HERRI BAT GARA. Aberri Egunean, gure banderak balkoietan

“Aita, zer da Euskadi? Eta Euskal Herria? Ezberdinak dira? Batzuetan, mapa txikiagoa erakusten digute, eta beste batzuetan, handiagoa. Galdera horiek egin dizkio Iratik bere aitari. Sei urte ditu eta, dagoeneko, nahastuta dabil; beste garai batzuetan ez genuen horrelakorik galdetzen etxean adin horrekin; oso argi genuen gure herria izendatzeko erabiltzen zirela biak ala biak.

Begira, Irati –erantzun dio aitak–, gu euskaldunak gara, Euskal Herriko herritarrak; Euskal Herria bat izan da beti, Euskadi edo Euskal Herria izenarekin. Baina orain hiru zatitan dago hautsita. Zatiketa hori gure aurka eta indarrez inposatu digute kanpotik. Orain, zati bati Euskadi deitzen diote; beste bati, Nafarroa, eta azkenari, Iparraldea. Ulertzen dut zure nahasmena: Euskal Herria aipatzen dute askotan, baina Euskadi deitzen dioten zatiari buruz ari dira etengabe.

Bai, aita, herri bakar bat garela diozu; baina, errealitatean, puska bakoitzak bere agintariak ditu: bi lehendakari eta iparraldeko elkargoaren presidente bat ditugu; inkestetako datuak, hauteskundeetako emaitzak, turismo gidak… guztiak adierazten du zatiturik gaudela. Horrela mintzatu zaio aitari Andoni, Iratiren 8 urteko anaia.

Entzun biok –esan zuen aitak–, Irati, badakit zuk 6 urte dituzula, baina neska argia zara eta ulertuko duzulakoan nago:

Gure herria aspaldi izan zen zapaldua. Ordutik hona ez da itzali askatasuna berreskuratzeko grina; oso garrantzitsua da helburu hori lortzeko aukeratzen den bidea zein den ondo aztertzea.

Euskal Herriaren egoera erreala zein den bi modutan azter daiteke: bata, egoera besterik gabe onartu, eta errealitatea hori dela eta askatasunerako bidea hortik abiatu behar dela erabakita, eta, bestea, egoera nork, nola eta zertarako ezarri duen aztertu eta, hori kontuan izanik, beste abiapuntu bat jarrita.

Ezin ditugu onartu, besterik gabe, jarri dizkiguten oztopoak (hiru lurralde, erritmo edo abiadura). Nekez lortuko dugu independentzia oztopo horiek gainditzen ez baditugu. Zatitu bagintuzten ere, guk bat izango bagina bezala jokatu behar dugu. Horrexek gerturatuko gaitu independentziara.

Datorren igandean, apirilaren 12an, Aberri Eguna ospatuko dugu, eta gure banderak zintzilikatuko ditugu Euskal Herriko balkoietan; herri bat garela erakutsiko diogu munduari.

Ondo ulertu zuten, bai, bi haurrek aitak esandakoa, eta entzundakoa ikastolako lagunei esango zietela erantzun zioten aitari.

 

Ane Miren Manterola, erretiratua.

Print Friendly, PDF & Email
gureberriak
About gureberriak 384 Articles
Gure Berriak Euskal Herriaren independentziaren aldeko komunikabide bat duzue: herri gisa autoestimua indartu eta sendotzen laguntzeko tresna izan nahi duen komunikabidea; egunerokoan jasaten dugun kutsadura ideologikoaren aurkako sendagaia. Menpekotasunean dirauen herri baten seme-alabak gara, eta egoera horrek ezinbestean eragina du bizitzako arlo guztietan. Munduko beste edozein herriren antzera, eguneroko berriak ikuspegi propio batetik lantzea ezinbestekotzat daukagu. Guztiok politikarekin ezinbestean dugun lotura kontuan hartuz eta askatasun egarriak bultzatuta, webgunean topatuko duzuen material oro independentziarantz zuzendutako begiradapean jorratzea dugu helburu. .