantzea ezinbestekotzat daukagu. Guztiok politikarekin ezinbestean dugun lotura kontuan hartuz eta askatasun egarriak bultzatuta, webgunean topatuko duzuen material oro independentziarantz zuzendutako begiradapean jorratzea dugu helburu. .