EPPUR SI MUOVE

Azken urteetan Euskal Herrian aro berri bati hasiera eman zaiola entzun dugu maiz kalean eta komunikabideetan. Euskal gizarteak orokorrean horrela sentitzen duela esan genezake. “Biolentziarik gabe dena da posible” mezuak eragin handia izan du aro berri batean murgildu garela sinetsarazi eta sentiarazteko. Baina, ikuspegi nazional edota independentista batetik, benetan hasi al dugu aro berri bat Euskal Herrian? Eta, zentzu horretan, zer aldatu da azken hamarkadan? Nola gerturatzen gaitu independentziara aldaketa horrek?

Guztiz kontrakoa. Nazio eraikuntza itsaso zabalean dagoen eta iparrorratza galdu duen belaontzi baten moduan ikusten dut; haizeak nondik jo, indarrak metatu eta norabide horretan mugitzen gara, berriz ere itsasoan galtzeko. Lurra aurkitu nahi dugu, independentzia nahi dugu, baina ez dakigu non dagoen. Momentu jakin batzuetan indar erakustaldiak egin arren, ez dugu norabidearekin asmatzen… Zergatik, baina? Independentziarako bidean jarriko gaituen estrategia nazional baten falta dugulako. Horren ordez, gure arteko liskarretan murgiltzen gara, alderdikeria zabalduz abertzaleon artean eta benetako arazoa zein den ahaztuz; okupatutako herria garela, alegia. Espainiako eta Frantziako estatuek euskaldunon esku (baina beren menpe) utzitako botere politiko urria kontrolatzeko borrokak itsutu gaitu. Berritu nahi dugun autonomia estatutu hori da, hain zuzen, Espainiarekiko daukagun menpekotasun kontratua. Iparraldean menpekoak gara inolako baldintzarik gabe, musu truk. Bi estatuen konstituzio eta legedien barnean Euskal Herriak independentzia lortzeko aukerak dituela pentsatzeak guztiz kolonizatuak gaudela adierazten du, uste dugun eta aldarrikatzen dugun baino kolonizatuagoak.

Eppur si muove (hala ere, mugitzen da) Galileok Inkisizio Santuaren tribunalaren aurrean heliozentrismoa babesteko esan zuen esaldi hipotetikoa da. Euskal Herria, aipatutako belaontzia bada, egoera kaskarrean eta noraezean dabil, baina badabil, mugitzen da. Falta zaiguna mugimendu hori norabide eta norantza egokian jartzea litzateke. Ez da lan makala aurretik duguna.

 

Ion Izagirre.

Print Friendly, PDF & Email
gureberriak
About gureberriak 383 Articles
Gure Berriak Euskal Herriaren independentziaren aldeko komunikabide bat duzue: herri gisa autoestimua indartu eta sendotzen laguntzeko tresna izan nahi duen komunikabidea; egunerokoan jasaten dugun kutsadura ideologikoaren aurkako sendagaia. Menpekotasunean dirauen herri baten seme-alabak gara, eta egoera horrek ezinbestean eragina du bizitzako arlo guztietan. Munduko beste edozein herriren antzera, eguneroko berriak ikuspegi propio batetik lantzea ezinbestekotzat daukagu. Guztiok politikarekin ezinbestean dugun lotura kontuan hartuz eta askatasun egarriak bultzatuta, webgunean topatuko duzuen material oro independentziarantz zuzendutako begiradapean jorratzea dugu helburu. .