Eskola koloniala versus herriaren eskola

Hona hemen Ngugi wa Thiong’o Kenyako idazlearen Gerra garaiko ametsak liburu autobiografikotik ateratako zenbait pasarte, aipatzen den auziaren muina eta beste kontu asko euskaldunoi ezagunak egingo zaizkizuelakoan:

«Hirugarren mailako ikasturte erdialdean utzi nuen Kamandura [Ngugi wa Thiong’oren lehendabiziko eskola], Manguoko eskolara aldatzeko. Anaiaren gomendioari jarraituz hartutako erabakia izan zela uste nuen, baina hara zer sorpresa nirea (…) eskolaz aldatzen ari ziren ikasleen exodo baten parte nintzela jakin nuenean. Ez neukan guztiz argi zergatik ari ote nintzen mugitzen eskola batetik bestera; gerora, beste haurrei ikasi nien bi hitz misteriotsurekin zuela zerikusia hark guztiak: kirore eta karing’a. Inork ez zidan inoiz azaldu hitz haien esanahia, ez eta jatorria ere; baina, zalantzarik gabe, bazen zerbait haien atzean.

»Konpainia britainiarraren kontrolpean egotetik 1895ean estatu kolonial izatera pasatu zenean Kenya, misio protestante eta katoliko erromatarraren esku utzi zuen Estatuak hezkuntzaren ardura; Elizaren Misio Elkartearen gainera, besteak beste. Ondoren etorri ziren beste batzuk; Misio Ebanjelikoen Elkartea, esaterako. Inguruan nabarmenena Eliza Eskoziarraren Misio zen. (…) Beranduago, aldirietan zabaldu zituen misioak eskola berriak; Kamandurakoa, esaterako. Eskola horiek modernitatearen edo kiiriuaren eragin nabarmena zuten: hain beharrezkoa zen osasun arreta eskaintzen zuten eta, hori gutxi balitz bezala, egurra lantzeko eta nekazaritzako oinarrizko ezagutzak eskaintzen zituen, literatur hezkuntza apur bat ez ezik; baina, batez ere, proselitismoa zuten helburu. Norberaren kulturari uko egin, eta praktika eta balio berriak zenbaterainoko azkar, sakon eta gogotik barneratzen ziren, horrek neurtzen zuen konbertsioaren arrakasta. (…) Euren irakasle eta eragile guztiek agiri bat sinatu behar zuten, irmo zin eginez ez zutela inoiz neskatorik erdainduko, ez zirela inoiz garai hartan Afrikako elkarte politiko nabarmenena zen Kikuyu Central Association-eko kide egingo, ez zirela inoiz KCAko idazkari nagusi Jomo Kenyattaren jarraitzaile egingo eta ez zutela inolako alderdirekin bat egingo, ez bazen Gobernuak edo misioek eratutakoa.

(..)

»[Kirore hitza] adierazpena sinatu eta onartu zuten haiek izendatzeko modu peioratiboa bilakatu zen. Sinatu ez zutenek misio erakundeak utzi zituzten, eta sortzen ari zen Afrikako eskola independenteen mugimendura batu, ikasleak atzetik zituztela kasu gehienetan. John Owalok jarri zuen martxan Kenyan zabaldu ziren lehen eskola independenteetako bat, Nyanza aldean; Erdialdeko Probintziari dagokionez, 1925ean zabaldu zen oinarrizko hezkuntzako lehen eskola independentea, Githungurin, Musa Ndirangu merkatari arrakastatsuaren eta bertako lehen irakaslea izandako Wilson Gathururen eskutik; azken honek emandako lurretan eraiki zen, hain zuzen, eskola berria. Musa Ndiranguren bizi-filosofia bat zetorren Harry Thukuren politikekin, Marcus Garveyrekiko harremanek eraginda neurri batean; hark asmatutako Afrika afrikarrentzat esloganak ezin hobeto irudikatzen zuen burujabetzaren ikuspegia. Marcus Garveyk merkataritzan bilatu zuen independentzia; Ndiranguk, bestetik, burujabetzaren ideia praktikara eraman zuen, afrikarrek kudeatutako oinarrizko hezkuntzako eskola bat zabalduz. 1929ko adierazpenaren ondoren, beste hainbat eta hainbat eskola zabaldu zituzten tokian tokiko adinekoen eta irakasleen batzordeek. Bi elkarte sortu zituzten eskola berri horien garapena ikuskatzeko: Kikuyu Karing’a Hezkuntza Elkartea (KKEA ingelesezko siglez ezagunagoa), batetik; Kikuyu Eskola Independenteen Elkartea (KISA), bestetik (…). Tradizioaren nahiz erlijioaren ikuspegitik ortodoxia defendatzen zuten haiek karing’a deitzen zioten beren buruari.

»Kirore eta karing’a hitzekin bereizten genituen eskola batzuk besteetatik. Misio eskolei zegokien kirore hitza erabiltzen zen afrikarrei ezagutzak propio ukatzen zizkieten eskolez aritzeko; ezagutzak transmititu ordez, estatu koloniala defendatzeko hezten zituzten, zurgintzara, nekazaritzara eta oinarrizko literaturara soilik mugatuz hezkuntza afrikarra. (…) Kolono zurien komunitateak langile afrikar “abilak” behar zituen, ez afrikar buru ahaltsuak. Karing’a eta KISA eskolek, aldiz, jakintzaren gaineko muga guztiak erauzi nahi zituztela zirudien. Ingeles hizkuntzak ere, modernitatearen giltza izaki, piztu zuen eztabaidarik (…).

»Beraz, garai hartako hezkuntza-ereduen gerrak markatutako ohiturei jarraikiz, bazirudien Kamandurak [Ngugi wa Thiong’oren lehen eskola, Kirore eskola] ukatu egiten zigula modernitatera jauzi egiten lagunduko zigun hezkuntza mota hura. Manguok [Ngugi wa Thiong’oren ondorengo eskola, eskola karing’a], aldiz, asmo handiagoko ikasketa-plana ageri zuen, garai modernoetan sartuz gindoazen heinean (…).

»Hala, Kamanduratik (Kirore eskola batetik) Manguora (eskola karing’a batera) aldatzean, ni neu jaio aurretik zabaldutako amildegi historiko izugarri bat zeharkatzen ari nintzen; urte batzuen buruan, The River Between nire lehen eleberriaren bitartez saiatu nintzen ulertzen jauzi haren garrantziaren tamaina. Baina, une hartan, ez neukan buruan historia ulertzea, ez eta hura azaltzea ere; ikasteko ametsa egia bihurtzea baino ez, amari hitzeman nion gisan.

(…)

»Irakasle eta ikasleak erakartzeko lehian zebiltzan elkarren artean KISA eta KKEA eskolak, batetik, eta Estatuak eta misioak bultzaturiko Kirore eta Thirikari eskolak, bestetik. Lehia horretatik sortu zen Kenya Teachers’ College. Eskola independente afrikarrek halako loraldi bat bizi izan zuten arren 1929az geroztik, Gobernuaren eta misioaren eskoletan jarraitzen zuten trebatzen irakasle izango ziren haiek; haietan, gainera, ez zuten onartzen KISA edo KKEA eskoletan prestatutako irakaslerik. Misioaren eskoletatik irakasleak eurenganatzen jarraitu zuten eskola independenteek, izan zitzaketen hutsuneak trebatu gabekoekin betez. Edonola, KISA eta karing’a eskolak harro agertzen ziren Gobernuaren eta misioaren kontrolpetik at egoteagatik. Irakasleak trebatzeko baliabide propioak izateko beharrak bultzatu zuen, hain zuzen, Githunguriko Kenya Teachers’ College irakasle eskola zabaltzera, Musa Ndiranguk oinarrizko hezkuntzako lehen eskola independentea eraiki zuen toki hartan bertan. Jarraikortasuna sinbolizatzen zuen kokapenak.

»Mbiyu Koinange zen irakasleen eskola haren jaiotza eta eratzearen atzean zegoen buru pentsalaria (…). Urteen poderioz, eskola hura Kenyako Unibertsitate bilakatzea zuten amets sortzaileek; Kenya kolonialean inoiz martxan jarritako hezkuntza-proiekturik handiena izan nahi zuen. (…) Garveyren autogestioaren kontzeptuarekin bat egin zuen eskolak, eskola independenteen sorreran funtsezkoa izan zen kontzeptua.

(…)

»Hala, Githunguriko Kenya Teachers’ College denen harrotasunerako aitzakia bilakatu zen, garai hartako hainbat herri-kanta horren erakusle:

Githungurira iristen zarenean
afrikar jendearen goi eskola topatuko duzu.
Lau solairuko eraikina da,
goitik behera kenyarrek eraikia;
zuzendaria kenyarra da,
batzordekide guztiak dira kenyarrak
».

Baina debekatu zituzten afrikarrek sortutako eskolak.

«Karing’a eta KISA eskolen debekua —Githunguriko Kenya Teachers’ Collegerena, bereziki— eraso latza izan zen afrikarren burujabetza asmoarentzat, bai zentzu praktikoan bai eta zentzu psikologikoan ere; hainbeste lan egin zen haiek martxan jartzeko! Mbiyu Koinange gutxigatik libratu zen Kenyattarekin batera atxilotua izatetik, Ingalaterran baitzegoen une hartan, Kenyako Batasun Afrikarra ordezkatzen. Garai hartan izan ziren ehunka atxilotuen artean, asko ziren irakasle-eskolarekin zerikusia zuten lagunak. Jendearen astindu bortitzena eragingo zuena, ordea, ondoren etorri zen: estatu kolonialak presondegi-eremu bihurtu zituen irakasle-eskolaren lurrak eta eraikinak, kolonialismoarekiko erresistentzia defendatzen zuten haiek urkatzeko bertan.

»Negarrari eutsi ezinik zen Ngandi [adiskidea] albistea jakitean. Bere eskola kuttuna abertzaleak hiltzeko hiltegi bilakatua? (…).

»Karing’a eskola izanik, Manguoko eskola desagertu egin zela jakiteak berehalako eragina izan zuen nigan, ez nolanahikoa gainera. Ordura arte, hezkuntza modernoa ardatz zuten bi sistema paraleloren arteko lehia zen nagusi: Gobernuak eta misioek bultzatua lehena, eta afrikarrek martxan jarritako eskola independenteena bigarrena. Batetik bestera joateko aukera izan nuen nik. Orain zer, baina? Orain ez zegoen aukerarik. Ez nekien ezta Kamanduran berriro onartuko ote ninduten ere.

»Ez dakit zenbat iraun zuen ezjakintasun garai hark. Baina, hurrengo urtean, 1953an, jakitera eman zuten KISA eta karing’a eskola batzuk berriro zabalduko zituztela, Gobernuaren kontrolpean, hori bai. Batzuek uko egin zioten berriro irekitzeari, ez baitzeuden prest euren independentzia albo batera uzteko. Beste askok ez zuten beste aukerarik izan. Manguok, esaterako, men egin zion eskola berreraikitzeari, Gobernuak ezarritako Kiambuko Eskola Batzordearen kontrolpean. Agintari kolonialek zehaztu zuten ikasketa-programa.

»Berehala nabaritu ziren aldaketak. Manguo berrian ez zegoen musikaren eta antzezpenen arrastorik. Eskolarteko kirol-jaialdia oroimeneko kontua zen jada. Baita txaranga ere. Aurrerantzean, eskola ez zen izango komunitatearen festetarako bilgunea. Irakasle beteranoetako batzuk bota egin zituzten; Fred Mbugua, besteak beste. Stephen Thiro jarduneko zuzendari gisa mantendu zuten, Gobernuak aitortuta zeukan Kamugoko irakasle-eskolatik haren ordezkoa iritsi bitartean.

»Aldaketa sotilak egin zituzten hainbat irakasgaitan; Historian eta Ingelesean, besteak beste. Lehengo eskolan, Shaka, Cetshwayo eta beste errege afrikarren inguruan hitz egiten ziguten irakasleek, baita Hegoafrikan eta Kenyan zuriek egindako konkista eta kolonizazioez ere, zertxobait. Orain, ordea, esploratzaile zuriek hartzen zuten garrantzia: Livingstone, Stanley, Rebman eta Krapf. Modu positiboan hitz egiten ziguten misio kristauaren eratzeari buruz. Ikasi genuen jende zuriak Kenya Mendia eta gure lakuetako asko deskubritu zituela, Victoria lakua barne. Eskola zaharrean, gizon beltzen lurraldea zen Kenya; eskola berrian, aldiz, apenas jenderik bizi zen lurraldea —Hegoafrikaren antzera—, harik eta zuriak iritsi ziren arte inor bizi ez zen eremuetan bizitzera; are, Tigonin edo Limurun, afrikarrei lurrak hartu zizkietenean, ordaindu egin zieten haiei. Tribu arteko gerrak izan zirela ere azaltzen ziguten. Zuriek ekarri zituzten sendagaiak, aurrerabideak, bakea. Argi zegoen Gobernuak babestutako ikasketa-programari jarraitu besterik ez zutela egiten irakasleek, gero ikasleek haren araberako azterketak izango baitzituzten.

»Doran jauna —edo antzeko zerbait— deituriko ikuskatzaile europar bat eskolaz eskola joaten hasi zen, programa betetzen zela ziurtatzeko. Abisatu gabe agertzen zen sarritan, eta, eskola batera iristen zenean, bertako irakasleak beregana korrika joan eta ohore egin ziezaioten espero izaten zuen.

(…)

»Manguoko eskola berrian, ingelesak modernotasunaren ikur izaten jarraitzen zuen. Hala ere, Manguoren garai karing’a-n ingelesak eta gikuyuak pisu bera bazuten ere, gikuyua erabiltzea gaizki ikusia zegoen orain. Laster hasi ziren bertako hizkuntzak erabiltzeagatik haurrak zigortzen, zigor fisikoetara iritsiz zenbaitetan. Metalezko xafla bat ematen zion irakasleak hizkuntza afrikarren bat hitz egiten harrapatzen zuen lehenari, eta eskuz esku pasatzen zen errudunaren xafla hori, arau hori hautsi ahala haurrek. Egun osoa irauten zuen hark, eta, egunaren amaieran, xafla zuenak jasotzen zuen zigorrada. Batzuetan esaldi iraingarriak zeuden xaflan idatzita, “dei nazazue tentel” edo antzekoak. Odoletan ere ikusi nituen zenbait haur, irakasleen zartatekoen ondorioz (…)».

Gerra garaiko ametsak liburuaren itzultzailea: Olatz Prat Aizpuru

Teo Etxeberria.

 

Print Friendly, PDF & Email
gureberriak
About gureberriak 384 Articles
Gure Berriak Euskal Herriaren independentziaren aldeko komunikabide bat duzue: herri gisa autoestimua indartu eta sendotzen laguntzeko tresna izan nahi duen komunikabidea; egunerokoan jasaten dugun kutsadura ideologikoaren aurkako sendagaia. Menpekotasunean dirauen herri baten seme-alabak gara, eta egoera horrek ezinbestean eragina du bizitzako arlo guztietan. Munduko beste edozein herriren antzera, eguneroko berriak ikuspegi propio batetik lantzea ezinbestekotzat daukagu. Guztiok politikarekin ezinbestean dugun lotura kontuan hartuz eta askatasun egarriak bultzatuta, webgunean topatuko duzuen material oro independentziarantz zuzendutako begiradapean jorratzea dugu helburu. .