Ehun urte Mixel Labeguerie sortu zela

Bihar beteko dira ehun urte Mixel Labeguerie sortu zela. Kantagintzan, erabakigarria izan zen Mixel Labeguerieren ekarpena. Euskal Kantagintza Berriaren aitatzat jotzen da. Baina ez zen izan lehenengoa garai hartan gitarra batekin euskaraz kantatzen, askotan hori esaten den arren. Izan ere, Soroak taldea (Robles-Arangiz anaien eta Txabi Villaverderen taldea) bazebilen ordurako. 1960ko irailaren 1ean, Eskualtzaleen Biltzarra zela eta, taldeak kantaldi bat eman zuen Arboti-Zohotan (Nafarroa Beherean), eta Labegueriek zoriondu egin zituen kantaldia amaitu zenean. Iker Robles-Arangizen arabera, Labegueriek garai hartan ez zuen gitarra jotzen, pianoa baizik: “Geroago eman zituen gitarraz abestutako kantu mitiko haiek”. Batzuen iritziz, Soroak taldeak ekarri zuen Euskal Kantagintza Berriaren hasiera. Horra hor eztabaidarako eta ikertzaileentzako gaia.

Labegueriek bi disko baino ez zituen grabatu, zortzi kanta guztira, gitarra soilaren laguntzaz, baina erabakigarriak izan ziren. Aro berri bat zabaldu zen euskal kantagintzan. Hauek dira kantak: Bakearen urtxoa, Gudari euskaldunaren kantua, Aurtxo-aurtxoa eta Primaderako liliak lehen diskokoak, eta Astoa balaan, Gatua Pitxitxi, Ezkilaren kantua eta Gazteri berria bigarren diskokoak. Azken abesti hori Euskal Herriko gazteriaren himno bihurtu zen berehala. Kanta batzuen hitzak Piarres Larzabalek idatziak dira.

Beste kanta batzuk ere egin zituen, baina ez zituen grabatu. Besteak beste, Nafarra, oi nafarra eta Xorieri mintzo zen ezagunak. Beste euskal kantari batzuek grabatu dituzte; besteak beste, Eneko Labegueriek, Mixelen semeak, GUK taldean ibilitakoak. Aritzak taldeak, berriz, bi diskotan bildu zituen Mixel Labeguerieren kantak.

Hona hemen Gudari euskaldunaren kantua:

Zer duk nigarrez, zer duk hain ilhun,
eskualdun gudari?
Ator gurekin, phesta duk egun,
gaitezen liberti.

Ez, ez, ez naike alai izan ni
ez baita libro Euzkadi,
ez baita libro Euzkadi.
Ez, ez, ez naike alai izan ni
ez baita libro Euzkadi,
ez baita libro Euzkadi.

Lagunak hilak, gorputz lur pean,
edo desterruan…
Gu berritz hemen, bertzen menean,
preso gur’etxean…

Ez, ez, ez naike alai izan ni
ez baita libro Euzkadi,
ez baita libro Euzkadi.
Ez, ez, ez naike alai izan ni
ez baita libro Euzkadi,
ez baita libro Euzkadi.

Gauak goiz alba duela ondoko,
lagun, orhoitadi
luza gabe diuk bai libratuko
gur’Ama Euzkadi.

Bai, bai, bai alai izango naiz ni
libratu-eta Euzkadi,
libratu-eta Euzkadi.
Bai, bai, bai alai izango naiz ni
libratu-eta Euzkadi,
libratu-eta Euzkadi.

Pantxika Erramuzpe, Antxeta irratian, Mixel Labegueriez:

Print Friendly, PDF & Email
gureberriak
About gureberriak 383 Articles
Gure Berriak Euskal Herriaren independentziaren aldeko komunikabide bat duzue: herri gisa autoestimua indartu eta sendotzen laguntzeko tresna izan nahi duen komunikabidea; egunerokoan jasaten dugun kutsadura ideologikoaren aurkako sendagaia. Menpekotasunean dirauen herri baten seme-alabak gara, eta egoera horrek ezinbestean eragina du bizitzako arlo guztietan. Munduko beste edozein herriren antzera, eguneroko berriak ikuspegi propio batetik lantzea ezinbestekotzat daukagu. Guztiok politikarekin ezinbestean dugun lotura kontuan hartuz eta askatasun egarriak bultzatuta, webgunean topatuko duzuen material oro independentziarantz zuzendutako begiradapean jorratzea dugu helburu. .